Zeruan lehertuko den suziriak, sua piztuko du Plazan... eta festa giroa txoko guztietan!

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 23a, 02:00

Iritsi da eguna! San Joan bezperarekin lehertuko da, azkenean, aurreko egune­tan pil-pilean dabilen festarako gogoa! Eguerdiko 12:00etan txupinazoa bota aurreko momentuetan, kolorez eta ilusioz betetako Plaza bat ikusiko dute San Joan Kon­par­tsako kideek. Eta behin suziria zeruan lehertzen denean, salto eta kanta artean murgilduko dira herri­tarrak; datorren asteartera bitarte atse­denik izango ez duen festa batean!
Haurren marrazki lehiaketa, tiro txa­pelketa, Azeri Dantza edota aurreskua izango dira protagonista aurrena, eta Akelarreak hartuko du Plaza gero, herriko abesbatzek  kalez kale kantatzen duten bitartean. Elizako Salbe Nagusiak eta Musika Bandaren San Joan martxak egingo diote bidea, Plaza jendez beteko duen San Joan suari.
Eta sugarrak bezala zabalduko da musika, gauean ere: DJ gaua Molotoffen eszenatokian, gau elektronikoa Mila­grosan, Laiotzekin dantzaldia Tilosetan, Santa Barbara elkartearen danborrada, eta Urumea txarangaren kalejira.

«Jaiak askatasunean baina sano gozatzeko» deia, Udal Gobernuak
Eta festak hastear direnean, Udal Go­bernu Taldeak gogorarazi nahi izan du, «disfrutatzeko» direla, «askatasunean baina sano, eta besteekiko eta ingurua­rekiko errespetua ipar hartuta».
Horretarako, nabarmendu dute Jai Batzordea saiatu dela «hernaniar guzti­on­tzat eskaintza zabala» daukan egita­raua osatzen, «adin eta gustu guztiak kontuan hartuz, denok goza dezagun herriko jaietan».
Aurreratu dute, «zenbait moldaketa» dituela programak, Jai Batzordeak egin duen gogoetaren ondorioz: «jaietan ani­maliei ematen zaien tratuaren inguruko hausnarketagatik, ekintza batzuk kendu egin ditugu egitarautik, eta beste batzu­en maiz­tasuna gutxitu», azaldu dute.
Zentzu horretan, Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie, San Joanak antolatzen eta aurrera ateratzen parte hartu eta lan egin duten guztiei.
Eta azkenik, ez dituzte ahaztu nahi izan, «San Joanak gurekin gozatzeko aukerarik izango ez duten lagun, koadrilakide eta familiartekoak».

Hondakin bilketa zerbitzuan aldaketak, jaiek iraun bitartean
Bestalde, Udalak jakinarazi du, hon­da­kin bilketa zerbitzuan aldaketak izango dire­la, jaiek iraun bitartean, kale haue­tako bizilagun eta komertzioei eragingo die­te­nak: Andre kalea, Atzieta, Biteri 2, Tilo­se­ta, Gudarien Plaza, Iturriaga, Izpi­zua, Nafar kalea, Kale Nagusia, Plaza Berri, Urbieta kalea (6, 7, 8, 9, 10 eta 12 zenbakiak) eta Zapa.
Eguerdiko 12:30etatik 14:00etara ate­ra beharko dituzte hondakinak, egun bakoi­tzean hauek: gaur eta igandean orga­nikoa, astelehenean errefusa eta ontzi arinak, eta asteartean papera eta kartoia.
Komertzio eta tabernei, hiru bilketa berezi ere egingo zaizkie: kartoia gaur, errefusa bihar, eta ontzi arinak etzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!