Camille, Pirinioetako hartzaren atzetik

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 27a, 02:00

Mendiriz mendi
Pirinio mendizerran bizi izan zen azken hartz arrea izan zen Camille (Ursus arctos pyrenaicus), eta zazpi urte dira hil zela uste dela. Bizitza osoa Frantziako Bearn bailaran, Aragoiko Anso eta Echo herrian artean eta Nafarroako Erronkari bailaran pasa zuen, eta horregatik dauka bere izena, Mendiriz Mendik ekainerako proposatu duen ibilbide honek
Guztira, 6-7 etapa dauzka ibilbideak, 104km, eta Men­diriz Mendik etapa guztiak egiteko asmoa du, urtean pare batetan egiten dituen asteburutako irteerak aprobetxatuz. Ekainaren 3-4an egiteko hau izango da aurrenekoa.

Hartz arrerik ez, gaur egun
XX. mendearen hasieran Piri­ni­o­tan 200 hartz inguru zeu­de­la estimatzen da. Gaur egun, oraindik, badira har­tzak, baina ez dira bertako hartz arreak. Guztira 20 inguru daude eta gehienak Eslo­ve­nia­tik ekarritakoak edota bertara ekarri eta bertako hartzekin gurutzatutakoen ondorengoak dira.
Hartzak animali ezagunak dira eta ezin dira beste animaliekin nahastu. Helduek ia bi metroko luzera iristera iritsi dai­tezke, eta arrek 200 kiloko pisua izan dezakete. Emeak txikiagoak dira eta normalean ez dira 120 kilotik pasatzen. Beraien bizi iraupena 25-30 urtekoa izaten da. Ez dute oso ikusmen ona, baina entzumena eta usaimena, primerakoak. Hori dela eta, oso arraroa izaten da horrelako animali batekin mendian topo egitea. Gizakia distantzia handira entzuten edo usaintzen dute eta horrelakoetan ihes egiten dute. Hartzen presentziaren adierazleak beraiek utzitako aztarnak, gorotzak eta zuhai­tzetan uzten dituzten markak izaten dira.
Normalean begetazio ugari dagoen basoetan bizi dira, bertan babesa eta elikagaiak aurkitzen dituztelako. Denetatik jaten duten animaliak dira, baina beraien dieta fruitu lehor, baina eta beste landare batzuez osatuta egoten da. Noizbehinka animali txikiak ehizatzen dituzte edota hilda aurkitzen dituztenak jaten.

Aurreneko irteera honetan, bi etapa
Hernanitik bidaia egin ondoren, autobusak Gabardito aterpera igotzeko dagoen bidegurutzean utziko gaitu. 
Lehenengo etapa hau motza da, eta helburua oinez Gabarditora igotzea eta bertan gaua pasatzea da. Jende askok etapa hau Lizara aterperaino luzatzen du, baina guk horrela egingo dugu, Gabarditokoek diseinatu eta burutu zutelako lehenengo aldiz Camille ibilbidea.
Autobusetik jaitsi eta ibaia zubitik gurutzatu ondoren, marka gorri-zuriz adierazitako bidezidorra hartu behar da. Galerarik gabe ordu edo ordu eta erdiko igoera jarrai batek Gabarditoko aterpearen aurrean utziko gaitu. Hantxe pasako dugu gaua.
Ondo gosaldu ondoren Lizarako aterpera doan bidea hartuko dugu. Hasiera batean baso barrutik egiten da bidea, baina ordu erdi ingurura goi soroetara irteten da. Mendiko soro hauetatik bideari jarraituz 2-3 ordutan Foraton izeneko lepora iritsiko gara. Bertan, nahi duenak, Bisaurin igotzeko aukera izango du. Nahi ez duenak, bideari jarraitu eta, ordu eskasean, etaparen amaiera den Lizara aterpera iritsiko da. 
Bi etapa hauekin hasita, datozen urteetan, gehiago! 

-Non kokatzen da:

‘Ruta de Camille’. Echo, Lescun, Anso eta Isaba eremuetan dagoen ibilbide zirkularra.


1. ETAPA
- Luzera: 1 km
- Denbora: ordu bete edo ordu eta erdi.
- Desnibel metatua: 450 m gorantz.


2. ETAPA
- Luzera: 10 km
- Denbora: 3-4 ordu (6 ordu, Bisaurin igoten bada).
- Desnibel metatua: 700 m gorantz eta 550 m beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoak. Hala ere, Bisaurin (2.670m) igoz gero, 700 metroko desnibela.

Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta, eta aterpean lo egiteko lo za­kua (oihalezko fin bat nahikoa).
Mendiriz Mendik ekainaren 3 eta 4an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!