Carnegie Library & Galleries eraikina aukeratu berri dute Eskoziako eraikinik onena, arkitekturari dagokionean. Proiektu horretan hain zuzen, lagundu du Orona enpresa hernaniarrak, bere filialaren bidez bertan instalatu baititu hiru gailu: «zehazki, konpainiaren britainiar dibisioak Orona 3G 2018 igogailu bat instalatu zuen, 33 pertsonako edukiera duena; Orona 3G 2015 modelo bat, 13 bidaiari eraman ditzakeena; eta Orona C2000 plataforma jasotzaile bat», azaldu du konpainiak prentsa-ohar bidez.
Diotenez, Eskoziako Dunfermline hirian kokatuta dagoen erakina, duela hilabete batzuk besterik ez zuten ireki, hiru urteko obra-lana burutu ondoren. Lan hori Richard Murphy Architects estudioak egin zuen, eta beraiei esker hartu zuen parte Oronak proiektuan: «Oronaren zerbitzuak erabili zituen igogailuetan diseinu erakargarri bat lortzeko, liburutegiaren estilo modernora egokitua; eta, aldi berean, iraunkortasun-betebeharrak betetzeko».
Finalera, beste hamabi proiekturekin
Azaldu dutenez, Carnegie Library & Galleries eraikina, beste hamabi proiekturekin pasa zen finalera; horien artean zegoen, adibidez, City of Glasgow Collegeko kanpusa.
Pozgarria, Oronarentzat
Pozik hartu du berria Oronak; izan ere, «balio arkitektoniko haundiko proiektuetan parte hartzea eta bere eskaintzaren bidez obra bakoitzaren helburu eta ezaugarrietara egokitzen diren askotariko soluzioak ematea» da helburua.