Larunbatean bukatu zen Pilota Eskolako Txapelketa Hernanin, eta fase guztiak gaindituta, Unax Goikoetxea nagusitu zen benjaminetan, finalean Oier Azpeitiari irabazita (16-13); eta Aiur Elizazu alebinetan, Xuban Iturbe menderatu ondoren (16-12).
Egun berean jokatu zuten finala, baita ere, Hernaniko Lau t’erdiko Txapelketan, jubeniletan; eta Ander Lazkano nagusitu zen, Endika Arizmendiri irabazita (22-13).
Bestalde, Urdulizko Gabonetako Torneoan lehiatu zen Markel Lizeaga, eta gertu izan zuen txapela, baina galdu egin zuen finala, Mitxelena nafarra lagun, Elezkano eta Madariaga bizkaitarren kontra (22-10).
Hiru finalista, trinketean
Trinketean, semifinalak jokatu zituzten Gipuzkoako Txapelketan, eta finala jokatzeko sailkatu dira hiru hernaniar: Oihan Zugastik 30-6 irabazi zuen kadeteetan; Endika Arizmendik 35-28 jubeniletan; eta hernaniarren arteko lehian, seniorretan, 40-24 irabazi zion Eñaut Esnaolak Ander Lopezi.