Bikarrizketa izenburupean, ikuskizuna eskainiko dute Telmo Irureta eta Haritz Morrás gazteek ostegun honetan, arratsaldeko 19:00etan, Biteri kultur etxean. Sarrera doan izango da, baina aurrez, gonbidapenak eskuratzeko aukera izango da Kronikan bertan.
Koxkak, Hernaniko desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, gonbidatuta igoko dira Hernaniko oholtzara, eta horren inguruko xehetasunen berri emateko, prentsaurrekoa eman zuten Koxka elkarteko kideek, Begoña Simonek eta Kike Parrak, eta ikuskizuneko protagonistek.
Bi pixukideen arteko harremana
Gaizka eta Xanti pixukideen arteko harremana kontatzen dute Irureta eta Morrásek Bikarrizketan. Etxea garbitu nahi dute, batez ere batek, eta horren inguruan hasten da emanaldia; azkenean ez dute garbitzen, izan ere, Iruretak berak onartu duenez: «bik ez dute garbitzen, batek ez badu nahi».
Tartean, era askotako gaiak azaleratzen dituzte, «gai normalak puntu komiko batekin», azaldu dute biek: txikitako ametsak eta oraingoak nola aldatzen diren, EGA azterketa... denetarik!
Azken finean, Haritz Morrásen hitzetan, «Bikarrizketa da barre egitea, barre egiteagatik». Eta jarraitzen dute: «txikitatik ezagutzen diren bi lagun dira Gaizka eta Xanti, antzerki zaleak dira biak, eta horregatik, obra guztian zehar tontoarena egiten pasatzen dugu».
Sarrera doan da, baina aurretik erreserbatzea gomendatzen du Koxka elkarteak; Kronikan bertan egin ahal izango da hori. Egunean bertan Biterin izango dira.
Feeling berezia, bi lagunek
Urteak dira Telmo Irureta eta Haritz Morrásek elkar ezagutzen dutela: «Donostiako antzerki eskolan hasi ginen elkarrekin, eta bertan izan ginen hiru urtez. Han geundenetik argi genuen zerbait egin nahi genuela elkarrekin, izan ere, feeling berezia izan dugu hasieratik», azaldu zuen Morrásek.
Horrela sortu zen, hain zuzen, asteazkenean Biterin eskainiko duten ikuskizuna. Ez da, ordea, eszenatokira eramaten duten aurreneko aldia: Donostiako Akuariumean eta Tabakaleran, Lasarten, Tolosan, Zumaian... izan baitira lehenago.
Euskera erraza, denek ulertzeko modukoa
Ikuskizuna euskeraz dela nabarmendu dute, baita ere. Dena den argitu dute euskera errazean dela, denek ulertzeko modukoa: «eta beste hizkuntzetako esaldiak ere sartzen ditugu, ia konturatu gabe!»