«Hitz egin euskera: bertakoa, garaikoa eta ekologikoa»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 2a, 01:00

hizkuntzaK ere modu ekologikoan kudeatzeko proposamena luzatu du Kutxa Ekoguneak, euskera egoera osasuntsuan mantendu dadin: «Ekologian aniztasuna babestu beharreko aberastasuna da eta, begirada ekologikoa hizkuntzetara ekarrita, hizkuntza-ekologiak hizkuntzen aniztasuna eta garapena ditu helburu», azaltzen du Itsaso Olaizola ar­duradunak. 
Eta bide horretan, Kutxa Ekogunean argi daukate «euskeraz bizitzea, ekologikoa» de­la, eta hori aldarrikatzen dute: «hitz egin euskera: bertakoa, garaikoa eta ekologikoa».

Hiru proposamen, motibaziorako
Euskeraren erabilera da egun, euskaltzaleen kezka nagusia: «ikerketen arabera ezagutza go­raka doan heinean, kale erabilerarekin ez da gauza bera gerta­tzen», dio Olaizolak. Eta horri aurre egiteko, motibazioa helburu izanda, hiru proposamenekin dator Kutxa Ekogunea: Euskararen Ginkana; Hizkun­tza-ekologia hezkuntza eskain­tzan; eta helduei eskainitako ikastaro trinkoa. 

Euskararen Ginkana, Euskal Herritik herrietara
Aurreneko proposamena, hain zuzen, Euskararen Ginkana da. «Euskararen Ginkana euskeraz eta euskerarekin dibertitzeko lehi­aketa da eta Euskal Herri mailako lehiaketaz gain, herri eta eskualde mailan antolatzeko aukera ere eskaintzen du.  2017an dagoeneko Buruntzal­dea­ko, Urola Kostako eta Gasteizko Euskararen Ginkanak egin dira, guztiak 12-16 urte bi­tarte­koen­tzat», azpimarratzen du ar­dura­du­nak. Eta bere ustez, ez da kasualitatea: «gazteek euskeraz jakin badakite eta estrategikoa  da, beraz, beraien eremu informaletan eta aisialdian ere euskeraz bizitzeko aukera edo erabakia indartzea».  
Euskararen Gin­ka­­­nak, hain zu­zen, hizkuntzekiko eta euskerarekiko atxikimendua eta hausnarketa sustatzea du helburu, «oso proba di­ber­­tigarri eta ekin­tzaileen bi­dez».
Bere herrian edo eskualdean Euskararen Ginkana bat sustatu nahi duen Udal edo erakundeak aukera zabalik du. Izan ere, orain ari dira eskaerak jasotzen 2018ko udaberriko lehiaketak pres­tatzeko eta urtarrilaren 15e­ra arte egongo da epea irekita.

Hizkuntza-ekologia hezkuntza eskaintza, ikastetxeentzat
Beste aukera bat ere badago gazteekin hizkuntza-ekologikoaren gaia lantzeko, Kutxa Ekogune­aren hezkuntza eskaintzaren bidez, hain zuzen. Ikaste­txe­en­tzako eskaintzaren barruan, eko­logiaren gai eta arlo desberdinak landu daitezke Ekogunea parkean eta horietako bat da hizkuntza-ekologiarena: «Ha­ur Hezkuntzatik hasi eta Batxile­rreraino, Ekogunera etorri au­rretik, hemen eta ondoren ere, baliabide eta aztergaiak eskain­tzen dizkiegu ikastetxeei kultura eta hizkuntza aniztasuna balioan jarri eta euskerarekiko gogoa sustatzeko». 

Ikastaro trinkoa, helduentzat
Askotan, ordea, helduek ere pa­per garrantzitsua daukate gaztetxoen hizkuntza jarrera, ezagutza eta portaeretan, eta helduon interbentzio eta praktika onak identifikatzeko, ikas­­taro trinkoa ere antolatu du­te, EMUN­ekin batera: Zer egin gure haur eta gazteak euskaraz bizitzeko? 
Aurreko udaran egin zuten ikastaro pilotua UEUn, eta 2018ko udaberrian egin nahi dute beste bat, guraso, irakasle, hezitzaileei... eskainia. Dena den, irekia dago, eta ondorioa nahiko partekatua izaten dela dio Itsaso Olaizolak: «uste nue­na baino gehiago egin dezaket eta dezakegu, guraso, irakasle eta hezitzaileok elkarrekin, gure haur eta gazteak euskaraz pozik garatzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!