Pasa den astean Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Ana Carrere Andoaingoak eta Xabier Arregi Usurbilgoak erregistratu zuten helegitea, Aldundiaren Buruntzaldeako autobus zerbitzuen aurreproiektuaren kontra, bertan behera uzteko eskatuz.
Astigarraga, Urnieta eta Lasarte-Oriakoek ere aurkeztu dituzte helegiteak, bakoitzak bere aldetik, eta bestelako hainbat talde eta eragile ere batu dira.
2013an hasitako prozesua
Aldundiak aurkeztu duen aurreproiektu hau lehendik dator; 2013an parte-hartze prozesua egin zuen herritarrekin, zerbitzua hobetzeko haien proposamenak biltzeko. Guztira, 1.050 herritarrek hartu zuten parte, Buruntzaldea-Tolosaldea, Goierri-Urola Garai, Debabarrena, Urola Kosta eta Debagoienakoak, eta 3.300 ekarpen baino gehiago egin zituzten. Baina 2015ean, zerbitzu berriak esleitzean, Buruntzaldeari zegokiona esleitu gabe geratu zen, eta ez zen aldaketarik aplikatu. Orain berriro aurkeztu du aurreproiektua, baina ordukoan herritarrek egindako hainbat eskaera ez dira kontuan hartu.
Aldundiaren esanetan, «mugikortasun, operatibotasun eta ekonomia orekaren irizpideekin» osatu da aurreproiektua. Dena den, proposamenaren kontra sortu diren iritziak kontuan hartuta, urriaren 23ra arte luzatu du helegiteak egiteko epea, eta Udal ordezkariekin biltzen ari da, haiek hala eskatuta.
LAB SINDIKATUA: «Zerbitzu asko kentzean, langileak soberan daude»
Helegiteak aurkeztu ditu LABek, eta dei egin du urriaren 17an, 11:00etan, Diputazio aurrean kontzentrazioa egiteko.
Hainbat arrazoi eman ditu LAB sindikatuak ere, Aldundiak aurkeztu duen Buruntzaldeako autobus zerbitzuen aurreproiketuari helegiteak aurkezteko; «uste baino askoz ere larriagoak dira aldaketa eta murrizketak».
Batetik dio, «kostuen gutxitzea, autobusen murrizketa haundiekin eta lan baldintzen okertzearekin zuzenean lotuta» dagoela. «Zerbitzu asko kentzean, langile asko soberan egongo dira, eta litekeena da hauetako askok lanpostua galtzea».
Era berean, «langileei lan karga eta erritmoak haunditu» izana salatu du; «istripuen arriskua izugarri haunditzea eragingo du».
Zerbitzuari dagokionez dio, G1a, «15 minuturoko zerbitzua izatetik, 30 eta 60 minuturokoa izatera pasako» dela. G2ari dagokionez, berriz, dio: «Orain arte gidariek 45 minutu bazituzten ibilbidea burutzeko, orain 39 eman dizkiete. Langileek diote ezinezkoa dela hau betetzea». G3ak izango dituen murrizketak eta G4aren zirkuitua luzatu izana ere salatu du.
Hori guztia dela eta, asteartean Gipuzkoa Plazan kontzentratzeko dei egin du, 11:00etan, Zerbitzu publiko eta lanpostuen defentsan, murrizketarik ez! lelopean.
UGT SINDIKATUA: Helegitea, autobusek
Hasa, Garayar eta TSSTek uste dute lanpostuak murriztu daitezkeela.
Buruntzaldeako Garraio Publikoaren Zerbitzua esleitzeko aurreproiektuari helegitea aurkeztu diote, UGT sindikatuaren arabera, egun linea horiek ematen dituzten enpresek ere; HASA, Garayar eta TSST enpresek. Egun 125 langile dauzkate, eta diote: «aurreproiektuan ez dira zehazten lan-baldintzen hobekuntzak, langileen gidatzeko denborak eta atsedenak».
Era berean, UGT sindikatuak kritikatu du testuan «gehiegizko langile kopurua» dagoela esaten dela, baina ez direla zehazten «egin beharko diren lanpostu aldaketak edo kaleratzeak».
EREÑOTZU: «Garraio publikoaren eskaintza, Hernanira joateko baliabide publiko bakarra izanik, oso urria da»
Auzo Udalak, Txirrita eskola publikoak eta Katiluzar guraso elkarteak helegitea aurkeztu dute Aldundiaren Buruntzaldeako Garraio Aurreproiektuaren kontra.
Ereñotzuko auzotarrek, hau da, Auzo Udalak, Txirrita eskola publikoak eta Katiluzar guraso elkarteak, helegitea aurkeztu dute Aldundiaren Buruntzaldeako Garraio Aurreproiektuaren aurka.
«Egungo garraio publikoaren egoerak, bai Ereñotzuko biztanle baita Txirrita eskola publikoko umeei ere eragiten die», diote prentsa ohar batean. «Hasteko, bertako biztanleentzat, Hernanira joateko duten baliabide publiko bakarra autobusa izanik, eskaintza oso urria da (ordutegi murritza, garraioa ez da beti Pagoagaraino iristen…). Aurreproiektuak gainera Ereñotzurako eskaripeko sistema ezarri nahi du, baina ordutegi eta ibilbideak mantenduz. Hori lehendik eskasa den zerbitzuarentzat atzerapauso handia da. Horregatik alegazioa aurkeztu dugu, zerbitzua eskaripekoa izatekotan hobekuntzekin etorri behar duela adieraziz, talde eta behar guztiei egokitutako ordutegi eta ibilbideekin».
