Hernaniko Udala, Caritas, Eliza Ebanjelikoa eta AMHER, elkarrekin ari dira beharrean daudenei laguntza bideratzen. Hiru hornitzaile dituzte: batetik Europako Batasuneko soberakinen elkarteak urtean hiru aldiz ematen die laguntza; bestetik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hilero bidaltzen die kamioi bete janari; eta astero jasotzen duten ‘azken minutuko’ laguntza ere oso garrantzitsua da, hau da, denda handiek hondatzear edo iraungitzear dauden produktuak ematen dizkiete lehenbailehen banatzeko. Horrekin konpontzen dira, hiru bide horietatik jasotako oinarrizko produktuak banatzen dizkiete beharrean direnei, Gabriel Zelaiako lokalean hileko lehenengo bi astelehenetan: esnea, pasta, fruta, berdura, lekadunak, arrain kontserbak, olioa, arroza, gailetak, dagoenean, kafea, txokolatea, kolakaoa, salda egiteko pastilak eta noizbehinka heltzen dira txorixoa, izoztutako jakiak edo beste. Hori da gutxi gorabehera, banatzen dutena.
Banaketaren arduradunek adierazi digutenez, denetarik dago laguntza bila datozenen artean, hemengoak eta kanpokoak. Gehienak bertakoak dira, eta ondoren datoz, marokoarrak, sahararrak, Ekuadorkoak, Espainiarrak, Honduraskoak eta beste hainbat herrialdetakoak. Derrigorrez Udaleko Ongintza Sailetik pasa behar dute. Han jasotzen dute janaria jasotzeko baimena.
AMHEReko Felipe Etxeberriak garrantzia handia ematen dio ‘azken minutuko’ edo momentuko janarien bilketari: «denda handiek ikusten dutenean iraungitze data gertu daukalako ezingo dutela zerbait saldu, guri bidaltzen digute eta guk azkar azkar, banatzen dugu, gaur jaso eta arratsaldean bertan banatu. Fruta eta berdura poltsetan ale bat ustelduta baldin badago, jada ezin dute saldu, eta horiek ere bidaltzen dizkigute. Guk hondatutakoa kendu eta bestea banatu egiten dugu. Garrantzia handia du honek, zaborretara joango diren produktu horiek guztiak, guk errekuperatu eta banatu egiten ditugu. Hori ere birziklatzea da».
Urteko bilketa
Datorren astean egingo den bilketaren garrantzia ere nabarmendu du Felipe Etxeberriak: «urtean bospasei aldiz egiten zen bilketa lehen. Eraginkorragoa da, ordea, urtean behin egitea, indar, medio eta baliabide guztiak hor biltzea. Aurten Erreala, futbol taldea, izango da babeslea, eta eragin handia dauka... Janari asko biltzen dira, iaz 600.000 kilo bildu ziren. 600 tona janari; horrekin eta Europako Batasunetik datorrenarekin, urte osoko beharrei erantzuten diegu».
Aurten bada berrikuntza bat: «sinesgarritasun handia izan dugu betidanik, jatekoa eskatu dugulako, ez dugulako dirurik eskatu, beraz herritarrak fidatzen dira. Aurten dirurik ez, baina bonoak eskatzen hasiko gara, aukera izango da 3 edo 5 euroko erosketa bonoak emateko. Horrela, hilabete batzuk barru, bankuari produkturen bat bukatzen edo agortzen zaionean, bono horiekin erosiko ditu. Ez dakigu aldaketa honek ze harrera izango duen».
Bilketa, merkatal gune handietan egingo dute, Zinkoeneako Eroskin, eta Floridako Dia eta Lidl-en. Oro har herritarrek ezagutzen dute kanpaina, badakite zertarako den, ohitura bihurtu da eta harrera ona dauka. Arduradunentzat oso garrantzitsua da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Gabon aurretik egiten duen kanpaina hori, horren arabera jasotzen baitute laguntza zuzenean urte osoan. Zenbat eta gehiago bildu orduan eta gehiago izango dute Hernanin banatzeko.
Hilero banaketa
Ikusgarria da Gabriel Zelaia inguruan hileko lehen bi astelehenetan izaten den martxa. Talde handiak laguntzen du banaketan, goizean 8 lagun, Elikagaien Bankuak bidalitako kamioia hustu eta banaketa prestatzeko. Arratsaldean beste 16 boluntariok lagunduko du banaketan. Aipagarria da Udalak emandako laguntza, garraioaz arduratzen da eta banaketa udalak utzitako lokalean egiten da. Hainbat familiak jasotzen du laguntza, beti ere, Udaleko Ongintza Zerbitzurik pasa eta gero. Derrigorrezkoa da baimen hori.
