Urumearen kalitatea berreskuratu izanaren erakusle, izokinak

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 8a, 02:00

Ibaien osasunaren gaia, esanguratsua da, ingurume­narekiko arduraz hitz egitean. Kalte haundiak jasan izan dituzte ibaiek, industrien hondakinak direla eta; bereziki, industrializazio garaian.
Hori horrela, ohikoak dira ibaien uraren analisiak, jakiteko eta konparatzeko zer nolako egoeran dauden eta zein bilakaera izan duten. Baina adierazle edo neurgailu natural bat ere badaukate biologo eta hidrologoek: izokinaren presentzia.
Ibaien osasunaren eta uraren kalitatearen erakus­garri omen dira izokinak: izokinetan aberatsa den ibaia, osasuntsu dagoen seinale; eta izokinak desa­gertu direna, egoera onean ez dagoen erakusle.
«Bere bizi-zikloa betetzeko, izokinak ur kalitate oneko ibaiak behar ditu, urtsuak, gune legartsuak eta putzuak tartekatuko dituztenak, arroa kontserbazio egoera onean mantentzen dutenak, eta euren errun­lekuetara iristeko oztoporik jarriko ez dizkiotenak. Hori dela eta, esan ohi da ibaiaren egoeraren adie­razle ona dela izokina. Beraz, izokinak bere bizi-zikloa ixteko ezaugarriak betetzen dituen ibaia, neurri batean, egoera onean dagoela esan daiteke», dio Iñaki Sanz-Azkue biologoak. Gai honen inguruan, artikulu bat argitaratu zuen berak, Hernaniko Urtekarian.

2.000 kilo izokin baino gehiago arrantzatzen ziren 40ko hamarkadara arte, baina industrializazioarekin desagertu egin zen Urumeatik.

Hainbat baldintza ibaiak, izokinak igotzeko
Beraz, kalitate oneko ura bakarrik ez, beste hainbat baldintza ere bete behar ditu ibaiak, izokinen bizileku izateko; zehazki esateko, ugaltzeko tokia izateko: «elikatzera joaten dira izokinak itsasora, gehienak Groenlandiako ur hotzetara; eta ibaira bueltatzen dira ugaltzera», azaldu du Sanz-Azkuek. 
Itsasotik ibaira sartu, eta erruteko toki apropos bat bilatzen dute izokinek; eta ezin da nolanahikoa izan toki hori: harri txikiz osatutako gune legartsua, sakonera askorik ez daukatenak, eta ur-korronte jakin bate­koak, arrautzak ondo oxigenatuta baina babestuta egoteko.
Gainera, kontutan hartu behar da, Groenlandiatik Urumearako bide luze horretan, energia asko xahutzen dituztela izokinek; eta ibaian gora egiten ere, korrontearen kontra, ez daukatela lan makala: «ernaldu ondoren, izokin gehienak hil egiten dira ibaian bertan, nekearen nekez», dio biologoak.
Beraz, ezinbestean, ibaiak ernaltzeko gune apro­posak ez ezik, baldintza egokiak ere izan behar ditu; eta antza denez, sobera betetzen zituen, garai batean...

3.000 kilo izokin urtean, XX. mendearen hasieran
Oso aberatsa izan zen izokinetan Urumea ibaia, XX. mendearen hasieran, mende erdialdeko hainbat artikuluk jasotzen dutenez. Felix Mocoroak horrela dio, 1961eko La autodepuración del Río Urumea artikuluan: «Asko dira bere bizilekua aurkitzen dutenak, itsasoa eta ibaiaren arteko uretan, kasu askotan ibaian gora eginez, ur gozo puruen bila, izokina bezala. Diotenez, duela 40 edo 50 urte, urtean 3.000 kilo izokin arrantzatzera iristen ziren».
Eta berdin aipatzen du S. Goñik, 1950eko Siguiendo la historia de nuestros ríos artikuluan: «baieztatu daiteke, arrantzatutako izokinaren kopurua ez zela jaitsi urtean 2.000 kilotik, 200 bat izokin, 300era iri­tsita urterik onenetan. Alerik haundienak, 15,5 kiloko pisua zeukan».
Horri ere egiten dio erreferentzia Sanz-Azkuek, Urtekariko artikuluan: «izokinak, historian zehar, garrantzia haundia izan du Hernaniko herrita­rren­tzat, diru-iturri garrantzitsua izan baita hainbat familiarentzat eta herriko ekonomiarentzat. Izokinen arrantzarako ibai aproposa zen Urumea».

