«Gizarteak badauzka eskumena eta indarra, kalera atera eta politikariak mugiarazteko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 9a, 01:00

Anaia espetxean daukan Etxe­rateko senideetako bat da Urtzi Errazkin hernaniarra; Ugaitz, anaia, Chateuroux-eko (Fran­tzia) espetxean dago, «etxetik 650km-ra».
Araitz Zubimendi, berriz, Sareko kidea, espetxean izana da, eta 3 eta 8 urteko seme eta alabaren ama; aita daukate kar­tzelan. «Motxiladun haur hauei gurasoekin hezteko es­ku­bidea ukatzen zaie», dio. Horrexegatik, azaroaren 20an, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunean, haur mo­txiladunen dossierra aurkeztu zuen Sarek, «azaleratzeko ze eragin daukaten disper­tsioak bultzatutako bidaiek, baina baita ere, gurasoak es­petxean egoteak sortzen duen hutsuneak».
Gaur, abenduak 9, Parisen izango dira Etxerat eta Sare ere, Bagoz eta Foro Sozia­la­re­kin batean, Bakearen Artisa­u­ek deitutako manifestazioan. Hain zuzen, Bakea Euskal Herrian: orain presoak lemapean bi erakunde hauek ere bat egingo dute, «euskal presoei oraindik aplikatzen zaien salbuespen legea bertan behera uzteko eskatzeko».

ABENDUAK 9 - PARIS
11:00-12:00, Euskal Herritik etorritako autobusak Montparnasse Geltokira iristea.
11:30, Elkarretaratzea, Montparnasse geltokiaren aurrean, animazioen
hastapena, Euskal Herritik etorritako trenei harrera.
12:00, Presondegien martxari
harrera.
12:30, Manifestazioaren hasiera.
14:00, Manifestazioaren bukaera eta hitz hartzeak.
14:30, Kantuak.
15:00, Elkarretaratzearen bukaera. Autobus eta trenetara itzulera.

«Etxeratek zama arintzen digu, baina nork bere
ekarpena egitea behar dugu»

Apirilaren 8ko ETAren armagabetzearekin aldaketa giroa na­gusitu da pixkanaka, euskal ga­tazkari dagokionean. Urtzi Errazkinek gogorarazi duen moduan, «Bakearen Artisauek argi azaldu zuten. Bake justua eta iraunkorra nahi dugu. Be­netakoa. Armagabetzea ez da bakea; hori ahalbidetuko duen pauso bat baizik, eta gehiago eman behar dira». Horregatik, Etxerat ere pauso berriak ematen hasia dela azaldu du Errazkinek. «Orain presoei tokatzen zaie».
Bide horretan, Etxeratek bere gain hartu du presoei laguntza juridikoa eta osasun laguntza ematea. «Dispertsioa­ren eraginez, senideok karga fi­siko eta emozional haundia daukagu, baina baita ekonomikoa ere. Era berean, preso gutxiago dago orain, baina preso gaixoak geroz eta gehiago dira: 91 dira egun, eta horietatik 22, preso gaixo larriak, berez kalean behar luketenak. Ho­rren eraginez, osasun la­gun­tza emateko beharra haun­ditu da. Paraleloki, pre­soen kolektiboak adostu du bakoitzak juridikoki bere kasua tratatzea, eta Etxeratek bere gain hartuko du laguntza juridikoa ematea ere. Horrela, karga ekonomikoa haunditu egingo da. Etxeratek bere gain hartzen du, eta senideoi zama arintzen digu, baina nork bere ekarpena egitea behar dugu».
‘Etxerat lagun’ kanpaina
Horregatik jarri da martxan Etxerat lagun kanpaina. Etxerat elkartea eta senideak babesteko kanpaina da; dauzkaten beharrei aurre egiteko laguntza ekonomikoa ematea eskatzen da.
Edonor egin daiteke Etxerat lagun, Etxeraten Hernaniko lo­ka­lean bertan (Perkaiztegi kalea 11) eskuratu daitezkeen izenemate orriak beteta edo www.etxerat.eus webgunean da­goen formularioa beteta.

