Berezia izan zen astearteko plenoa, Hernaniko udaletxean. Pleno aretoa obretan dagoenez, areto nagusian elkartu ziren zinegotziak eta bertaratu ziren herritarrak, guztira hamalau puntu lantzeko: gai-ordenean jasota zeuden hamabiak, eta txertatu zituzten beste bi.
Horien artean, hainbat erabaki onartu zituen plenoak. Batetik, Euskara Ari Durekin hitzarmena sinatzea adostu zuten aho batez; eta bestetik, Adinekoen Kontseilua sortzea, guztien aldeko botoekin hori ere. Azaroaren 25eko bi mozioak ere onartu zituzten.
Inbertsioen %75, exekutatuta
Baina erabakien aurretik, eta iraileko eta urriko plenoen aktak ontzat eman ondoren, hainbat berri emate izan ziren. Aurreneko hiruak, Isa Sanchez Ogasun zinegotziak azaldu zituen. Batetik, 2017ko aurrekontuaren exekuzioari buruz aritu zen. Nabarmendu zuen, kontutan hartu behar dela, urtean zehar %476 haunditu dela inbertsioei bideratutako partida, eta aurrekontu osoaren %26a hartzen duela: «hori nabaritzen da exekuzio maila motelean», azaldu zuen. Inbertsioetara bideratutako kopuruaren %75a exekutatu da.
Eta bestetik, kontuhartzailearen txostenaren ondorioak ere jakinarazi zituen, Udalaren finantza iraunkortasunari buruz. Txostenak dio, ez direla betetzen aurrekontu egonkortasunaren eta gastu arauaren helburuak, baina horren arrazoia diruzaintzako gerakinaren erabilera dela, eta beraz, aurrekontuak finantzen iraunkortasuna erakusten duela horrek, nahiz eta gertutik jarraitu behar den.
Azkeneko berri ematea, Hernani Erabaki prozesuari buruzkoa izan zen. Gogorarazi zuten, zein izan diren aukeratutako proposamenak, eta 2018ko aurrekontuan txertatuko direnak. Prozesuarekin eta herritarren partehartzearekin «oso pozik» azaldu zen Esti Aldeiturriaga zinegotzia: «urtez urte aberasten doa, eta oso positiboa da».
Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramailea ere pozik azaldu zen, prozesuaren emaitzekin, eta ados aukeratu direnekin; baina zehaztu zuen, badaudela proposamen batzuk, «Udalak berez txertatu beharko lituzkeenak aurrekontuan; atletismo pistarena da horietako bat». Luis Intxauspe alkateak erantzun zion, prozesuak ahalbidetzen duela, «udalak hiru edo lau urte barru egingo lituzkeen lanak azkartzea».
Hirugarren larunbata ere, ezkontza zibilak egiteko
Bozkatu zuten aurreneko puntua, izan zen hilean egun bat gehiago jartzea, ezkontza zibilak egiteko. Aurrerantzean, hileko aurreneko eta hirugarren larunbatean izango da ezkontzeko aukera, aho batez onartuta; orain arte, aurrenekoan bakarrik izan zitekeen.
Euskara Ari Durekin, hitzarmena onartuta
Segidan, Euskara Ari Duren proposamenari heldu zioten. Koro Etxeberria Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu zuen, iazko egitasmoaren partehartzea ikusita, elkartea sortzea erabaki duela Euskara Ari Duk, eta 2018 osorako prestatu duten egitasmoa aurrera eramateko, hitzarmena sinatzea proposatu diola Udalari. Horren arabera, 40.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak. Aho batez onartu zuten proposamena, eta gonbitea luzatu zieten herritarrei, larunbatean egingo duten aurkezpenera.
Horren ondoren, gai ordenean beste puntu bat sartzea proposatu zuten: herriko autobusa, 6 urtetik beherakoentzat izatea doan; orain arte 5 urtetik beherakoentzat da. Aho batez onartu zen, puntua sartzea, eta aldaketa hori egitea.
Adinekoen Kontseilua sortzeko onarpena, txalotua
Hortik aurrera, mozioei egin zieten bidea. Adinekoen Kontseilua sortzea izan zen, landu zuten aurrenekoa, adinekoek beraiek proposatua. Otsailetik BiziPoz programan parte hartu duten boluntarioek, beharra ikusi dute, Hernanin Kontseilu hori sortzeko, kolektibo horri buruzko arazoak eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko. Horretarako, herriko auzo elkarteekin, elkarteekin, zerbitzu sozialekin eta Udaleko talde politikoekin bildu dira; eta gaia landu ondoren, Udalari eskatu diote, babestu eta lagunduko duen Adinekoen Kontseilu bat sortzea, Udalaren parte izango dena, edozein alderdi politikok gobernatzen duela ere. Eta eskatu diote, baita ere, beharrezko baliabideak eskaini eta bileren bitartez jarraipena egitea.
Xabier Lertxundi Zerbitzu Sozialetako presidenteak eskerrak eman zizkien, egin duten lanarengatik eta erakutsitako jarreragatik: «eskerrik asko, animo, eta badakizue bidean elkarrekin egongo garela».
Txalo zaparrada batekin hartu zuen aretoak proposamena, eta aho batez onartu ondoren, beste txalo zaparrada bat eskaini zioten.
Azaroaren 25ari buruzko bi mozioak, onartuta
Onartu egin zituzten, baita ere, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari buruzko bi mozioak; baina bietako bat ere ez, aho batez. EAJk aurkeztutako mozioa, EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen, Koordinadora Feministaren testuari eman nahi ziotelako indarra, EAJren testuarekin ados egon arren. Eta Koordinadora Feministaren mozioan, EAJ abstenitu zen.
EAJren mozioak, erreparaziorako eskubidea bermatzeari eman zion indarra, eta hori agenda politikoan txertatzea eskatu zuen. Koordinadora Feministaren testuak, berriz, mikromatxismoei egin zien erreferentzia, «eguneroko biolentzia txiki horiei». Gainera, zinegotziei eskatu zieten hausnartzeko, Udalean ematen diren desberdintasunez. EAJko Maria Otaegik erantzun zuen, ez duela uste gizonen iritziak indar gehiago daukanik udaletxean; EH Bilduko Esti Aldeiturriagak, aldiz, nabarmendu zuen, emakume eta gazte bezala, desberdintasuna nabaritu duela Udalean: «lan eta esfortzu asko egin behar izan dut, nire iritzia entzuna izateko».
Azkenik, gai ordenetik kanpo zegoen mozio bat txertatu zuten: salatzea gehiegizkoa dela Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiari, eta orduan idazkari zen Iker Rokandiori, ezarri zaien bi urte eta erdiko kartzela zigorra. Aho batez onartu zen mozioa.