Boluntarioetako baten iritziz, «aberastasunaren garaian bizi garela iruditu arren, ez gara jabetzen badirela jendartean premia larrian diren herritarrak eta sendiak, laguntza sozialei esker bizi direnak. Gezurra badirudi ere, hilero, Hernanin, ia 300 familiak jasotzen dituzte behar beharrezkoak dituzten jatekoak, guztira 700 pertsonak jaten du Udalak, Caritasek, eliza Ebanjelikoak eta AMHERek emandako laguntzari esker».
Okerrera
Egoerak okerrera egin du gainera: «bazirudien duela bi urtetik hona egoera hobetuko zela, baina berdin jarraitzen dugu, gutxi baina ugaritu egin dira eskaerak. Duela hiru urte, 600 lagun ziren Hernanin laguntza jasotzen zutenak. Orain 700 baino gehiago. Kopuru handia, oro har, hernaniar gehienentzat ezustekoa; segur aski, herritarrek ez dakite hainbestekoa denik. Baina bada».
Beste laguntzak ere jasotzen dituzte, baina Joxan Rodriguez-en ustez, ez dira nahikoa: «Etxearen alokairua ordaintzeko diru asko behar da, oso garestia da Hernanin, 600 eurotik gorakoa ia beti. Laguntzatan 900 jasotzen baldin badituzte, beste 300 dituzte... eta pasa hilabetea horrekin!».
Esker onekoak
Janari banaketaren arduradunek badakite ez dela gozoa izaten laguntza eskatu beharra: «ez dute askatasunik, laguntza ematen dionaren menpe daude, azken finean». Hilero jatekoa jasotzen duten hiru familiatako kideekin egon gara. Hiruak dira oso esker onekoak Hernanin aipatutako erakundeek egiten duten lanarekin. Bi Hernanikoak bertakoak dira, eta biek esan digute laguntza jasotzen duten askok eskerrak ere ez dituztela ematen; askok gehiago eskatu eta nahi ez dutena bertan uzten omen dute. Beraien ustez, aldiz, lan bikaina egiten dute boluntarioek eta zein baino zein jatorragoa da. Boluntarioei esker irauten du proiektuak, ahal duten guztia egiten dute. Banaketa egunetan, 24 lagun behar izaten dituzte, 8 goizean eta 16 arratsaldean. Gazte asanbladakoak ere joaten dira laguntzera: «eta laguntzeko prest dagoen oro ongi etorria izango da».
Amaia Larrinaga egun batetik bestera geratu zen kale gorrian bi alaba txikirekin eta urtebete darama laguntza jasotzen; aurretik senideen laguntza izan zuen... «bizitza itzuli dit laguntzak, eguneroko gastua asko arintzen du, oso ekimen ona da». Bere iritziz, bestela, gero eta elkartasun gutxiago da herri mailan, «gorabeherak izaten dira, niri esperientziak hori erakutsi dit, ondo zaudenean ondoan izaten dela jendea, baina gaizki zaudenean oro har ihes egiten dutela».
Gaur egun bakoitzak bereari begiratu ohi diola diote. Badira eskuzabalak baina oro har gero eta berekoiagoak gara, «nire poltsikoa beteta baldin badago, bost axola nola dagoen bestearena».
Gaur egungo bizimodua
Joxan Rodriguez janari banaketaren arduradunetako baten ustez, gero eta indibidualagoak gara, oso eroso bizi gara, «kontsumo gizartearen esklaboak gara: autoa, etxea, umeak,... hainbat gastu finko ditugunez, aurrera egiteko lan egin behar; gero eta gehiago estutzen bazaituzte ere, nolabait agoantatu beharra daukazu. Oso ondo muntatu dute sistema gu mendean egoteko. Non da hainbeste aldarrikatu dugun askatasuna? Aberastasun eta oparotasunarena ere kakotxen artean jarri beharko da».
Argi dute laguntzak partxe bat direla, baina ezer baino hobea da: «legeak aldatu beharko lituzkete, baina Gobernuek ezin dute, harrapatuta daude, pentsa, orain ere berriz murrizketa gehiago onartuko dituzte: sistema ekonomikoan aldaketa handiak behar dira».