«Preso gutxiago dago orain, baina  preso gaixoak geroz eta gehiago dira»

«Ilusioa puntua, Frantziara begira»
Etxerat bide berriak urratzen hasi izana ez da kasualitatea. «Ilusio puntua badaukagu, Frantziari begira. Apirilak 8az geroztik, armagabetzeaz geroztik, Frantziako gobernuak oz­topoak ez jartzeaz gain, armagabetzea baieztatu ere egin du. Gainera, gobernu berriarekin, justizia ministerioak bilera pare bat egin ditu euskal delegazioarekin. Senideontzat ga­rrantzistua da, baina mesfidantza ere sortzen digu era berea. Izan ere, duela 10 edo 20 urte bezala segitzen dugu... Baina pauso garrantzitsua izan da ministerioa bileran eseritzea. Gainera, espetxe bi­raren bueltan, Bagoaz, Sare eta Etxerat hainbat bilera egiten ari dira, eta zenbait diputatu frantsesek Bakearen Artisauek gaurko manifestaziorako egindako deia izenpetu dute».
Horrekin guztiarekin, esperantza berriak sortzen direla aipatzen du Errazkinek. «Es­pero dugu gure senideekin baldintzapeko askatasunak aplikatzen hastea, edo Ibon Fer­nan­dez askatzea».
Izan ere, oraindik euskal presoei aplikatzen zaien dispertsioak ondorio larriak ditu­ela gogorarazten du. «Ugaitz Chateuroux-eko espetxera mu­gitu zuten, Fresnesetik ‘hurbildu’ egin zuten. 300km gutxiagora dago orain, baina 650km-ra, eta orain arazoa da kotxean egin beharreko 7 orduko bi­daiak egiten ditugula, 7 orduz errepidean joateak dauzkan arrisku guztiekin. Aurten da­goe­neko 8 istripu izan dituzte senideek, eta orain arte 16 lagun hil dira errepidean, eta ez dira gatazkaren parte kon­tsideratzen. Gure kasuan, Ugaitzen 3 urteko semeak ere egiten ditu bidaiak, umeek sufritzen dutenarekin».

Hutsunea, erruduntasun sentimendua eta galderak
Hain zuzen, dispertsio politikak haurrengan daukan eragina zein den argitzeko dosierra aurkeztu du Sarek azaroaren 20an, Araitz Zubimendik azaldu bezala. «Psikologo, pedagogo eta irakasleekin aritu gara lanean, azaleratzeko ze eragin daukaten disper­tsioak bultzatutako bidaiek, baina baita ere, gurasoak es­petxean egoteak sortzen duen hutsuneak».
Hainbat ondorio atera di­tuz­te. «Egun, 113 motxiladun ume daude: horietatik 3 amarekin bizi dira, espetxean; 9k aita eta ama, biak dituzte preso; 6k ama dute preso; eta 95ek, aita. Beraz, 10etik 9 haur amarekin bizi dira, hau da, %98. Eta beste %2a, aitarekin, edo bi gurasoak espetxean dituztenen kasuan, izeba-osabekin, aiton-amonekin...».
Zubimendiren esanetan, «haurrak egon, ondo daude, fa­miliaren babesa izaten dute». Baina horrek ez du esan nahi hainbat ondorio jasaten ez dituztenik. «Ondorioetako bat da hutsunea. Nahiz eta familiaren babesa izan, preso dauden gurasoekin elkartzen diren bakoitzen, banaketa bizi behar izaten dute berriro. Irakasleek diote dolu hori aldiro bizitzen dutela ikusten dutela; bisitaren aurretik umeak urduri egoten direla, eta ondoren, sentibera».
Beste ondorio bat, «erruduntasun sentimendua» izaten da. «Adin batetik aurrera umeari uzten zaio erabakitzen bisitan joan nahi duen edo ez, baina hori ere zama da; edo bizitza sozialari uko egin, edo bisitari uko egin. Beti sentituko dira gaizki».
Era berean, «kartzelaren ne­gatibotasuna xurgatu» egiten dutela azpimarratzen du Zu­bimendik. «Zakarkeria hori ez dute gurasoek bakarrik sentitzen. Batzuetan umeak lore batekin edo marrazki batekin joaten dira, aita edo amari emateko, eta kendu egiten diete. Orain gutxi ikusi nuen alabaren marrazki bat, eta funtzionario bat haserre ma­rraz­tu zuen, hortz haundiak agerian. Galdetu nion zergatik egin zuen horrela, eta berak zioen funtzionarioa haserre zegoela. Esaten diegu besterik gabe egun txarra izango zuela, baina berak, ezetz: funtzionarioak beti daude haserre, ama. Horrela, badakite ez dutela arazorik sortu behar espetxe barruan. Beraz, haurtzaroaren zati bat uzten dute espetxera joaten, eta beste bat uzten dute atarian».
Azkenik, galderak sortzen zaizkiela azaldu du Zubi­men­dik. «3 urtetik gorakoak hasten dira galdetzen zergatik eta noiz. Zaila da azaltzen gurasoak zergatik dauden kartzelan, umeek dena txuria eta beltza ikusten dutelako, eta kasu hauetan, ñabardura asko daudelako. Era berean, noiz aterako diren galdetzen dute, eta askok 30-40 urteko kartzela zigorrak dituzte. Ume hauek diskriminatu egiten dira, gu­ra­so diren bestelako presoek dituzten onurak ez dituztelako: umeen urtebetetze egunean etxera joateko baimena, Ga­bo­nak etxean pasatzeko baimena, askatasun mugaturako au­kera... Gurasoekin hezteko es­kubidea ukatzen zaie umeei».

