Mendiriz mendi
Pirinioetako bidea den GR-11 bidearen hirugarren etapa honen luzera ez da oso handia eta igoera nahiko modu progresiboan egiten denez mendian ohituta dauden guztientzat aproposa dela esan daiteke. Seinaleztapena ona da, baina lainoarekin etaparen goiko aldean orientatzeko arazoak egon daitezke. Herri batean ez denez amaitzen, derrigorrez kotxe edo autobus baten beharra duen etapa da.
Gauza interesgarriak
Kintoko oihana Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen pagadia da. Baztan, Erro, Esteribar eta Aldude ibarrek gune natural honen jabetza partekatzen dute. Nafarroako baso zabalenetako bat da. Adi mendia buru duela, paraje zabal honek bazter paregabeak gordetzen ditu. Historia handiko lekua da. Ohian honen izena Erdi Arotik datorkigu. Erdi Aroan Nafarroako erregeari basoek eta larreek emandako ekoizpenetik bostena ordaintzen zitzaion zerga bezala. Hortik datorkio Kintoa izena oihanari.
Bazter honetako aberastasun naturala animalien eta landareen aniztasuna da. Animalia espezie guztien artean, Kintoko zeruan nagusi dira usoak, belatz handiak eta sai arreak. Lurrean, ordea, oreinak, orkatzak eta basurdeak nagusitzen dira. Udara amaieran eta udazkenaren hasieran oreinek marru-aldia izaten dute eta basoa soinuz betetzen da.
Kintoko beste ezaugarrienetako bat da bere ur gardeneko iturburu eta ibai ugariak dira. Ibai horiek Eugiko urtegia hornitzen dute eta honek Iruña. Urtegi horren hondoan daude Eugiko garai bateko arma fabrikako hondakinak.
Halere, Orbaitzetakoa baino modernoago den beste baten hondakinak Kintoko basoaren bihotz-bihotzean aurkitzen dira. Ola hori XVI. mendean eraiki zuten eta kanoietarako balak eta tamaina txikiko armak ekoizten zituen. Mende bat geroago, bere baliabideak agortu zituenean, ateak itxi zituen. Orduan Orbaitzetakoa eraiki zuten. Gaur egun, garai hartako lekuko mutu gisa, horma eta arku batzuk besterik ez dira geratzen..
Ibilbidearen deskribapena
Santiago elizaren inguruan aurkituko ditugu lehen marka gorri-zuriak. Asfaltatutako pista batetik hasten da bidea, baina berehala pista utzi eta bere eskuinean dagoen bidezidor batetik egin behar da gora. Borda baten parean berriro pistarekin aurkitzen gara. Eskuinean geratzen den bidezidorretik jarraitu behar da. Zertxobait aurrerago iturria aurkituko dugu. Aurrerago bideak gogor egiten du gora. Pista zeharkatu eta pagadi barrutik Urkitza gailurraren ekialdeko magaletik Urbillo leporaino igotzen jarraitu behar da Larrabeltzeko Haitzak eta Alba gailurren artean dagoen lepo honetan iturria, mahaiak eta sua egiteko tokia aurkituko ditugu.
Bertatik, bidetik zertxobait desbideratuz, Alba igotzeko aukera dago. Etapako desnibela apur bat gehitzen da, baina luzeran zertxobait laburragoa egiten da eta, egun argiarekin, gailurretik bistak zoragarriak dira.
Alba igotzeko asmorik ez bada, bere ipar aldetik inguratu eta Hargibel lepora hurbildu behar da. Bertan izen bereko mairu-baratza dago. Hesiari jarraituz hego aldera egin behar da. Bideak hezegune bat duen lepora jaisten gaitu. Bertan borda bat aurkituko dugu, mahaia eta iturriarekin.
Bideak berriro gora egiten du Lohiluzeko leporaino. Ondoren, ia altuera galdu gabe, Argintzu eta Iparraldeko Kaskoa gailurren azpitik, eki aldetik, igaroko gara eta Buztanberroko lepora iritsi. Artsal gailurra bere eki aldetik inguratu eta Zaguako lepora jaitsi behar da. Hemen norabidez aldatu eta ezkerrera, ipar aldera, egin behar da eta Urkiaga lepora jaisten hasi. Pagadi batean sartzen da bidea eta ordu laurden batean bidearen amaiera den Urkiaga mendatean izango gara.
Datu interesgarriak
GR-11ren HIRUGARREN ETAPA:
ELIZONDO-URKIAGAKO MENDATEA
-Non kokatzen da: Nafarroa Garaian Iparraldean.
-Luzera: 18 km
-Denbora: 6 ordu
-Desnibel metatua: 1.100m gorantz eta 350 m beherantz.
-Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
-Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
-Mendiriz Mendik: Urtarrilaren 14an egingo du irteera hau.