Gai berriak mahai gainean, bigarren zatian

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 8a, 01:00

Bi zatitan banatu ohi du Ber­dintasun Sailak Jabetze Es­kolen ikasturtea, eta aste honetan emango zaio hasiera bigarren zaitiari, 2018ko uda­berriari dagokionari. Dagoe­neko bidali dute etxeetara seihileko honetako  eskaintza, eta tartean, gai berriak aur­kitu ahal izango dituzte her­naniarrek.
Horietako bat da Adimen emozionala eta jabetzea deri­tzona, ostiral honetan hasiko dena. Pepa Bojó Ballesterren eskutik landuko da gaia: «az­ken batean, emozioen kudea­keta gure ahalduntzerako tres­na bat da, harreman pa­rekideak garatze bidean», azaldu dute.
16 orduko ikastaroa izango da hau, ostiralero eta mar­txo­aren 2ra arte burutuko dena. Biteri kultur etxean izango da, 17:30etatik 19:30etara, eta 16 euroko kostua izango du.
Ez da, ordea, hil honetan hasiko den tailer berri ba­ka­rra; hilaren bukaeran, 30ean hain zuzen, hasiko da baita ere Konfiantza indartzeko bidea II: Norbere ardatzetik jarduteko estrategiak landuko dituena. Hiru saioko tailerra izango da, Arantxa Erasun Urtzelaietaren eskutik.
Urte osoko ikastaroak ere, martxan jarriko dira berriro ere, oporren bueltan. Dena den, hauetan ere, izena eman daitekeela adierazi dute.
Horietan guztietan izena ema­­teko bidea bera da; Ber­din­­tasun Sailarekin jarri behar da harremanetan: 943 33 70 17 edo berdintasuna@hernani.eus.

EMAKUMEENTZAKO JABETZE ESKOLA. 2018ko udaberria

- Emakumeak, janaria eta emozioak. Janariarekin harreman gatazkatsua duten emakumeentzako gunea, jatearen bulkadari eustea oztopatzen diguten emozioen gainean kontzientzia hartu eta horiei erantzuna emateko. Esther Eiza­girre Telleriaren eskutik. Astear­tee­tan, otsailaren 6tik apirilaren 24ra bitarte. 18:00etatik 20:00etara, Plaza Feministan. 20 euro. Gaztelaniaz.

- Adimen emozionala eta jabetzea. Tailer honetan, emozioen inguruan jardungo gara; gure bizitzetan hain garran­tzitsuak diren emozioak ezagutu, ulertu eta kudeatzeko helburuaz. Irakaslea: Pepa Bojó Ballester. Ostiraletan, urtarrilaren 12tik martxoaren 2ra bitarte, arra­tsaldeko 17:30etatik 19:30etara Biteri kultur etxean. 16 euro. Gaztelaniaz.

- Ziklikoki bizitzen: hilekoaren inguruko tailerra. Hutsune haundia dago emakumezkoen gorputzen jakintzaren inguruan eta baita hilekoaren inguruan ere. Tabua, lotsa, beldurra, mina, etab. dira hilekoarekin lotzen diren hainbat kontzeptu. Aldiz, ez diogu nahiko arreta jartzen gure gorputzak bizitzen dituen aldaketei. Tailer honetan, hilekoaren ziklo osoa eta haren faseak azalduko dira, norberaren auto behaketatik eta bizipenetatik hasita. Enara Iruretagoienaren eskutik. Otsailaren 23an, 17:30etatik 19:30etara, Plaza Feministan. Doan. Euskeraz.

- Leokatik begirada. Labaderoak emankumeen konfidentzien bilgune izan dira urte luzetan, baita Leokakoa ere. Euren arteko solasaldiei esker eramangarriagoa egiten zitzaien ospelez betetako esku latzak ur izoztuan bustitzea: zenbat ezagutu gabeko istorio Leokako uretan itota? Irakaslea: Miren Gojenola Arriaga. Astearte hauetan: otsailak 20; martxoak 6 eta 20; apirilak 10 eta 24; maiatzak 8 eta 22; ekainak 5 eta 19. Arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, Biterin. Euskeraz. 13,50 euro.

- Eskalada tailerra. Eskaladan, beste hainbat kiroletan gertatzen den modu­an, emakumeen parte-hartzea txikia da; eta praktikatzeko garaian gizonezkoen laguntza edo dependentzia agerikoa da kasu gehienetan. Tailer honetan kirol eskaladaren hastapenerako oinarriak emango dira. Irakasleak: Patri Espinar Labian eta Arantxa Arrieta Garces. Osti­ral hauetan: maiatzak 11, 18 eta 25, eta ekainak 1, 8 eta 15. Arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Euskeraz. 18 euro.

- Konfiantza indartzeko bidea II: norbere ardatzetik jarduteko estrategiak. Besteen begiradaren arabera mugiarazten gaitu konfiantza faltak geure bizitzako eremuetan. Geure gaitasunak, ahalmenak eta nahiak ezagutuz, geure burua onartuz eta garapenerako bideak jarriz, barne konfiantzaren sustraiak sendotzen ditugu. Talde konfiantza giroan, konfiantza pertsonala elikatzeko. Irakas­lea: Arantxa Erasun Urtzelaieta. Astearte hauetan: urtarrilak 30, eta otsailak 6 eta 13. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Biterin. 6 euro. Euskeraz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!