«Umeek orain behar dituzte gurasoak, eta testuinguru politikoak ahalbidetzen du salbuespen legedia bertan behera uztea: preso hauek ez dute arazorik bergizarteratzeko, reinziditzeko arriskurik ere ez dute, eta umeentzako eta gizartearentzako ezinbestekoak dira»

Material didaktikoaren beharra
Dena ez da negatiboa, ordea. «Gauza politak sortzen dira. Adibidez, hitzorduak jartzen dituzte: gaur, 21:00etan, biok begiratuko diogu ilargiari. Ume hauek gurasoak maitatu eta gurtu egiten dituzte, baina orain behar dituzte, eta testuinguru politikoak ahalbide­tzen du salbuespen legedia bertan behera uztea: preso hauek ez dute arazorik bergizarteratzeko, reinziditzeko arris­kurik ere ez dute, eta ume­entzako eta gizartearen­tzako ezinbestekoak dira».
Era berean, motxiladun ume hauek «resilientzia ahalmen haundiagoa» dute. «Ara­zo­ei, erabaki zailei aurre egiteko ahalmen haundiagoa dute. Au­tonomoagoak dira, eta lehenago iristen dira heldutasunera».
Hori guztia, ordea, landu egin behar dela azpimarratzen dute Saretik, eta material didaktikoa sortzeko beharra dagoela. «Eskolan gai asko lantzen dira: etorkinen integrazioa, behar bereziak dituzten umeena... Baina kartzela tabua da. Gainera, gaizkilea-presoa binomioa puskatzea zaila da. Tresnak behar dira guztiari aurre egiteko. Motxilaren umea dokumentala martxoan aurkeztu genuen, eta motxiladun umeak dauden eskoletan ikusten da. Unitatea didaktiko bat ere badago, hau guztia bizitzea emozionalki zen den ulertzeko. Baina gehiago sortu behar da, kartzela zer den ulertzeko, gizarteak nola jasotzen duen ulertzeko... Ideologia jakin bat sartzen zaie umeei ipuin edo marrazkien bidez, eta guk umeak politizatuko ote ditugun erreparoarekin, ez dugu ezer esaten. Hor beste hausnarketa bat daukagu egiteko».

Ekintzen garaia
Hau guztia kontuan hartuta, gaurko manifestazioan salbuespen legedi hau guztia bertan behera uzteko eskatuko da. «Instituzioek umeen eskubideak errespetatu beharko lituzkete. Hitzak bai, baina ekin­tzak ez dira iristen. Lege arrunta aplikatuta, preso asko kalean leudeke, eta beste asko bidean, edo tarteka etxera etortzeko aukerarekin», gogorarazi du Errazkinek. «Dis­per­tsi­oa erabaki politikoa da. Gra­du aldaketa eta abar, erabaki juridikoak behar lukete, baina hor daukagu Ibon Iparra­gi­rre­ren kasua ere; lege guztiek dio­te kalean behar lukeela. Presoei eskatzen diete bide legalak hartzeko, baina eskubideak eskubideak dira, ez kontraprestazio bidez lortu beharrekoak».
Arrazoi horiekin guztiekin gizarteari dei egiten diote oresioa egitera. «Euskal gizartearen ahotsa argia da: salbuespen legedia honekin amaitu beharra dago. Baina berriro atera behar da kalera. Gi­zar­teak badauzka eskumena eta indarra, kalera atera eta politikariak mugiarazteko. Ekaine­an sartu zen Frantzian gobernu berria, eta beraz, orain lortu behar da haien inplikazioa. Orain eskatu behar zaio gobernuari, bake prozesuan buru-belarri sartzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!