Superpoterea, posible ote?

Jon Altuna Iza

 

Superpetoak? Superpoteak? Super­boterearen kontua bili-bolo dabil Hernanin. Galde­rak ugarituz doaz: Nondik ote da­tor superbotere hori? Izarre­ta­tik? Ze ondorio ekarriko dizkigu? Soja-esneak eraginik ote du? Kutsakorra ote da? Bileren bidez zabaltzen da? Belarrie­ta­tik sartzen da? Izpi batek zuzenean jotzen zaitu? Non da eda­be majiko hori? Pandemia aipatu dute ahotsik alarmistenek. Osakidetza kezkatzen hasi omen da…
Ni kutsatutakoen artean nago, bai, aitortzen dizuet, baina ez da kaltegarria, zoragarria baizik.  Eta gertaera harrigarrien lekuko izan naiz. Superboterearen ondorio eta eraginak ugariak dira. Asko ezkutukoak, zenbait agerikoak, denak liluragarriak.
Senegaldar saltzaile baten superboterea eta eragin-ko­mer­tziala nabaritu nuen aurreko astean. Zakuko gaiak erakusten hasi orduko, zera esan ge­nion, «denetarik daukagu, ez dugu ezer nahi»... Baina, bat-batean, hark bere superboterea erabili zuen, eta euskara argi eta garbian esan: «nik badaukat zu­en­tzako zerbait». «Ez, ez dugu ezer behar» nik, «itxaron, itxaron, apurtxo bat» berak, eta ordurako haren superbotereak, harrapatuta, limurtuta, hiru euro balio ez dituen eta bost euroan gustora salduko lukeen zapia erosi nion zortzi euroan.
Horixe da, jaun-andereok, superboterearen eragin komer­tziala... Eta bestelako ze eragin pairatuko ote ditugu hernani­a­rrok? Erotikoa? Sentimentala? Kulturala? Ekonomikoa? So­zi­a­­la? Politikoa? Sexuala? Gas­trono­mikoa? Antropologikoa? Baliatu eta goza dezagun!