Loreak eta landareak izango dira protagonista, bihar goizean, Urbieta kalean. Izan ere, laugarrenez jarriko dute Lore eta Landare Azoka berezia.
Goizeko 10:00etan zabalduko dituzte postuak, eta eguerdiko 14:30etara arte egongo dira bertan. Guztira, 17 ekoizlek jarriko dute postua: lore eta landare naturalak ekarriko dituzte batzuek, kosmetikako eta medikuntza naturaleko produktuak beste batzuek, eta baita lore eta landareekin egindako artisau lanak ere. Horietako hiru, hernaniarrak izango dira: Karabeleko, Irusta eta Mendi Lore. Eta Loraldi astigartarra ere bertan izango da.
Hiru tailer, haurrentzat
Postuez gain, hiru tailer ere jarriko dituzte, haurrentzat: egurrarekin eskulanak egiteko bi, eta lore prentsatuarekin orri markatzaileak egitekoa.