Dobera Euskara Elkarteak argitaratu berri du Mozoloaren bidea ipuina, Ipuin Faktoria saileko hirugarrena. Oraingo honetan ere, Jexux Eizagirre Portillok idatzi du euskerazko bertsioa.
Gaur bertan, Durangoko Azokan izango da, eta ipuina kontatuko du Saguganbara gunean, 10:30etatik 11:00etara. Hilaren 17an, berriz, Hernanin.
Ipuin Faktoria saileko hirugarren ipuina da ‘Mozoloaren bidea’; kasu honetan, armeniarra. Nola ezagutu duzu istorioa?
Euskal Herrian bada armeniarren diasporako elkartea: Hayasa 1915. Urte horrekin gogoratzen dute bizi izandako genozidioa. Donostian diasporako asko daude, eta hernaniar batek lotura dauka haiekin. Hark bultzatu du pixka bat kontua. Elkarrizketak egin genituen elkarteko kideekin. Hauek, bi testu bidali zizkiguten. Eta guk, bat aukeratu.
Zergatik, Mozoloarena?
Juan Carlos Alonsori erakutsi genizkion. Bera da psikologoa, Peña Florida institutuan tutorea, eta aztertua dauka literaturak ze eragin daukan haurren afektibitatean eta nortasunean. Ipuin eta irudien bidez umeek imajinazioa jartzen dute martxan. Egiten dute bide bat, eta bukaeran irudimen gaitasun haundiagoa izatera iristen dira. Idazle izatearekin ere lotura dauka, aurreneko baldintza delako irudimena edukitzea, nahiz eta irakurtzen ez jakin. Testua erakutsi genion Alonsori, eta ona zela esan zigun. Horregatik aukeratu genuen.
Ipuinek ez al dituzte izaten, batzuetan, umeentzako gogorregiak diren pasarteak?
Ipuin honetan bat baino gehiago harrituko da otsoaren lanarekin. Premia larrian dago otsoa, eta aholkua eskatzen dio Jakintsuari. Dena ezin da kontatu, baina ikasgaia da premian dagoenari laguntza ukatzea dela, mozoloarena egitea, zentzurik gabe jokatzea. Gaur egungo gizartean indar haundia dauka mezu honek. Forma aldetik, otsoa da justizia egiten duena. Juan Carlos Alonsok esaten du batzuentzako tragikoa edo biolentoa izan daitekeela, baina hori dela helduen ikuspegia. Umeei iruditzen zaie ondo egina dagoela. Otsoa da sinbolo bat: gure jokabide txarrak ezabatu egiten ditu, jan egiten ditu. Zozomikoteak ipuinean umeek lastima sentitzen dute ardiak galdu direlako, eta ez, artzainak begi bat galdu duelako!
«Horixe egin dugu: ipuinak ahozko kontalariaren estiloan kontatu»
Ipuinek bezala, irudiek ere irudimena martxan jartzen dutela aipatu duzu.
Ipuin honetako marrazkiek indar haundia dute, oso onak dira. Ainara Azpiazuk, Axpik egin ditu. Mapa moduko bat egin du, umeei bide hori probokatzeko. Umeek beren istorio eta pertsonaiak ere imajinatu ditzakete. Aurreko ipuinekin Durangoko Azokan izan garenean, ikusi izan dut nola pasatzen dituzten laminak, eta kontatzen duten ipuina. Hori ere bada ipuinaren lana, eta hor irudiek garrantzia haundia daukate, koloreak...
Ipuina, euskerara ekartzean, egokitu egin duzu...
