%6ko igoera, 2018ko aurrekontuetan

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 21a, 01:00

Datorren urterako aurre­kon­tuak onartu zituzten behin behinean astearteko ez ohiko Plenoan, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin eta OHren absten­tzioarekin. GAOn eta udaletxeko iragarki taulan ar­gitaratu eta 15 eguneko epea izango da erreklamazioak egiteko, behin betiko onartu au­rre­tik.
Horrez gain, aho batez onar­tu ziren aurreko akta, Ezi­agoko azterketaren behin be­tiko onarpena, eta Beterri-Bu­runtzako Elkarlan Sorgu­ne­en Programaren funtzionamendu araudia. Luis In­txaus­pe alkateak azaldu zuen ekin­tzaile desberdinek beren pro­iek­tuak garatzeko espazioa da­goela bertan, eta funtzoinamendua arautzeko langile bat kontratatu dela, gerora Be­te­rri-Buruntzan sortu daitezkeen guneetan aplikagarri izan­go litzatekeena.

33.394.094 euro, 2018ko aurrekonturako
Azkenerako utzi zuten 2018ko aurrekontuari dagokion puntua. Intxauspek azaldu zuen PSErekin eta OHrekin bildu dela, haien kezkak eta zalan­tzak argitu eta proposamenak jasotzeko, eta EAJri ere «lanketa egitea proposatu arren, EAJk biltzeko asmorik ez» zue­la adierazi ziela. Beraz, aurrekontua onartu zuten EH Bil­duren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin, osoko  zuzenketak egin dituztelako, eta OHren abstentzioarekin. OHko Jaione Aristregik azaldu zuen abstenitu egiten zirela, «aurrekontuak nahiko sozialak eta jasangarriak» izan arren, «Udal Taldean konfiantza galdu» dutelako; «iaz ere negoziatu genituen proposamenak, eta abendura arte ez dugu jakin zertan ziren».
Guztira, %6ko igoera onartu zen 2018ko aurrekontuetarako: 33.394.094,00 euro. Ho­rie­tatik, 27.427.709 euro izango dira Hernaniko Udalerako; 8.104.217 euro Udaleko Zerbitzu Sozialetarako; eta 377.889 euro Ereñotzuko Auzo Udalerako.

Biterin berrikuntzak, gizarte langile berria edo Fagollagako zentralaren erosketa, proposamenetan
Aurrekontuak «Gobernu Talde honen 3garrenak» direla azaldu zuen Intxauspek, eta «hiru ardatz» dituztela: «hernaniarren bizimodua hobetu, zerbi­tzuen kalitatea hobetu eta herriaren garapen jasangarria bermatu». Isa Sanchez Oga­sun zinegotziak diru kontuen azalpen zehatzagoak eman zituen, eta arlo bakoitzeko zinegotziak azaldu zituen aurreikusi diren proposamenetako batzuk.
Euskara eta Kultura arloan azpimarratu ziren, besteak beste, taldeentzako dirulaguntzen igoera, Biteriko aforoa haunditu eta akustika hobe­tzeko obrak, eta Musika eta Dantza gune bat sortzeko ideia; Zerbitzu Sozialetan, gi­zarte langile bat gehiago kontrata­tzea; Hezkuntzan, Baso Eskola martxan jartzea; Kiroletan, obrak eskaintzen di­tu­en baliabideak aprobetxatzea; Lanki­detzan, dirulaguntzak igo­tzea; Berdintasun eta Gaz­te­­ria arloetan, Emakume etxea, eta gazteentzako es­kain­tza manten­tzea; Ingurugiroan, azterketak egitea lurzoruaren kutsaduraren eta aire kalitatearen inguruan, Fagollagako zentrala erostea edota enpresei gaikako hondakin bilketa zerbitzua ematea; eta Azpiegitura Infor­matikoei dagokienez, sare libre eta askeen alde egin eta lizen­tzietan aurreztea.

Aurrerago, zehaztapenak
2018ko Udal Aurrekontuen datu zehatzak eta alderdien balorazioak argitaratuko ditu Kronikak, datozen egunetako erreportaje landuagoan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!