«Gizon askoren bizitzaz badakigu, baina emakumeen errealitatea ez da inoiz publiko egiten»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 9a, 01:00

Aurkezpen ekitaldia urri ha­si­e­ran egin zuten; ‘Emakume har­tu hitza eta ekintza. Plazara goa­zen!’ lelopean, herriko ema­­­­kumeak elkartu eta «plazak hartzeko» hainbat ekimen prestatu ditu Hernaniko emakume talde batek.
Horietako aurrenekoa, pasa den azaroaren 30ean egindako mahai-ingurua izan zen. «Hel­burua da historiako parte di­ren, ibilbidea izan duten emakumeak publiko egitea. Dauz­kagun erreferente guztiak mu­tilak dira. Orain ere, zerbait pu­blikoa antolatzean, mutilengana jotzen dugu», azaldu dute Kattalin Artola Vazquez eta Amalia Elorza Izagirre, emakume talde honetako bi kidek.
Bospasei lagun elkartzen dira ia astero, 18 eta 55 urte bitartekoak, eta hainbat helbururekin hasi dira lanean. «Emakume gehiago gonbidatu nahi ditugu, erreferentzialtasun horiek sortzeko, esperien­tziak kontatzeko, eta transmisioa lantzeko».

Konpromisoa zer den,
emakumeen begiradatik

Helburu horiek lortzeko antolatutako aurreneko ekintza, pasa den azaroan egindako mahai-ingurua izan zen. Kon­promisoa emakumeen begiradatik izenburupean, hiru emakume ekintzaile eta borrokalari gonbidatu zituzten beren esperientziak kon­tatzera: Be­go­ña Huarte, Lur­des Men­di­nueta eta Aminata Diop.
«Konpromisoaz ari  garenean, ez gara ari bakarrik konpromiso politikoaz edo borrokari lotutakoaz. Beraien bizi­tza, emakumeen bizitza ere kontatzeko istorioak dira. Gi­zon askoren bizitzaz badakigu, baina emakumeen errealitatea ez da inoiz publiko egiten. Beraz, ezin da transmititu, ez delako jakintza hori publiko bihurtu».
Eduardo Galeanoren hitzak ekarri zituzten gogora, azaltzeko zergatik eman nahi zen ezagu­tzera emakume horien bizitza, konpromisoa zer den ulertzeko: «Gure baloreak ideie­tan soilik oinarritzen ba­dira, ez dute hegaldi luzea. Kon­pro­mi­soa biszerala da, edo ez da. Kon­promiso politikoa soilik politikoa bada, ez du gauza haunditarako balio. Kon­­promisoak bizitzarekin du zerikusia, eta besteekiko eta norberarekiko harremanarekin. Beraz, sentitu, pentsatu eta ekin».

«Informazioa helaraztera gerturatzea ere eskertuko genuke, errelatoa osatu ahal izateko»

«Esperientzietatik ondorioak atera ditugu»
Begoña Huarte ibilbide luzeko ekintzailea bada ere, bereziki ezagun egin da Grezian dauden errefuxiatuak laguntzeko egindako lanagatik. Lurdes Mendi­nue­tak, berriz, Errefuxiatuen Kartaren inguruan egin du lan, be­reziki, azken urteeetan, hartutako konpromisoari eutsita urteetan errefuxiatuta atzerri­an bizi ondoren. Ami­nata Diop Senegaldik etorri zen Euro­pa­ra, eta Euskal Herrira. Bere he­rrian emakumeekin egiten zu­en lan, eta egun, Amher elkartean aritzen da.
«Emakume izatea traba bada, eta gizarte indibidualista ho­­netan konpromisoak bete­tzeko gero eta arazo gehiago ba­daude, zailtasuna, kasu haue­tan, bikoitza da», azaldu dute Artolak eta Elorzak. «Ez gaude ohituta horrelako ma­hai-inguruetara, norberaren bizitzari buruz ari­tzera. Baina errazagoa da; esperientzietatik ondorioak atera ditugu. Ez zen jakintza absolutuen inguruko mahai-ingurua. Jende gehiago ausartu zen parte hartzera, esperientziez ari ginelako, eta horrelakoak denok dauzkagulako. Denok dauzkagu puntu komunak, eta hortik, eta pun­tu ezberdinetatik ondorioak atera ditzakegu. Hortik jakin­tza ateratzea oso interesgarria da, eta eskertu egin digute horrelako zerbait antolatzea. Baita guk ere, esperientzia per­tsonal horiek kontatu izana».

