Ezer baino lehen, Ikorkotx ala Jon Urbe?
Lana hartzen dut lan bezala, eta lanak sortzen du morrontza. Baina esperientzia honek asko lagundu dit; bost urte hauetan konturatu naiz anonimato horrek eman didala aukera ikusteko jendeak nola baloratzen duen lana, atzeak baldintzatu gabe. Jon Urbe bezala lan egitean, aurretik dijoa nire itxura, nor naizen, eta gero dijoa lana. Edo askotan, kazetariak aukeratutako argazkia argitaratzen da, diseinatzaileak emandako kortearekin. Bestean, askea naiz.
Anonimatoan, baina salto facebookera. Zergatik?
Nire buruari ezarri nizkion errutina batzuk. Digitalak ekoizpena asko haunditzen lagundu du, baina horrek aukeraketa lan haundia eskatzen du. Eguneroko erronkak dira fintzen laguntzen dutenak. Horregatik, egunero argazki bat txuri-beltzera pasatzea erabaki nuen, eta bi aukera nituen: gorde kajoain eta galdu, edo jendeari erakutsi. Horretarako facebookek aukera ematen du. Behin hasita, hasi nintzen ikusten zergatik argazki batek funtzionatzen duen eta besteak ez. Ea den uste dudan arrazoiarengatik. Bilatzen dut zergatia. Baina ez dago! Hala ere zerbait antzematen dut. Asko kezkatzen nau.
Aukeraketa ere zorrotza egin duzu, Paotsa liburua egiteko?
Bide horretan jendeak aurrea hartu zidan. Batzuek esan zidaten argazki bat aukeratu eta ipuinen bat edo zerbait egingo zutela. Nire argazkia oinarri hartuta beste sorkuntza bat egitea zirraragarria izan da! Beraz, liburuko argazkiak norberak aukeratu ditu, lehengo jokora lotuta. Gonbidatu ditut lagunak argazki bat aukeratzera, eta berriro sortu zait galdera: zergatik? Oso soziala da nere argazkia, jendea agertzen da, eta oso zaila egiten zaigu jendea agertzen den argazkiari aurre egitea. Libururako aukeratu dituzten gehienak bizi ditugun gatazken ingurukoak dira; emakumeen borroka, adibidez.
«Kazetaritzaren munduan, uste da argazkia dela testuaren iustrazioa, lagungarria. Horren kontra nago»
Eta ados zaude, jendearen aukeraketarekin?
Nere lanak ez du ezer balio ez bada iristen eta ez bada neurtzen. Noski, nik konforme geratu behar dut. Baina horrek sortu du niretzat oso onak diren argazkiak inork ez aukeratzea. Nik jarri ditut jokorako arauak, eta errespetatu egin behar! Baina pozik geratu naiz, ez delako bete-lana izan. Jendea asko inplikatu da proiektuan. Hasieran 200 bat gonbidapen bidali nituen, ea nork erantzuten zuen, eta azkenean, jendea geratu da kanpoan! Gero, bakoitzari galdetu diot nola nahi zuen sinatu. Liburuak askatasun haundia dauka. Kazetaritzan sinadura ikustean, iritzia dela ulertzen dugu. Argazkilaritzan berdin; erakusten du nire begietatik ari naizela. Nik hartzen dut arriskua eta ardura. Kazetaritzaren munduan uste da argazkia dela testuaren ilustrazioa, lagungarria. Horren kontra nago. Kazetariak bere hizkuntzan ematen du gertatuakoaren berri, eta argazkilariak berean. Ez dut ulertzen zergatik izan behar duen batek bestearen menpeko. Horregatik, askatasuna eman diet.
Eta liburutik erakusketarako aukera, nola egin duzu?
Eduki behar da argazkilari pentsamendua; zauden lekuan argazki bat ikusten duzu eta erabaki pila bat hartzen duzu momentuan: zer, nondik, nola. Daukazun aldarteak, gogoak, interesak... baldintzatzen du. Orain egingo banu aukeraketa, seguru diferentea izango litzatekeela. Aurreko liburuetan ere nik egin nuen aukera, eta orain desberdin egingo nuke.
Digitalizazioak ekoizpena haunditu du, ordea. Nola egin aukera, orduan? Zenbat argazki egiten dituzu egunean?
Nahiko txatarreroa naiz. Gordetzen dut dexente. Erdiak baino gutxiago. Atera, asko. Hala ere, uste dut dela erantzun behar ez den galdera. Argazkilariaren lana icebergaren punta da; argazki on batean atzean argazki pila bat dago. Esaten da digitalizazioarekin demokratizazioa iritsi dela, eta ez nago ados. Lehen ez al zen ba, demokratikoa? Esan nahi du edonork egin ditzakeela, eta ez daukat horren kontra ezer. Digitala ala negatiboa? Axalekoa da eztabaida hori. Askotan jendea hurbiltzen da argazkilaritzara nahi dituelako emaitzak: ‘eman filtro bat egingo duena ez dakit zer’. Nik egunero praktikatu dut horra iristeko! Bestalde, lehen norbaiti argazkia egin, eta sentitzen zen berezia; orain, nazkatuta. Jarrera aldatu da. Artearen beste esparruetan akademizazioa lortu da, baina argazkilaritzan ez. Lanean ari dena ere ez da errespetatzen. Eta planteamenduan ere akatsa dago; argazkia ez da laguntzeko, iritzi propioa dauka.
Dena ez da txarra izango... Proiekturik ez duzu falta!
Ez dakit positiboa den, ala gehiago den ‘azkenak’ garelako; ‘azken argazkilaria’. Bi garaiak bizitzea tokatu zait. Lehen argazkilaria errespetatua zen, eta orain galdetzen dizute: ‘hortatik bizi zara?!’ Bakoitzak gure borroka egin dugu eta horrek galbidera garama. Kolektibo bezala egin behar dugu, argazkilaritza prestigiatzera. Azken batean, argazkilaritza da hizkuntza bat, gehien erabiltzen duguna, eta gutxien alfabetatuta gaudena.
- PAOTSA, Rioja tabernan salgai.
- Argazkilaritza ikastaroan izenematea, Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntza eta Kirol Bulegoan (Zuzenbide Fakultateko beheko pisuan), irailaren 29ra arte.