Birfundazio prozesuan aurrera egiten ari da Sortu, eta Kongresurako ponentzien eztabaida eta bozketa egiteko fasean sartu da orain. Azaroaren 26ra arteko epea dago, ekipoak eta ponentziak bozkatzeko.
Horretarako, ponentziak ezagutu behar dira aurrena. Hain zuzen, Hernanin datorren asteazkenean, hilaren 16an, aurkeztuko dute Zohardia ponentzia, 19:00etan hasita Urumea ikastolan, Pello Otxandianok eta Haimar Altunak. «Hernaniko ezkertiar eta independentista oro gonbidatuta» dagoela azaldu du Hernaniko Sortuk. «Denon parte hartzea eta denok iritzia ematea garrantzitsua da. Denok beharrezkoak gara, ez dago inor soberan».
Parte hartzeko, akreditatu beharra
Birfundazio prozesu honetan iritzia eta botoa emateko, ordea, akreditatu beharra dagoela gogorarazi du Sortuk. Horretarako, https://partehartu.sortu.eus/register webgunea erabili daiteke.
Asteazkenetan Plaza Berrin, eta ostegunetan Garinen, akreditatzeko laguntza emango da, 19:00etatik aurrera.
Bertan ondo moldatzen ez direnei laguntza emango die Sortuk, asteazkenetan Plaza Berriko egoitzan, 19:00etatik 20:00etara, eta ostegunetan Garinen, 19:00etatik 21:00etara.
Bozkatzeko epea bukatuta, emendakinak aurkeztu eta azken bozketarako epeak irekiko dira abenduan eta urtarrilean, eta kongresua urtarrilaren 21ean egingo da.