«Belaunaldi desberdinen arteko transmisioan hutsunea badago, eta are gehiago, emakumezkoetan»

Transmisioa, beste giltzarria
Urtarrila eta martxoa bitartean bestelako ekintza gehiago ere antolatuko dituztela azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. «Batetik, aitortza egin nahi diegu oro har emakume askori, izan duten bizitzagatik. Gogora ekarri nahi ditugu ahaztuta egon diren emakumeak, eta era berean, baita ere, aitortza egin nahi diegu haien berri sekula jakin ezin izango dugun emakumeei ere».
Horretarako, batetik, mo­men­tuko gaiekin lotutako ekitaldiak antolatuko dituzte; adibidez, Martxoak 8arekin.
Baina bestelako formak hartuko dituzte ekitaldiak an­tolatzeko ere asmoa azaldu dute, bereziki, jakintzaren trans­misioa sustatu eta zabal­tzeko. «Emakume gehiago gon­bidatu nahi ditugu, erreferentzialtasun horiek sortzeko, esperien­tziak kontatzeko, eta transmisioa lantzeko. Be­lau­nal­­di ezberdinen arteko transmisioan hutsunea badago, eta are gehiago, emakumezkoetan. Belaunaldi ezberdinen ar­teko emakumeen arteko trans­misioaren inguruko haus­nar­keta ere egin nahi dugu».

«Guretzat aurreneko aldia da espazio iraunkor bat konpartitzen duguna, emakume helduekin; oso interesgarria da»

«Hernanin oinarria badago»
Talde hau lanean hasi denean, Hernaniri begira hasi da. Izan ere, oinarri bat badagoela uste dute. «Ez dugu inguruko he­rrietan horrelako esperientziarik ezagutzen. Hernanin lan instituzional asko egin da. Oi­narria badago, jendeak badauka ikuspuntu hori, memoria berreskuratzearena. Eta horrekin lotuta, Berdintasun Sailak ere lan haundia egiten du».
Horrelaxe, 18 eta 55 urte bi­tarteko bospasei emakume biltzen dira astero; Artola eta Elor­za dira gazteenak. «Gu­re­tzat aurreneko aldia da espazio iraun­kor bat konpartitzen du­gu­na, emakume helduekin; des­ber­din­ta­sunak ikusten di­tugu, eta nabari dira. Ez gaude ohituta, baina oso interesgarria da!».
Taldea oraingoz txikia dela badakite, «baina sarea oso za­baldua daukagu», diote. «Ingu­rukoek badakite zertan gabil­tzan, eta badakite ateak irekita dauzkagula». Hain zuzen, asteroko bileretan parte hartzera animatzen ez direnei ere, dei egiten diete, haiek dakitena konpartitzera gerturatzeko. «In­for­ma­zioa helaraztera gertura­tzea ere eskertuko genuke, erre­latoa osatu ahal izateko. Ema­kume feminista asko izan dira Hernanin, eta askoren be­rri ez daukagu. Ea istorio ho­riek ere ateratzen ditugun!».

 

«Elkartasun keinu hori bihurtzen da zurekiko elkartasuna»

Hiru kontzepturen berri eman zuen Begoña Huartek, bizitzan zehar hartu dituen konpromisoen ardatz izan direlako: herri mugimendua, feminismoa eta desobedientzia zibila.
«Herri mugimenduan gaztetatik hasi nintzen, euskeraren munduan, Leitzarango autobiaren bueltan... Gero, urteek erakutsi didate herri bat eraikitzeko aukera dela, herri mugimendua, oso inportantea. Horrekin lotuta dijoa feminismoa, tratatzen dituelako bizitzaren espazio guztiak, eta herri mugimenduetan tratatzea tokatu zaidalako. Eta azkenik, desobedien­tzia zibila da, nere ustez, tresna politiko xumea baina balio haundikoa. Epe luzekoa. Sakonekoa. Horregatik egin genuen egin genuen ekintza Grezian».
Grezian dauden errefuxiatuak laguntzeko, horietako batzuk Euskal Herrira ekartzen saiatu zen taldeko kidea da. «Ongietorri Errefuxiatuak taldeko Iruñeako kidea naiz. Siriako gerraren ondoren exodo haundia izan zen, eta uste genuen harrera egin beharko zi­tzaiela, mugak irekiko zirela pentsatzen genuelako. Ordura arte gure lana sentsibilizazio eta salaketa lana izan zen, baina ikusi genuen ez zirela mugak irekitzen eta jende asko hiltzen zela, kanpamenduetan gaizki zeudela. Greziara joan, hango jendearekin harremanetan jarri eta prestatu genuen ekintza, 8 errefuxiatu ekartzeko. Helburua zen ekarri, hemen harrera egin eta joan nahi zuten tokietara joaten laguntzea edo paperak lortzen saiatzea, eta ondoren ekintza publiko egitea, gobernuari esateko: hau egiten ari gara, zuek egiten ez duzuelako. Baina harrapatu egin gintuzten. Hala ere, lortu genuen interpelazio hori, eta elkartasuna. Inportanteena da, hala ere, aurretik eta ondoren egindako lana, jendearen arteko konplizitatea. Eta oso inportantea da elkartasun keinu hori bihurtzen dela zurekiko elkartasuna».

