Beste sari bat lortu berri du Iñigo Legorburuk. Oraingoan, bigarren saria irabazi du, Areago. Istorioak belarrietara kontakizunak 2 ipuin lehiaketan, Ezberdintasunean, berdintsu lanarekin.
Ipuin hori eta beste hainbat bildu dituzte liburu batean, eta liburuaren hiru ale zozketatuko dituzte Doberak eta Kronikak, bazkideen eta irakurleen artean.
Mitologia eta umeentzako ipuinak, uztartzen
Lehiaketaren helburua da, mitologia eta umeentzako ipuinak uztartzea.
Legorburuk, Ezberdintasunean, berdintsu lanean «aniztasunaren aldeko aldarri sendoa» egiten du. «Izaki eta landareak izena nola galtzen ari diren ikusten ari gara. Orain dena da orokorra, izan txoria, lorea edo harria. Harriak, adibidez, Dolmenak, Kromletxak, Jentil baratzak eta abar, ez dira harri soilak. Eta berdin beste guztiarekin», azaldu du.
Aurreneko saritua, berriz, Eztizen Agirresarobe izan da, Amonaren urrezko orrazia lanarekin. Ipuin horiekin biekin, eta beste idazle eta ilustratzaile batzuen lanekin, liburu bat argitaratu dute antolatzaileek.
Dobera-Kronikako bazkide eta irakurleentzat, zozketa
Hain zuzen, liburu horren hiru ale oparitu dizkio Iñigo Legorburuk Dobera Euskara Elkarteari, elkarteko bazkideen eta Kronikako irakurleen artean zozketatzeko.
Bat, bazkideen artean zozketatuko da; eta beste biak, albiste honi www.kronika.eus webgunean iruzkina egiten diotenen eta Kronikara etorrita izena ematen dutenen artean. Zozketak ostiralean, abenduaren 29an egingo dira.