Liztor beltzaren kontrako pistola eraginkorra erosi du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 17a, 01:00

LIZTOR asiarraren kontrako borrokan beste urrats bat egin du Hernaniko Udalak. Apa­railu berria erosi du eta dagoeneko oso erabilterraza eta eraginkorra dela egiaztatu du. Paint­ballean erabili ohi den pistola bat da. Barruan biozida duten gelatinazko bolatxoak jaurti­tzen ditu, 40 metroko distantzia batetik jaurtitzeko gaitasuna du eta pertsona bakar batek erabili dezake. Apa­railuak sor­tu duen ikusmina ikusita, Hernaniko Uda­la Gipuzkoako beste udalerrietan erakustaldiak egiten ari da.

Liztor asiarra edo liztor beltzari (Vespa velutina)  aurre egiteko, Udalak baliabide propioak erabiltzen ditu liztor beltzaren ugaltzeari mugak jartzeko. Udal langileak, Babes Zibila, Udaltzaingoa eta He­rrilanak aritzen dira, erlezainekin eta herritar bolondresekin batera, habiak identifika­tzen eta kentzen eta pozoitzen.

Erabiltzen da kabia oso altu dagoenean
Orain arte bi modu erabili ohi dira horretarako: 5 metro bai­no beherago dauden habiak pozoitzeko aluminiozko eta karbono zuntzezko pertigak (habien barruan biozida sar­tzeko); 5 metrotik gorakoak, sistema berarekin, baina garabiatik, eta, oso altu daudenak eta aukera ematen ez dutenak garabia sartzeko tirokatzen dituzte. Horrelako gehienak landalurretan azal­tzen dira, baino herri barruan ere azaldu da batenbat.

Nolanahi ere, Hernaniko Udala etengabe aritu da beste lekuetan egiten denaren informazioa lortzen eta lortzen du­en informazioa beste erakunde eta herrietako kabi inaktiba­tzaileekin konparti­tzen.
Herriko erlezainen bidez izan zuen Hernaniko Udalak Dipter enpresa frantziarrak egiten zuen aparailuaren berri. Horrek izan zezakeen poten–tziala ikusita, erosi zuen eta jadanik zazpi kabi arrakastaz pozoitu dituzte udal langileek.

Paintballeko pistola bat da. Barruan biozida duten gelatinazko bolatxoak jaurtitzen di­tu. Biozida horren eragina bi egu­nekoa da eta, ondorioz, ka­bia kentzea baino eragingarriagoa da; tirokatu bitartean alde egiten duten liztorrak edo janaria biltzen kanpoan daudenak, kabira bueltatzen direnean, kutsatu eta hil egiten baitira.
Pistola horrek 40 metroko irismena dauka. Distantzia horretara iritsi ahal izateko aire konprimitua edo CO2 behar du. Udalak erosi duen pistola aire konprimituko 0,8 litroko bi botilekin dator. Botila horiek betetzeko presio handiko konpresorea ere beharrezkoa da (200 baretik gora). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!