 

«Tristura eman dit itzultzean, konturatzea asko dugula egiteko»

Konpromisoa gaztetatik hartu zuela azaldu zuen Lurdes Mendinuetak. «Gaztetan ikusi nuen gure herriaren egoera zein zen: errepresioa, mila arazo, ikurrina ilegalizatuta, euskera ez zen ofiziala... Hasi nintzen kontzientzia minimoa hartzen, eta ikasle mugimenduetan lanean. Amnistia partziala iritsi eta egoerak berdin jarraitzen zuela ikusita, nire konpromisoa urrunago eraman eta Iparraldera joan nin­tzen 1981ean. Arbizutik atera nintzen».
Ordurako euskeraren inguruan lanean aritua zenez, horretan hasi zen Iparraldean. «Ikusi genuen gure kideen artean bazirela ez zekitenak, edo alfabetatu gabeak. Ikastaroak antolatzen hasi ginen, eta aurrenekoa oso ondo atera zen, 40tik gora ikaslerekin. Bigarrenarekin, GAL hasi zen gure kideak hiltzen, eta horretan geundela, gurekin zen ikasle bat hil zuten. 86an frantses estatua errefuxiatuak kanporatzen hasi zen. Epe motzekoa izango zela uste genuen, baina ez, eta ezkutatu egin ginen. Ezin genuen horrela jarraitu, ordea, eta 1990ean Kubara joan ginen».
Han ere ez zuen egoera xamurrik izan. «Ezin genuen bizitza publikoa egin, ikasi, lan egin, familiarekin harremana izan...». Baina familia izan zuen; alaba. «18 urte egin arte ezin izan du Euskal Herrira etorri, baina euskeraz ikasi zuen, familia euskalduna izan gara». Azkenean pasaportea eman zioten, «erranez nor ginen benetan», eta Mendinueta 2010ean itzuli zen Iparraldera, «gure benetako izenekin». Baina lana zuen egiteko. «2013an Errefuxiatuen Bide Orria aurkeztu genuen. Aldarrikatzen dugu Euskal Herrian bizi eta mugitzeko eskubidea. Oraindik konpromisoa ez da bukatu. Tristura eman dit itzultzean, kontura­tzea asko dugula egiteko. Gauza asko lortu dira, baina ez dugu lortu joatera behartu ninduen hori gainditzea. Konpromisoarekin jarraituko dugu».

 

«Etorkina, beltza, emakumea eta musulmana; 4 borroka, batera»

Herrialde afrikar gehienak bezala, «6 mendeko esklabutza historia daukan herrialde batetik» etorria da Aminata Diop; Senegaletik.
Horrelaxe aurkeztu zuen bere burua, mahai-inguruan: «Emigrantea naiz, nire herrialdea uztea erabaki nuenetik. Eta beltza naiz, Afrikako historiagatik. Eta musulmana ere banaiz. Baina ‘ni’ hauek guztiak pluralak dira, emakume asko definitzen ditudalako. Emakume izatea beste arazo bat da; berdintasunaren alde ere ari gara, eta beraz, borroka gehiago daukagu egiteko: etorkina, beltza, musulmana eta emakumea; lau borroka dira, pertsona bakoitzaren barruan. Baina borroka bakoitzetik indargune bat ateratzen dut».
Konpromisoaz hitz egiteko eskatu ziotenean, zer esan ez zekiela geratu zela aitortu zuen, baina gero ohartu zen, Senegalen bertan hasia zela horretan, eta zortea izan zuela. «Senegalen zortea izan nuen, emakume talde batuzekin lan egiten nuelako. Ez genuen feminismoaz edo ahalduntzeaz hitz egiten, baina egiten genituen gauzak. Senegalen ere koadrilak izaten dira, eta emakume taldeetan sartzen ginen, ikusteko zein behar zituzten, zein proiektu egin zitzaketen, alfabetizatzen laguntzeko...».
Zailtasunak Europara etortzean bizi izan zituen. «Emigrante egiten zara, erabaki pertsonal baten ondorioz, edo egoerak behartuta. Nik erabaki egin nuen, eta uste nuen erraza izango zela: erdaraz banekien, ezkonduta nengoen, lana banuen...». Baina Bartzelonan aurrena, eta Euskal Herian gero, pertsona helduak zaindu beste lanik ez zioten eskaintzen; Amher elkartea ezagutu arte. «Askotan pentsatzen dut, lehenago ezagutu izan banu, gauza asko erraztu izango zizkidakeela!». Orain, berak egiten du lan Amherren, bere egoera bizi duten pertsonei hemen bizitzen laguntzeko.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!