Zortziko, puntu eta kartzela, txarrik bat bera ere ez zela!

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 18a, 01:00

Ezin esan oraingoan umorerik izan ez zenik. Ederki gozatu zuten bertsozaleek goizean, zortziko haundian, txikian edota puntuka finalistek izandako ateraldiekin.
Zortziko haundian, adibi­dez, kirolari profesionalaren paperean aritu ziren, Lujanbio eta Agirre, publizitatea egitea­ren alde eta kontra. Azken bertsoak hauek, Maialen hasi eta Unaik erantzun:

Nahikoa diru badezu behintzat
hortan etzera labaintzen.
Nik hala ere segitu nahi det
banku kontuak bikaintzen.
Ta hor azaltzen naiz kremekin edo txanpuaz ilea zaintzen,
futbolarioi ez digute ta,
pentsatzearren ordaintzen.

Berak zipitzik ez du pentsatzen
gogorra izan da gero,
nere burmuinak kontu honekin
orain daude bero-bero.
Bana sekula saldu ez naizenik
ere etzazu espero
sagarduana igual ingo det
Unaik eskatu ezkero.

Zortziko txikian ere umor­e–tik segi zuen Lujanbiok,  Elor­tza­rekin; bizilagunen pape­rean. Hauek tarteko bertsoak, Elortzarekin hasita:

Batzuentzat bizitza,
bero ta maitasun.
Besteontzako berriz, 
sasi eta asun.
Sexua suerte dela,
hala dizut entzun,
ta antza dena zeuri
tokatu zitzaizun.
Izan ere zu zaude
hain muker ta erkin,
ez dezu ligatuko 
jarrera horrekin.
Baina bart zure kabuz
ahal zenuen ekin
gure etxeko efektu
espezialekin.

Logure nintzen baina
belarriak arin,
alboan bazen zenbait
sexu joko gordin.
Diozu nik gozatu 
nezakela berdin
ta zeñek esan dizu
enuela egin.

Tankeratsu aritu ziren,  umoretik, Unai Agirre eta Aitor Sarriegi, bideo kontsolarekin borrokan dabiltzan aita-seme­en paperean. Eta baita ere Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina; maleteroan zeramaz­ki­en hezurren bueltan koloreak gorritu arazi zizkion Colina arkeologak, Mendiluze guar­dia zibilari.

Bakarka, hunkitzea helburu
Goizeko kartzelakoan eman zi­o­ten buelta giroari, eta iritsi zi­ren bertso hunkigarriak. Gaia: Ate­tik sartu zarenean, ixildu egin dira denak. Maialen Lu­jan­bioren bigarren bertsoa, hauxe:

Jada ez dira ez larogeiak
baina neri errepara;
azala zimel, kolore zuri,
ai! inork ez nau anpara.
Badakizue ze hauts horizta
sartu ohi den zainetara,
haren bila ta harekin beti
berdintsu zein eratara.
Hainbeste oker egin dutenen
hau jakina ez al da ba,
burua makur, ta lotsaz gorri
jo dut etxeko aldaba,
amari hainbeste gauza lapurtu
nizkion lehen eta hara,
zure pitxirik ez dakart baina
hemen da zure alaba.

Beñat Gaztelumendik ere erakutsi zuen, bakarkakoan ederki moldatzen dela: 

Azala beltzarana,
urteak dauzkat hamabi.
Behin bisita egin nien
aitari eta amari.
Euskaraz ikasi nuen,
futbolean enaiz nagi,
diferentea naizela
zuei dizuet nabari.
Gu soilik umeak gara,
gure hezur ta haragi,
norbera bere etxekoa
gaur igualak ez gara bi.
Zuei begira jarrita,
badauzkat duda ugari
ez ote zareten zuen
beldurrak gordetzen ari.

Eta goiza borobildu zuten Unai Agirrek Puigdemonten pape­rean, eta Men­diluzek hona­koarekin:

Hogeita laua Gabon gaua da
hala izaten da urtero,
zazpi urtetan ez naiz etorri
egina egina bego.
Aurten ausartu naiz edo,
sabela urduri, bero,
ta etxean sartu ta gero
anai-arrebak denak ixilik
bertan agertu ezkero,
gonbidapena egin bai baina
ez ninduzuen espero.

Gorakada, arratsaldean
Bazkalondorenean indartuta-edo, are gorago egin zuen mai­lak. Elortza eta Gaztelu­men­di hasi ziren sei puntuko mo­­tze­an. Medikuntza ikas­ki­de­en pape­­rean, eutanasia le­po­ra­tu­ta inhabilitatutako ira­kas­le­a­ren aldeko sindaurak bil­tzeko arra­­zoiak eman zituen Añorgarrak:

Ikaskide ilustrea,
ikasgaiari lustrea,
elkartasuna zuretzat al da
gutxi ikustea?
Ez al da etika haustea
hori da nere ustea,
ezin bizirik dagoenari
hiltzen ez uztea.

Buruz burukoa
Askok kinielak asmatu zituz­ten, eta Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze pasa ziren buruz burukora. Are gehiago igo zuten maila, eta ikus-entzuleak gozatua hartzen ari zirela nabari zen txalo za­pa­rra­den oihartzunean.
Gaia hauxe zuten: ‘Bada or­du edi, auto bat atzetik duzula’. Men­diluze «susmagarri izate­ra ohitu» denaren paperean sartu zen. Horrela bukatu zuen bigarren bertsoa:

herrigintzatik eraikitzeko
ahaleginean nabil bai.
Agian hori da arazoa,
ez dute eraikitzerik nahi
.

Lujanbio, berriz, bezero baten kotxean, ertzainen­gan­dik ihesi dabilen prostitutaren paperean sartu zen.

Miribillako rotondan
errekarriz errekarri
bezelaxe egin ditut
mila buelta errukarri.
Geratzen dira kotxeak
ta gu begira elkarri,
beraiek ‘etorri’ esan,
ta guk ‘dirua ekarri’.
Nahi bezelako bezero
atseginik ez da sarri,
ta askotan gixan orain
autoan estu ta larri,
ertzain auto bat atzetik 
eta sirenak aldarri,
baietz bera libre utzi 
ta neri isuna jarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!