Arratsaldetik gauera, jardunaldi Antiespezistak antolatu dituzte Hernaniko gaztetxean, Kontrakantxak eta Askekintzak. Izan ere, Ekintza Antiespezistaren Nazioarteko Astea da; eta gaurkoa, zehazki, beganismoaren eguna. Horren bueltan, hainbat ekintza prestatu dituzte, 17:00etan hasita.
Animalien askapenari sarrera egiteko hitzaldi batekin hasiko dituzte jardunaldiak, beganismoari eta antiespezismoari buruz hitz eginez. «Animaliek bizi duten zapalkuntza eta haien alde zergatik egin behar dugun ulertzeko paregabea izango da», aurreratu dute.
Ondoren, Lurtarrak dokumentala jarriko dute, ingelesez, baina euskerazko azpitituluekin. Eta filma bukatzean, mahai ingurua egingo dute, bertan ikusi eta entzundakoa aztertu eta eztabaidatzeko.
Dokumentalaren trailerraren estreinaldia, iluntzean
Eta bukatzeko, bi zita jarri dituzte iluntzean. Batetik, afari beganoa egingo dute, %100 begetala, borondatearen truke; baina aurrez apuntatu behar da: Garin tabernan eta Askekintzaren sare sozialetan.
Eta bestetik, postrearekin batera, Askekintza prestatzen ari den dokumentalaren trailerra estreinatuko dute: Festak ospatu, animaliak askatu.
Askekintzak «oso garrantzitsua» ikusten du animalien alde kontzientziazio lanetan jarraitzea, eta herritar guztiak animatu ditu gaurko saiora.
EGITARAUA
GAUR, Kontrakantxa gaztetxean
17:00, Hitzaldia. Animalien Askapenari sarrera: beganismoa eta antiespezismoa.
18:00, Proiekzioa: Lurtarrak dokumentala (euskerazko azpitituluekin).
19:30, Mahai ingurua.
20:30ak aldera, Afari beganoa eta Festak ospatu, animaliak askatu dokumentalaren proiekzioa. *Afaria borondatearen truke; izenemateak Garinen edo Askekintzaren sare sozialetan.