Laguntza jasotzen dutenen artean, gehienak, bertakoak dira. Ondoren datoz, marokoarrak, sahararrak, Ekuadorkoak, Espainiarrak, Honduraskoak eta beste hainbat herrialdetakoak.
«Ez dakit krisia orokorra izango den, baina ni ez naiz sekula egun izan dudan egoera larrian egon. Laguntza eman didatenengatik ez balitz nik bakarrik ezin izango nuke aurrera egin. Bi alabarekin eta lanik gabe, eskaintzen didaten edozeri heltzen badiot ere, lan arloan ez dago aukerarik...» dio Amaiak. 6 eta 11 urteko bi alabekin kalean ikusi zuen bere burua egun batetik bestera bikotearekin eten eta gero: «behar beharrezkoa nuen laguntza».
Bortitza egiten zaio laguntzen menpe bizitzea, orain artean ez du sekula oinarrizko errentarik eskatu, nahiago du lana topatu eta aurrera egin: «batzuk ‘akomodatu’ egiten dira, familian 800 euro jasotzen badituzte eta lana eginda gutxi gorabehera antzekoa... Izaeraren araberakoa da hori, ni gusturago nago lanean, nahiago dut nik egindako lanetik bizi».
Herritar askok gaizki begiratzen diete, «baina ezin da jakin bihar nola egongo zaren, agian gaur primeran zaude eta bihar, derrepentean, kalean ezer gabe». Antzeko zerbait esan digu Mirari Egidazu deituko diogunak. Honek seme alabak helduagoak ditu, bikote ohia hil zenean duela bizpahiru urte iritsi zitzaizkion estuasunak eta ordutik joaten da hilean behin laguntza jasotzera. Gogorra da eskatzea, ez dira pozik joaten eta gaizki begiratzen dienei esaten die eskailerak gorako eta beherako direla: «edozeini gerta dakioke egoera larriren bat». Berak ere ez omen zuen pentsatzen gertatuko zitzaionik.
Eskatzera joateko unea deserosoa dela diote, ekimen honetan dabilen pertsona bat txikitatik ezagutzen zuen Amaia Larrinagak: «bere laguntza izan nuen. Hala ere, gogorra da, alaben beharrak zure kabuz asetzeko gai ez izatea». Laguntza eskatzen dutenen artean, «gutxi gara bertakoak. Noraezean sentitzen zara. Jendea begira egoten da».
Amaiaren iritziz, sozialki begirune gehiago beharko lukete honelako ekimenek, beharra daukatenei laguntzea garrantzi handikoa da, «ez diote edozeini laguntza ematen, irizpide batzuk bete behar dira; laguntza badagokizu jasoko duzu, nolabait bizi beharko dugu. Laguntzak jasotzen ditugunotaz gaizki mintzatzen direnek ahotsa altxa dezatela politikarien aurka... horiek bai ari direla dirutza jasotzen, eta eurak dira gure arazoen arduradunak, jateko ere ez daukagu. Egon daiteke erosotasunarengatik dagoenik, baina ez da gustukoa, ni ez nago horrela gustura» apurtxo bat haserretu da Amaia.
Kanpoko familia eskerroneko batekin ere egon gara, ama eta bi seme dira, 18 eta 12 urtekoak eta laguntza garrantzitsua dela diote. Beste bi sendiek bezala uste dute hor ari direnek egindako lana ikusgarria dela «asko balio dute, hobe litzake horrelako gehiago baleude. Sentsibilitate handikoak dira, begiratu orduko nabaritzen dute laguntza behar duzula, egoera larrian zaudela. Eskertzekoa da egiten dutena, horrelakoak ez dira egunero ikusten».
Merkatal gune handietan egingo dute bilketa, Eroski, Dia eta Lidl-en. Aurten Erreala izango da bultzatzailea. Zenbat eta gehiago bildu orduan eta gehiago izango dute Hernanin banatzeko.
Beharra izan arren jende askok ez du eskatzen edo ez daki honelako laguntzarik dagoenik. Ez jakintasunarengatik ala lotsarengatik, baina larri dabilen askok ez du eskatzen. Amaia Larrinagak zera esan digu, «niri lapurtzeak emango lidake lotsa, baina ematen dutenei beharrekoa hartzeak ez».