Urrutia Ia faborito argia zen Buruz Buruko Kutxa Torneoko ligillako bigarren partidua irabazteko, baina Zeberio IIak sekulako partidua egin eta sorpresa eman zuen. Bere jokurik onena erakutsi zuen eta 30-22 irabazi zion Saldiaseko atzelariari.
Zeberiok ia hutsik egin gabe jokatu zuen. Peloteoan zuzen aritu zen eta errestoan ere asmatu zuen. Garaipen honekin pauso garrantzitsua eman du finalerdietara sailkatzeko. Urrutia 0-2 aurreratu zen partidu hasieran, baina Zeberiok 6 tanto egin zizkion jarraian. Urrutiak erreakzionatu eta gerturatzea lortu arren, 6-5, Zeberio aurretik izan zen partidu osoan eta halaxe lortu zuen garaipena.
Elduaingo aurrelariak hasiera hasieratik izan zituen ideiak argi, Urrutia, ordea, aurreko jokoan sartu zen eta ondorioz tanto asko galdu zituen. Pelotariak berak aitortu zuen nerbioek eragin ziotela.
Emaitza hori medio, Urrutiak Utergaren aurka jokatuko du bihar. Biek ligillako lehenengo partidua galdu dute. Bihar galtzen duenak ia seguru agur esan beharko dio txapelketari. Ostegunean, berriz, Zeberio eta Urriza neurtuko dira. Azken partidu hori telebistaz ikusteko aukera izango da ETB1n.
Atzo partiduen emaitzak
Atzo, denera, lau partidu jokatu ziren eta honakoak izan dira emaitzak: Matxin IV-Zubiri 32/Etxabe II-Barrenetxea IV 35; Zeberio II 30/Urrutia I 22; Juaristi-Etxeberria III 27/Endika-San Miguel 40; eta Matxin VI-Agirrezabala 30/Oñatz-Urko 15.
Urrutia I eta Uterga
aurrez aurre, bihar
Urrutia Iak eta Utergak bihar jokatuko dute Kutxa Torneoko ligillako bigarren partidua. Arratsaldeko 16:00etan, Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partidua izango da. Egitaraua honakoa da: Zulaika-Zubiri/Matxin VI-Barrenetxea IV (35 tantotara); Urrutia I/Uterga (30 tantotara); Ezkurra-Aizpurua II/Juaristi-Etxeberria III (40 tantotara); eta Matxin III-Zubizarreta/Oñatz-Ion (30 tantotara).