Joan den asteartean aurkeztu zioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari baso eskolaren proiektua, Kutxa Ekoguneak eta haiekin elkarlanean dabiltzan hainbat eragilek, tartean Langile ikastolak. Proiektuaren arabera, datorren ikasturtetik aurrera, Hernaniko Langile ikastolako eta Donostiako Amara Berri ikastolako Haur Hezkuntzako zenbait ikaslek Ekoguneko baso eskolan parte hartuko lukete.
Ekoguneak, aurreneko pausua
50garren hamarkadan sortu ziren aurreneko baso eskolak Danimarkan, eta urte asko pasa dira Euskal Herrira iritsi diren arte. 2014an ireki zuten aurrenekoa Araban, eta Gipuzkoan, Ekoguneak egin nahi duena izango da aitzindaria.
Europan zehar dauden beste esperientzien antzera, «helburua izango da gelatik atera eta eguna pasatzea naturan», azaldu du Kakun Orbegozo, Kutxa Ekoguneko Programa eta Edukien zuzendariak. Izan ere, Orbegozok dioenez, «iruditzen zaigu lau pareten artean ikastea ez dela aproposa, eta gainera, demostratuta dago garapen psikomotriza eta kognitiboak lotura haundia daukatela honekin».
Eta beraien proiektua aurrera eramateko, zenbait eskolengana jo zuten. Horien artean dago Langile ikastola. «Aurreko ikasturtean Ekogunetik proiektua aurkezteko gonbidapena jaso genuen; guk uste genuen beste proiektu bat gehiago izango zela, eta sorpresaz hartu genuen!», diote Langile ikastolako zuzendaritzatik. Gainera, azpimarratu dute: «hemendik kanpo dauden baso eskolak pribatuak dira eta eskola txikiak hartzen dituzte. Bai gu, baita Donostiako eskola ere, hiriaren inguruan gaude eta ez gara txikiak. Ekoguneak hor dauka erronka».
Metodologia, Langileren izaerarekin bat
Kakun Orbegozok azaldu du zein izango den Ekoguneko baso eskolaren metodologia: «jolas librea eta autonomoa». Eta bide horretan, naturak aukera asko ematen dituela: «natura den konplexuarekin, etengabe oztopo txikiak pasatzeko beharra dago». Gainera, abantaila asko dituela azpimarratzen du Ekoguneko arduradunak: «naturan hezteak abantaila asko ditu bai osasunarentzat; diziplinarentzat, umea autonomoa bada, libreki aukeratu badezake, hobeto portatuko da... Azken finean, hobetzea da, arlo guztietan».
Langile ikastolari oso ezaguna egiten zaion metodologia da hori, izan ere, eskolak berak dioenez, «guk eskola bezala, naturarekin harremana, jolas librea... beti landu ditugu».
Langile ikastolak argi utzi du: «familiak informatu baino lehen, ez dugu informazio gehiago zabaldu nahi»
Hurrengo pausua: proiektua Eusko Jaurlaritzara
Ekoguneak eskolei proposamena luzatu ondoren, Batzorde Teknikoa sortu zuen, hezkuntza eragileekin batera, proposamena osatzeko asmoz. Bertan daude Ekogunea bera, Langile eta Amara Berri ikastolak, EHU, Ingurugela CEIDA, eta Berritze Gunea. Talde hau izan da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari proiektua azaldu diona: «printzipioz, proiektua gustatzen zaie, baina baliabideak ere beharko dira, horretarako», diote Langile ikastolatik. Beraz, Hezkuntza sailaren oniritzia jaso arte itxaron beharko dute. Kontuan izan behar da, eskola publikoak diren heinean, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar beharrezkoa dutela bai Langilek, baita Amara Berrik ere.
Behin baiezkoa jasota, 2017ko irailean, ikasturte berriaren hasierarekin batera, hasiko lirateke bi eskolen esperientzia pilotuak. Dena den, ordura arte, formazioa jasotzen ari dira irakasleak: «azpimarratzekoa da irakaslegoaren inplikazioa; ilusionatuta dago, eta horren erakusle da Haur Hezkuntzako irakasle gehienek hartu dutela parte formazioan, nahiz eta asteburutan izan», azaldu dute Langiletik. Horregatik, erantzuna edozein dela ere, Langile ikastolari «erreflexio moduan ondo» etorri zaiola diote.
«Pauso sendoak eman behar ditugu»
Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzaren baiezkoa jasotzen badute, Langile eta Amara Berri ikastolekin batera bi urteko esperientzia pilotua egingo dutela iragarri du Kutxa Ekoguneak. Baina hori baino gehiago da Langilerentzat: «gu pilotaje batean ez ginake sartuko haratago ikusiko ez bagenu. Helburua da gure egunerokotasunean txertatzea, baina badakigu pauso sendoak eman behar ditugula».
Horregatik, beharrezkoa ikusten dute pixkanaka pausoak ematen joatea, familiak eta irakasleak inplikatuz. Lan hori aurrera eramateko, informazioa nola zabaldu aztertzeko... lantaldea sortu dute eskolan bertan. Ikastolaren antolaketa kontuan izanda, beraien prozesua jarraitu behar dutela diote, eta azpimarratu nahi dute: «familiak informatu baino lehen, ez dugu informazio gehiago zabaldu nahi».