Hovhannes Tumanyah, 1894ko autorea da ipuinaren egilea. Ez omen dago armeniarrik haren berri ez daukanik. Seguru asko ipuin hau herritik hartu zuen, eta gero, egin zuen borobildu. Traza dauka, herrikoia dela. Guk ere egokitu egin dugu: Jainkoaren ordez, Jakintsua jarri dugu, fededun eta ez fededunak bat etor daitezen; neska gazte politak tristurari aurre egiteko mutil bat behar duela esaten den horretan, emakume bat jarri dugu, ez polita ez itsusia... eta lagunak behar dituena. Euskerak, gainera, ez du markatzen generorik, eta Alonsoren aholkua da ipuin onek irekiak izan behar dutela, imajinazioari bide egiten uzteko. Norberak ikusiko du nolako lagunak behar diren.
Edukia bakarrik ez; itzulpena ere ez da hitzez hitzekoa.
Ahozko kontalari trebeek bezala kontatu dut. Horrelako jendea ezagutzen dut oraindik, eta saiatu naiz horrela kontatzen. Sebastian Salaberriak, oiartzuarra bera, Hernanin egin zituen azken urteak. Hark dauka kontakizun bat, hitz, esaldi, erritmo aldaketak dauzkana. Berari hartuak dira ipuin honetako pasarte batzuk. Kasu horretan, euskerazko bertsioak hiru lerro ditu, eta armeniarrak lerro eta erdi. Ipuin batek bertsio asko behar ditu. Bakoitzak bere ukitua dauka. Bertsioak, azken batean, dira egokitzapenak.
Lehen ‘Zozomikoteak’ aipatu duzu. Ipuin horren bertsio gehiago ere ezagutu dituzu?
Urumean ezagutzen dena bildu genuen, Miel Arrieta, Urnietako artzainak kontatua, baina Euskal Herrian badira gehiago; bertsoa, Oñatin, diferentea da. Eta Azkuek jasota daukan pasarte bat ere gehitu genion: Apiril biribil, ekar zazu egun eta erdi, artzain fanfarroi honi erakutsi diezaiodan nor naizen ni. Bestalde, Korsikan, irla batean, bada beste bertsio bat! Denetan gauza bera gertatzen da: artzainak ardiak eta begi bat galtzen ditu. Eta zertarako gelditzen da begi bakar batekin? Ikusteko? Ez! Negar egiteko! Eta umeei zoragarri iruditzen zaie hori. Kontalari bakoitzak modu diferentean kontatzen du ipuin bera, publikoaren arabera. Guk, ausardia haundiz, horixe egin dugu; ahozko kontalariaren estiloan kontatu.
‘Chertat eta Lehoia’ ipuina izan zen bigarrena. Zein ezaugarri dituzte hirurek?
Nolabait, etorri egin zaizkigula. Alonsori aurrenekoa, Zozomikoteak, erakutsi genionean, kontatu zigun ipuin klasikoek zein garrantzia daukaten eta animatu gintuen horretan segitzera. Chertat eta Lehoia, berriz, Abdi Ami Omarren pintura erakusketara gerturatu nintzelako ezagutu nuen, eta atzean Sahararen aldeko taldeen babesa izan dugu. Tindufen bertan oso ondo zabaltzen ari da ipuina! Bertan erakusten da emandako hitzari eutsi egin behar zaiola. Eta laugarren bat ere badaukagu buruan... Baina proiektu osoa prest dagoenean Doberako zuzendaritzak onartu beharko du.
Durangon izana zara lehenago ere, eta hainbat txokotan kontatu dituzu ipuinak, umeen aurrean. Zer ikasi duzu? Nola kontatu behar dira ipuinak?
Ikusi dut irakurri gabe ere umeek imajinazioa martxan jarri eta beren bertsioa ateratzen dutela. Eta hortik ikasi dugu irudi gehiago behar ditugula. Azken ipuinean bi orriak hartzen dituzten marrazkiak ere badaude. Imajinazioa probokatzen dute. Durangon ikusi dugu bezero potentzialek zeri begiratzen dioten. Kritiko onenak umeak dira. Jarri umeen aurrean, eta kontatu; ez irakurri. Erritmoa eman, entonazioa aldatu, galderak egin... Batzuetan ikaragarria da ze erantzun eta azalpen ematen dituzten!