Gainera, Txirrita eskola publikoko umeen egoera nabarmendu nahi izan dute: «Ekolaz kanpoko jardueretara joateko garraio publiko egokia behar beharrezkoa dute (kultur etxera, kiroldegira… joateko), eta ez dago bermatua maiztasun faltagatik. Txirrita eskola publikoa egoera larrian geratzen da, izan ere Hernaniko azpiegituretara eta baliabide pedagogikoetara garraio publikoan joateko eskubidea ez da bermatzen. Esaterako, ikasturte honetan, igeriketa ikastarora joateko garraioa ez dago oraingoz bermatua, urtero Aldundiaren esku geratzen baita zerbitzu berezi hori eman edo ez erabakitzea. Helegitean eskatu dugu eskolaren beharretara ere egokitzea ordutegiak».
Helegitean proposatutako eskaerak aintzat hartzeko eskatu dute.
HERNANIKO UDALA: «Eskatu dugu prozesua eten eta herritarrekin aztertzea»
3 eskaera biltzen dituen helegite ereduak herritarren eskura jarri ditu Udalak.
Lehengo asteko asteazkenean, hilaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian izan zen Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Andoain eta Usurbilgoekin batera, helegitea jartzeko Buruntzaldeako autobus zerbitzuen Aldundiaren aurreproiektuari.
Intxauspek Kronikari azaldutakoaren arabera, hiru udal hauek «prozesua etetea» eskatu dute; «Astigarraga, Urnieta eta Andoaingo Udalek ere jarri dituzte helegiteak, baina ez dute prozesua eteteko eskatu».
Hiru eskaera
Helegitean hiru eskaera garbi egin zituzten hiru Udalek, Intxausperen esanetan: «prozesua etetea, murrizketarik ez aplikatzea, eta Udal eta herritarrekin gaia landu eta aztertzea». Izan ere, «orokorrean, proposatzen diren aldaketek ikaragarrizko murrizketak» eragingo dituzte. «Gainera, ibilbideak ez daude oso argi; planteatzen diren aldaketak egiteko denborarik ematen ote duen ez dakigu; 3,5 milioi km egiten dituen zerbitzua 2,7 milioi km egitera pasako da...».
Mugikortasun arazo gehien dituzten kolektiboak, kaltetuen
Era berean, Intxauspek salatu du murrizketek bereziki kaltetuko dituela mugikortasun arazo gehien dituzten kolektiboak: «ikasleak, ospitalera dijoazten adinekoak, lanera dijoaztenak... Askotan mugitzeko beste biderik ez dutenak dira».
Helegiteak eskura, Biterin, kiroldegian eta udaletxean
Horrela, 3 eskaerak biltzen dituen helegite eredua prestatu, eta herritarrek sinatzeko utzi dituzte Biterin, udaletxean, kiroldegian eta Udaltzaingoan.
ASTIGARRAGAKO UDALA: «A1 eta A2 lineak nabarmen murriztea proposatzen da»
Helegitea aurkeztu dio Astigarragako Udalak, Aldundiaren proposamenari, eta «kezkatuta eta harrituta» dagoela dio; «Astigarragak autobusa du garraio publiko bakarra».
Gobernu Jeltzaleak prentsa ohar bidez azaldu du «kezkatu» egin duela Aldundiaren Buruntzaldeako Garraio Aurreproiektuak. Izan ere, «autobusen zerbitzu publikoa esleitzeko proposamenak murrizketa nabarmena jasotzen du gure herrirako, Astigarraga Donostia eta Hernanirekin lotzen dituen A1 eta A 2 lineatan».
Hori horrela, helegitea jarri duela jakinarazi du.
Murrizketa, %40koa
Udal Gobernu Taldearen esanetan, «aurreproiektuan azaltzen den aste egunetako autobus zerbitzuaren murrizketa areagotu egiten da asteburuetan, %40ra iritsi arte. Horrela, orduko bi zerbitzu besterik ez dira izango igande eta jai-egunetan; A1 eta A2 bana izango dira».
Horrez gain, Gobernu Taldeak dio «harritu» egin dela aurreproiektuaren aurrean, «Udal Gobernu Taldeak Mugikortasun Sailarekin izandako elkarrizketek beste bide bat» hartua zutelako; hain zuzen, legegintzaldi honetan indartu egin dira Donostia eta Astigarraga arteko loturak. «Garraio publikoa indartzeko gobernu jeltzaleak hartutako konpromisoari lotuta, azken urtean lortu da 8 aldiz indartzea Oialumetik (Astigarraga) Donostiarako A2 linea (7:10, 8:10, 9:10, 13:40, 14:40 17:40 18:40 eta 19:40), eta beste 9 aldiz indartzea Donostiatik Oialumerakoa (7:50, 8:50, 9:50 13:20 14:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20)».
«Helburua da A1 eta A2 lineatako zerbitzua ez murriztea»
Aldundiaren proposamenean jastozen diren murrizketak nabarmentzeaz gain, Udal Gobernu Taldeak azpimarratu nahi izan du Astigarragako egoera ez dela Buruntzaldeako beste herriena bezalakoa, eta kontuan hartu beharrekoa dela uste du.
«Aurreproiektuak eragina dauka Buruntzaldeako beste herrietan ere, baina Astigarraga da garraio publiko bakarra daukan herri bakarra; eta hori, autobusa da», azaldu dute. «Horregatik», diote, «Udal Gobernu Taldeak helegitea aurkeztu dio aurreproiektuari. Helburua da A1 eta A2 lineatako zerbitzua ez murriztea».