Orain bi aste hasi ziren Zubietan, erraustegia eraikitzeko obrak; eta horren bueltan, hainbat mobilizazio egin dituzte, egun hauetan. Beste bi zita ere jarri ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, datozen egunetarako: kotxe karabana ostegunean, maiatzaren 25ean; eta Erraustegiaren Aurkako Eguna larunbatean, hilaren 27an.
Errekaldeko Decathloneko aparkalekutik abiatuko da kotxe karabana, Barraskilo operazioa deitu dutena, ostegunean arratsaldeko 18:00etan. Ez onartu erraustegia, ez onartu inposaketa! izango da leloa.
Egun osoko egitaraua, datorren larunbatean
Maiatzaren 27an, larunbatean, berriz, egun osoko programa prestatu dute, Zubietan. Goizeko 11:00etan elkartu, eta hiru hitzaldi eskainiko dituzte, Kaxkapeko aretoetan. Bitartean, haurrentzako tailerrak ere izango dira.
Gero, adierazpena irakurriko dute, 13:30etan; eta 14:00etan, herri bazkaria izango da, paella jatea. Txartelak salgai daude Onddin eta Lurrekon: haurrek 5 euro eta helduek 10 euro, postrea eta edaria barne.
Gipuzkoa Zutik, maiatzaren 27arekin bat
Egun horretan antolatutakoarekin bat egin du Gipuzkoa Zutikek ere, eta beste hiru ekimen prestatu ditu larunbaterako, Zubietan bertan.
Eguerdiko 12:00etan hasita, bi asanblada deitu dituzte: Gipuzkoa mailan borroka aktibatu, eta Euskal Herri mailako eragileekin iritziak trukatzeko.
Eta arratsaldean, 16:00etan hasita, martxa nazionala deitu dute, «erraustegiaren eta makro-kartzelaren kontra», eta Euskal Herriko eragile eta lagun guztiak gonbidatu dituzte.