Aurrera jarraitzen du, Emakumeen Etxea izango dena definitzeko prozesuak; eta gaur, beste saio ireki bat egingo dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Gabriel Zelaia eraikinean.
Aurreneko saioetan eztabaidatu eta amestu egin zuten, nolako Emakumeen Etxea nahi zuten; eta oraingoan, landuko dute zein espazio behar dituen Emakumeen Etxeak, nola kokatu horiek... Espazioa loratu egingo dute, alegia.
Gaurko saioari, jarraipena emango diote datorren astelehenean, ordu eta toki berean; 18:00etan Gabriel Zelaian. Bietan, itzulpen eta haurtzaindegi zerbitzuak egongo dira, partehartzaileen eskura.
Etziko Jabetze Eskolan, izenematea zabalik
Bestalde, Jabetze Eskolen barruan, hitzaldi-tailer bat ere antolatu du Berdintasun Sailak etzi, asteazkenean: Anorgasmia genero ikuspegitik.
Arratsaldeko 18:00etan izango da, Plaza Feministan, Arantzazu Arrietaren eskutik. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, udaletxeko Berdintasun Sailean. Tailerraren helburua da, hausnartzea ze eragin daukan generoak, emakumeen sexualitatean; eta bereziki, orgasmora iristeko zailtasunen inguruan. Horretarako, aurrena aztertuko dute gizonen sexualitatean oinarrituta dagoen eredua.