Kontzeptu honi buruz ari garenean, badirudi ‘muskulu eta artikulazioek’ bakarrik egon behar dutela osasuntsu, baina hori baino konplexuagoa da. Ez ditugu ahaztu behar kirol jarduera bakoitzaren eskakizunetara egokitutako nutrizioa, ia beti ahaztuta uzten den alderdi psikologikoa eta pertsona bakoitzari egokitutako entrenamendu plan mailakatua.
Gure inguru hurbilenean adibide gisa erabili dezakegu, kirol hau egiten duen jende kopurua kontuan hartuta, running delakoa. Emaitzak lortu nahi izaten dira egunero, edota profesional baten mailako marka antzekoak, eta egungo bizi erritmoak ez digu ia jaten ere uzten, badirudi estresak ez gaituela askatzen 24 ordutan eta, hala ere, kirol eskakizunak gero eta handiagoak dira.
Guri dagokigunez kontsultan aparatu muskuloeskeletikoa mimatu behar dugu, kirol profesional baten kasuan bezainbeste edo gehiago. Haiek egun osoa daukate errekuperaziorako, baina gainontzekoek bestelako makina bat eginbehar izaten dituzte... Horregatik, mota honetako kirolaria da gorputzari kasu gehien egin behar diona, eta entzun egin behar dio. Gero, guk aztertzen dugu, ikuspuntu anatomiko eta biomekanikotik, zein zonak duen lehentasuna baloratu eta tratatzeko. Oso garrantzitsua da tratamendu prebentiboa, egiten den kirol kantitate eta intentsitatearen araberakoa, lesioak saihestu eta kirol honekin gozatzen segitzeko.
Informazio gehiago: Zaindu zure burua gehigarri berezian.