Industrializazioarekin, izokina desagertu
Baina izokinetan, eta bestelako arrainetan, Urumea hain aberatsa zen garaiak bukatu egin ziren; bereziki, industrializazioarekin: «1942tik aurrera, Urumeak jasandako eraldaketa kaltegarriak eta kutsadura direla eta, izokina ibaitik desagertu zen».
Goñik baieztatzen du hori, 1950eko artikulu horretan: «1946an, izokinen batek, edo izokin bikoteren batek hobe esanda, errutea lortuko zuen Urumea ibaian. Sinestezina da nola iritsi ziren toki horretara. Ordutik, ale bakarren batzuk harrapatu izan dira, baina izokina erabat desagertutzat jo daiteke Urumea ibaiaren uretan».
Are gehiago, izokina berreskuratzea oso konplexu­tzat jotzen zuen Mocoroak: «izokinak eskatzen dituen baldintza biologikoak ikusita, oso zaila izango da, baina ez ezinezkoa gauzak ondo eginez gero, berriro ere izokinak ikustea Urumea ibaian. Horixe da lortu behar dugun helmuga gorena».
Mende hasierara arte mantentzen zituen ezaugarri naturalak, galdu egin zituen Urumea ibaiak 40ko hamarkadan: «ibaiaren ertzean eraiki ziren paper-fabrikek, ibaia erabiltzen zuten euren hon­da­kin guztiak isurtzeko. Horrela, ibaiaren ur kalitateak nabarmen egin zuen behera, izokina Urumeako uretatik desagartu zelarik», dio Sanz-Azkuek.
Kontua da, depuradorarik ez zeukatela, garai hartan sortzen hasi ziren papelera eta elektrokimika horiek. Eta beraz, industriako hondakinak, ur eta olio zikinak, zuzenean ibaira botatzen zituzten. Aparra ere izaten zuen ibaiak, orduan...
Salbuespen bat ere aipatu izan da, anekdota bezala: udaran Franco Donostiara etortzen zen garaian, ibaia zikin ez ikusteko, zikinkeria hori guztia desbideratu egiten zutela, tuberiaren batetik edo, garai hartako depuradora orokor batera.
Garaiko dokumentuetan, bi zati desberdintzen zituzten, Urumea ibaiaren baitan: jaiotzetik Her­na­nira iritsi bitartekoa bata, ur purua eta berezko izaki bizidun guztiak zeuzkana; eta Hernanitik itsasora bitartekoa bestea. Bigarren zati horretan, herriko ur zikinak eta industrietako hondakinak jasotzen zituen ibaiak, eta oso bestelakoa zen egoera.

Nola saihestu industriek, ibaia kutsatzea
Mocoroak aipatzen zuen 1961ean, industriek nola bota behar zituzten hondakinak ibaira, «kalterik ez eragiteko bertan bizi diren izakiei, autodepuraziorako beharrezkoak direnak; eta erriberetako biztanleei, usai txarrez betetako atmosfera batean bizitzera kondenatuta daudenak». Eta metodo gisa aipatzen ditu neutralizadoreak, rekuperadoreak... «Eta azke­neko errekurtso bezala, industrian gordetzea, ibaiak korronte haundia daukanean botatzeko».
Ordurako, hori bai, konpondutzat ematen du Mocoroak, papeleretako hondakinen kontua: «pape­le­retako ur zikinen depurazioak, konpondutako arazoa dirudi. Horrek daukan abantaila da, ez direla ibaira botatzen ur beroak, tenperatura asko igotzen dutenak, autodepurazioaren kaltetan».
Azken finean, ezaugarri hauek behar zituen, ibaira botako zen ur zikinak: «ahalik eta neutroena, 7tik ahalik eta gertuen dagoen pH-arekin; eta substantzia toxikorik gabeak. Industria guztiek dauzkate beren teknikoak, beraien ur zikinak egoera horretan bota ahal izateko ibaira», zioen Mocoroak.
Papeleren kasuan aipatzen duen bezala, indus­tri­ek depuradorak jarri zituzten, ur zikinak eta hon­dakinak tratatzeko, ibaira bota aurretik. Eta oso kutsakorrak zirenak, depuradora orokorrera eramaten hasi ziren, Loiolara, gero zuzenean itsasora botatzeko, ibaia zikindu gabe.
Horrek guztiak, noski, nabarmen hobetu zuen Urumea ibaiko uraren kalitatea. Baina hori bakarrik ez, gehiago ere beharko zen, Urumeak berres­ku­ra­tze­ko izokinak, eta bestelako arrain eta izaki bizidunak...

Ur Mia elkartearen lana, izokinak eta amuarrainak berreskuratzeko
Nabarmentzekoa da Ereñotzuko Ur Mia elkartearen lana, zentzu horretan. Aranzadiren Munibe aldiz­ka­ri­an argitaratu ziren, 1950ean, elkartearen jarraibideak Urumea ibaiko arrainak berreskuratzeko bidean: «piszikultura eta arrantza taldea sortzen dugu, Gipuzkoako ibaietan arrainen birpopulaketa ahalik eta azkarren egiteko helburuarekin. Hobeto esanda, antolaketa bilatzeko gipuzkoarrok ibaiei eskatu behar dizkiegun lanetan: industriala eta arrain-hezkuntza».
Eta zehazki, Urumea ibaiaren antolaketa zen, elkarteak hartuko zuena. Arazoa, bi zatitan banatzen zuten: «ibaiaren hiru laurdenak, jaiotzetik Epelera, azkar konpondu litekeena; eta itsasoratu aurreko 10 kilometroak, Epeletik Donostiara, non aztertuko ditugun industriako ur zikinak, eta ikusiko dugun ea guztion artean, industriak, Udalak eta guk, ekono­mi­koki bideragarria den konponbide bat aurrera eraman dezakegun».

