Elkarbizi taldeak gonbidatuta, Fabian Laespada izango da gaur Biterin. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Sufrimenduaren sozializazioa eta jazarpen indarkeria gaiaz hitzaldi-solasaldia eskainiko die, aurretik izena eman duten herritarren aurrean. Bere ikuspuntua azaldu ondoren, eztabaidarako tartea ere, izango dute bertaratuek.
Bakearen aldeko Koordinakundeko ordezkaria
Gaur landuko den gaia zuzenean ikertu duen taldeko ordezkari izan zen Fabian Laespada, Bakearen aldeko Koordinakundekoa, hain zuzen.
Talde horrek ikertu ditu, hain zuzen, jazarpen indarkeriaren ondorioak: «mehatxua, horrenbestez, estresa etengabe sorrarazten duen alderdi bihurtzen da, indarkeria etengabe azaleratzeak eguneroko bizitzaren adierazpenik funtsezkoenak aldatu eta eragozten ditu, maila publikoan zein pribatuan. Bestalde, zuzenean mehatxatzen den pertsona horrek ez ezik, beste pertsona askok jasaten dute jazarpen-estrategia hori. Etengabeko eraso horren ondorioz familiartekoek, lagunek, auzokoek edo lankideek ere beldurra dute».
Sentsibilizazioa, helburu
Tormentu guztien memoriak lantzea izan da Elkarbiziren 2017ko egitasmoaren helburuetako bat, sentsibilizazioa lortzeko: tortura polizialen inguruan aritu ziren apirilean, jazarpen indarkeriaz gaur, eta zerga iraultzaileaz, ekainean.