Bero-bero dago autobus zerbitzu publikoaren gaia, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu aldaketak egiteko aurreproiektua aurkeztu zuenetik.
Eta atzokoan, Buruntzaldeko autobus zerbitzu publikoko langileek egin zuten agerraldia, Hernaniko udaletxean, salatzeko «uste baino askoz ere larriagoak» direla, planteatutako aldaketak: «eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu, geldialdiak ezabatu, eta zerbitzuak izugarri murriztu nahi ditu Aldundiak. Badirudi ahaztu egiten zaiela, zerbitzu publiko batez ari garela; eta beraz, gizartearen interes orokorra jarri behar dutela beti, interes ekonomikoaren gainetik».
Garbi daukate murrizketak ez direla beharrezkoak: «datuek erakusten dute, 130.864 desplazamendu gehiago egin ziren 2016an Buruntzaldean, eta Gipuzkoa da kotxearen erabilera haundiena duen lurralde historikoa. Garraio publikoaren erabilera bermatu behar da, eta neurri hauek zentzugabekeria hutsa dira. Sistema publikoa suntsitzen eta herritarrak zein langileak kaltetzen ari da Aldundia».
«Langileok pairatuko ditugu murrizketa hauek, modu bortitzenean»
Izan ere, atzo nabarmendu zuten, herritarrak batetik, eta langileak bestetik kaltetuko dituztela aldaketek: «langileok pairatuko ditugu murrizketa hauek, modu bortitzenean. Zerbitzu asko kentzean, langile asko soberan egongo gara, eta litekeena da, 30 langiletik gora gelditzea lanposturik gabe; 100 langile inguru gara orain. Gainera, planteatzen dituzten neurriekin, gidarien lan erritmoak haundituko dira, deskantsuak murriztu, eta lan istripuen arriskua izugarri haunditu», kritikatu dute.
«Borrokan hasi gara, eta herritarren eta instituzioen babesa behar dugu»
Horregatik, nabarmendu dute borrokan hasi direla langileak, eta «herritarren eta instituzioen babesa» behar dutela, datozen asteotan egingo dituzten mobilizazioetan. Azaroaren 15ean, adibidez, enkartelada egingo dute Donostiako Julio Caro Baroja plazan, trafikoko eraikinaren aurrean. Gainera, folletoak banatuko dizkiete erabiltzaileei: «zerbitzu publikoaren helburuak soziala izan behar du, eta ez ekonomikoa», aldarrikatu dute.