Nabarmentzekoa da Ur Mia elkarteak egin zuen lana, amuarraina eta izokina berreskuratzeko, Urumea ibaian. Besteak beste, Vibert kaxen metodoarekin saiatu ziren.

Vibert kaxak, amuarrainak birpopulatzeko
Birpopulaketa hori lortzeko, metodo desberdinak jorratu zituen Ur Mia elkarteak. Horietako bat, Vibert kaxen bidezkoa izan zen. 1950eko abenduan, amu­a­rrainen 30.000 arrautz ernaldu zituzten, 30 kaxatan. Hurrengo urteko Munibe aldizkarian kontatzen dute, nola metodoaren sortzaile frantsesak ere etorri ziren, kaxak ibaian sartzeko egunean. Hain justu, Vibert eta Chimist doktoreak izan ziren, kaxak urperatuko ziren tokiak aztertu eta ontzat eman zituztenak. Urumea ibaiko eta ibaiadarretako toki jakin batzuetan kokatu zituzten; gehienak, Goizueta eta Arano arteko zatian. Gerora, hilabete eta erdi beranduago, beste zortzi kaxa, 8.000 arrautzekin, jarri zituzten ibaian.

80ko hamarkadan berreskuratu zen izokina Urumean, eta ordutik, urtero hazi da kopurua, Gipuzkoako 
Foru Aldundiak egiten dituen birpopulaketak tarteko.

Aldizkari horretan bertan aipatzen dute, zaila izan zela kaxak ateratzea, oso garai euritsua izan zelako, eta ibaia oso altu zijoalako: «saiakera batzuk egin dira, eta ikusi da, ibaiadarretako kaxetan jaiotza kopurua oso haundia izan dela; eta Urumea ibaiko kaxak, ez direla aurkitu edo jaiotza gutxi izan dituztela». Horregatik, ez zuten emaitza onik espero, ibaian bertan jarritako kaxetan; «eta hori horrela da, hondakin industrialen eraginez».
Eta kritika gogorra egiten zieten industriei, artiku­luaren bukaeran: «industria progresatzen ari da! Aurrena ibaiaren lehenengo kilometroak desegin zituen, eta izokina eta amuarraina desagerrarazi; eta orain, ibai osoa akabatuko du. Ibaiadarrak besterik ez zaizkigu geratzen. Noiz arte?».

Izokina berreskuratuta, 80ko hamarkadan
Vibert kaxenak ez ziren izan, amuarrainak eta izo­ki­nak berreskuratzeko saiakera bakarrak. Etxeko baineran ere hezten omen zituzten arrainkumeak!
Eta zorionez, horrek guztiak bere emaitzak eman zituen, uraren kalitatearen hobekuntzarekin, eta arrainak pasatzeko presetako eskalen eraikun­tza­rekin batera. Izan ere, oztopo gehiago ere aurkitu izan dituzte izokinek, ibaian gora egiteko, eta presak dira horietako bat.
80ko hamarkadan berreskuratu zituen Urumea ibaiak, izokin atlantiarrak, hainbeste urtetan desagertuta egon ondoren. Eta ordutik, izokinen populazioa hazi egin da urtero.
Izan ere, Ur Mia elkarteak hasitako lanari, segida eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1993 urtetik aurrera. Urtero, birpopulaketak egiten dituzte ibaian, eta 20.000 izokinkume askatzen dituzte, populazio naturalari laguntza emateko; guztiak dira, Urumeako izokinen arrautzetatik sortu eta Bidasoako Elkarteko piszifaktorian hazitakoak.
Izokina berreskuratu bada ere, helmuga zein den garbi aipatzen du Iñaki Sanz-Azkuek: «Hernaniko herriarentzako industriaren garrantzia ukaezina dela eta, ezinbestekoa da kudeaketa lerro bat jarraitzea, uztartuko dituena Urumea ibaiak eta bere inguruneak osatzen duten ekosistemaren hobekuntza eta Hernaniko industriaren garapena. Hori eginez gero, oraindik ere posible litzateke Urumeako izokinarekin egiten diren azterketek duten helburua betetzea: urtero, Urumea ibaiak, bere bizi-zikloa gizakiaren laguntzarik gabe aurrera eramango duen izokin populazio iraunkorra edukitzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!