Historiaurrea, Kanidek haurrei kontatua

Kronika - Erredakzioa 2017ko abu. 29a, 02:00

‘Las aventuras de Kanide’ izeneko bildumaren baitan, hiru nobela argitaratu ditu Iñaki Sainz de Murietak, Hernanin bizi den
idazle donostiarrak; azkenekoa, ‘La mirada de la ballena’, egun hauetan. «Historiaurrea eta idaztea, betidanik izan ditut
gustoko, eta duela gutxi bururatu zitzaidan haurrentzako nobelak idazteko ideia, haur txikiekin maisu bezala ari nintzela».

Historiaurrean kokatu dituzu Kanideri buruzko nobelak. Nolatan ideia hori?
Historia, eta konkretuki, His­toriaurrea, betidanik izan dut gustoko, idaztea bezala. Egia da arkeologo gisa indusketa lanetan egon nintzela orain dela hamar bat urte, baina Kanide pertsonaiaren ideia duela gutxi etorri zitzaidan burura, haur txikiekin maisu bezala lanean ari nintzela. Orduan erabaki nuen, gure Historiaurrearen inguruan txi­­kientzako liburuak idazten hastea, gure herria zein abe­ratsa den ezagutarazteko.

Aurretik ez zen askorik idatziko haurrentzat, horrelako gaiei buruz...
Nik ez nuen ezer ezagutzen. Horregatik hartu nuen horren gogotsu. Ekainberrikoekin hitz egiterakoan, beraiek ere azal­du zidaten haientzako harri bitxi bat zela, ez soilik lehenengo liburuxka Ekainberrin koka­tu­ta dagoelako, baizik eta horre­la­ko materialen falta izaten dute­lako askotan. Seguru egon ba­daudela, gure gizarte honetan ia denetarik dagoelako, baina Las aventuras de Kanide be­za­lako liburuak ez dira aurki­tze­n horren erraz.

Nolako nobelak aurkituko ditu irakurleak?
Irakurtzeko errazak, espero, oso dinamikoak. Liburu bakoi­tzean lau kapitulu daude, eta guztiak erakargarriak eta en­tre­tenigarriak izaten saiatu naiz. Guztietan zeozer interes­garria gertatzen da.

«Saiatu naiz Historiaurreko bizitza ahalik eta modu objektiboenean azaltzen, eta Miguel Berzosak lan bikaina egin du marrazkiekin»


Kanide da liburuetan protagonista. Zer nolako abenturak bizitzen ditu?
Denetarik. Saiatu naiz orduko bizitza ahalik eta modu objek­tiboenean azaltzen. Jaiotzak eta heriotzak ere ematen dira, ehizak bezala, baina beti in­gu­rumenarekiko errespetua za­bal­tzeko ideiarekin.

‘La cueva de los caballos’ eta ‘La ceremonia del fuego’ izan ziren aurreneko biak. Zer kontatzen duzu horietan?
Bi liburu horiek idaztean, oso kontutan izan nituen Zestoa­ko Irikaitz eta Ekaingo aztarna­te­giak. Adibidez, Ekai­nen aur­ki­tu daitekeen zaldien muralaren berri izango dute irakurleek, eta harrizko lana­be­sak egiten ikasiko dute.


Eta bildumako hirugarren liburua argitaratu berri duzu, ‘La mirada de la ballena’. Zer aurkituko dugu bertan?
Oraingo honetan Kanide itsa­so aldera mugituko da bere fami­liakoekin, eta gure Flyscha ez da izango, aurkituko duen gauza ba­ka­rra. Izenburuak berak argitzen duenez, bale bat aur­kituko du­te bertan, eta ho­rrek eragina izango du libu­ru­an. Gainera, bukaeran ezus­teko garrantzi­tsu bat dago...

Marrazkiek ere garrantzia izango dute nobeletan, ezta?
Jakina! Miguel Berzosak lan bikaina egin du, eta horrek asko laguntzen du. Nik beha­rrezkoa ikusten nuen marraz­ki ugari izatea, gaur egun haur txikiek estimulu asko behar dituztelako. Gainera, helduen­tzako ere mesedegarria izaten da, noizbehinka lagungarria den irudiren bat egotea. Hortaz aparte, kapitulu bakoitzaren bukaeran arkeo­lo­gia esperi­mentala lantzeko adibide bat dago, helduek zein txikiek teo­ria praktikan jar dezaten.

Euskeraz ez dira argitaratuko nobela horiek?
Espero dut baietz, baina nork daki. Miguel eta biok saiatu gara behin eta berriz hemengo argitaletxe ezberdinekin ha­rremanetan jartzen, aukera hori eskainiz, baina atea itxita aurkitu dugu beti. Orduan nire ar­gi­taletxekoekin hitz egin nuen, eta azaldu zidaten la­gun­tza ekonomiko minimo bat jasoz gero, proiektua aurrera eramango zutela; baina orain­dik ez dut lortu, horretarako dirua jarri nahi duen insti­tuzio pri­batu edo publikorik. Aukera hor dago, baina bul­tza­da ekonomikoa falta da.

Helduentzako ere, idatzi izan duzu horrelako gaiei buruz.
Zeozer bai. Badaukat eleberri bat, Los hijos de Ik - Lazos de sangre deiturikoa, Ipar Ame­ri­kako tribu nomada baten bizimoduaren ingurukoa. Hori Argentinan plazaratu zen le­he­nengo aldiz, 2011 urtearen bu­kaera aldera, baina urte batzuk igaro eta gero liburuaren es­ku­bideak berriz neureganatu ni­tu­en, eta orain Amazonen bi­dez eskuratu daiteke. Bigarren titulua ere idazten hasi nin­tzen, baina momentuz etenda dago; beste proiektu batzuk bezala.

Literatura eta antropologia dira zure pasioak. Zergatik? Nondik datorkizu hori?
Txikitatik. Nire gurasoak prest zeuden beti eskatutako edo­zein liburu erosteko, eta nire anai zaharrenak ehun bat liburu irakurtzen zituen urte­an. Jarraibideak baneuzkan. Urte batzuk pasa eta gero, mi­tologiako liburuak irakur­tzen hasi nintzen, horrek euskal mitologiarekiko interesa piztu zidan, gero etnografiako libu­ruak irakurtzen hasi, eta beno, horrela jarraitu nuen gaur arte.

Hernanira bizitzera etortzeak, lagundu dizu nobelak idazteko garaian?
Asko lagundu dit, baina batez ere alderdi psikologikoari da­go­­kionez. Etxebizitza hartu nue­nean garrantzi haundia eman nion idazteko txoko bat iza­te­ari, eta nahi eta nahi ez berritu behar nuenez, liburutegi txiki bat jarri nuen eroso senti­tze­ko, beti ere disko-jogailua albo­an. Orduak pasatzen ditut bertan. Gainera, nire neskalagunak asko lagundu nau azken urte hauetan eta hori beti da me­sedegarria. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!