Hortzak garbitu bai, baina nola?

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 18a, 01:00

Aspaldian ondo ikasitako ohitura osa­sun­tsua da hortzak garbitzea; otordu bakoitzaren ondoren, edo gutxienez, go­saldu ondoren eta ohera joan aurretik egitea gomendatzen da.
Baina, ohitura hori orokorrean ondo barneratua daukagula uste arren, askok ez ditu hortzak garbitzeko pausuak ondo ematen. 

Material egokia aukeratzea, aurreneko pausua
Hasteko, hortzak garbitzeko material egokia aukeratu behar da.
Hortzetako zepilloari dagokionez, ba­di­ra elektrikoa erabiltzea gomen­da­ga­rri­a­­­goa dela dioten dentistak, baina in­por­tanteena da, garbiketa bera ondo egi­tea. Eskuko zepilloa erabiliz gero, nailonez egindako hari leunak erabiltzea go­men­datzen da; gogorregiak izanez gero, entziak eta hortzetako esmaltea kaltetu daitezke. Era berean, zepilloa hiru-lau hilean behin aldatu behar da, eta behin erabili ondoren, urarekin garbitu eta zutik eta aire librean gorde behar da, lehortu dadin.
Hortzetako pastari dagokionez, be­rriz, fluorurodunek hortzetan pilatzen den plaka kendu eta esmaltea indartzen laguntzen dute. Hortik aurrera, arazo ja­kin bakoitzari aurre egiteko dagokion hortzetako pasta erabili daiteke: ka­rie­sa­ri, sarroari, entzia eta hortzetako gehiegizko sentsibilitateari, gingibitisari edota orbanei aurre egiteten dietenak. Ga­rrantzitsuena, hortzak garbitu on­do­ren, pasta ez irenstea.
Azkenik, hortzen tarteak garbitzeko haria edota hortzak garbitu ondo­re­ne­rako fluorurodun likidoa erabili daitezke.

Gora eta behera, atzetik aurrera
Behin material egokia eskuratuta, hor­tzak ondo garbitzen ikastea da kontua, hala ez uste arren, askok ez baitu ondo egiten.
Hasteko, hortzetako pasta askorik ez da behar, apar gehiegi sortuz gero, normalena hortzak azkarregi garbitzen baitira. 
Gainontzean, giltza zepilloarekin egiten diren mugimenduetan dago. Ez da hortzen gainean ezker-eskubi mugitu behar, baizik eta gora eta behera, eta atzetik au­rrera. Hau da, zepilloa zentzu  ho­ri­zon­talean jarri, eta entziaren ondotik hasi eta hortzaren puntara mugitu behar da batetik, eta bestetik, mugimendu zirkularrak egin behar dira, aldiro, hortz gutxi batzuk garbituz. Era berean, zepilloa buruz behera edo gora jarri behar da (segun eta goiko edo beheko haginak garbitu nahi diren), eta atzetik aurrera garbitu behar dira. Gainera, oso garrantzitsua da hortzen atzealdea garbitzea; zepilloaren burua hortzaren atzealdean, entziaren ertzean jarri eta hortzaren puntara mugitu behar da. Askok hau ahaztu egiten dutela diote dentistek.
Azkenik, mingaina eta ahosapaia igurtzitzea ere komeni da, bakteriak garbitu eta hats txarrari aurre egiteko.
Ahoa urarekin garbituta bukatzen da, ondo egindako prozesua.

Borobiltzeko, dentistari bisita
Prozesu osoak 2 minutu inguru iraun behar luke, ondo eginez gero, eta otordu bakoitzaren ondoren, edo gutxienez, gosaldu ondoren eta ohera joan aurretik egitea gomendatzen da. Baina otorduen ondoren, 10 bat minutu itxoin behar dira, hortzak garbitu baino lehen; 45 mi­nutu, jaki edo edari azidoak hartuz gero.
Hala ere, aho osasunaren zaintza bo­ro­bil­tzeko, dentistarenera joatea go­men­da­tzen da, sei hilabetero edo urtean behin, azterketa sakonagoak egiteko. 

Informazio gehiagoZaindu zure burua gehigarri berezian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!