Ezinezkoa badirudi ere, erleak desagertzen ari dira; gaur egungo nekazaritza ereduak, lurran erabilitako pestizidak... dira jaitsiera horren arrazoiak, besteak beste. Testuinguru horretan «erleen populazioa igotzeko, parte-hartze aktiboa izan nahi genuen», azaldu du Amaia Otazok, kontsumo eta ohitura jasangarri eta solidarioen arduradunak. Izan ere, «ekosistemaren biodibertsitaterako beharrezkoak dira, landareak ezin dira ugaldu erle gabe. Polinizatzaileak dira, eta gure baratzetan barazkiak izatea beraiei esker da, bereziki».
Azterketa honekin batera, hain zuzen, sortu zuen Kutxa Ekoguneak hazi bonbak egiteko proposamena.
Eta zer dira hazi bonbak? Ekoguneak berak azaltzen duen bezala: «buztin eta konpostez osatutako bolak dira hazi bonbak, barruan haziak gordetzen dituzte eta edozein lur edo eremuetan ernaltzea ahalbidetzen dute. Izan ere, buztina lehortzen uzten denez, hazia denbora luzez manten daiteke bertan eta edonork eskura ditzakeen material merkeak erabiltzen dira bonba hauek egiteko».
Japonian duela mende asko garatutako teknika
Japonian duela mende asko lur zabalak landatzeko sortutako teknika da, nekazaritza naturala deitzen zioten, eta oso erabilgarria da lurra aurrez ez lantzea eskatzen duelako. Nekazaritzarako erabiltzeaz gain, landareria galdutako gunean berreskuratzeko ere erabiltzen da. Paradogikoki gaur egun han bertan dute landareen polinizazioarekin arazo gehien erleen galera dela eta. Horregatik, loreak pintzelekin banan-banan polinizatzeari ekin diote.
Proba, Goienetxerekin
Goienetxe Fundazioak adimen urritasuna duten pertsonekin duen programan parte hartzen duten kideekin hasi zen hazi bonben ibilbidea Ekogunean, kolaboraziorako daukaten ohitura aprobetxatuz. Pausoak proiektuan, Goienetxeren programa okupazionalean, parte hartzen duten kideak izan ziren hazi bonbak egiten ikasi zuten aurrenekoak. Maiatzean hasi ziren lehenengo frogekin, eta lehortze prozesua pasata, orain jarri dituzte salgai Haur Parkeko dendan, erleen arazoari aurre egiteko sortutako aurreneko hazi bonbak
Ikastaro irekia, hilaren 23an
Ikasturte bukaeran aurreneko pausoa eman ondoren, azaroaren 23an egingo dute lehenengo ikastaro irekia, goizeko 10:30etatik 13:00etara. Helduentzat zuzenduko dute saioa, 16 urtetik gorakoentzat, eta parte-hartu ahal izateko, izena eman behar da, aurrez: erreserbak.ekogunea.eus. Sarrera orokorrak 7 euroko kostua dauka; Kutxabankeko bezeroek, aldiz, 5 euro ordainduko dituzte.
Nola egin eta landatu, ikasteko
Saioak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, Goienetxe Fundazioko kideen laguntzarekin, hazi bonbak nola egiten diren irakatsiko da, baita saiakera batzuk egin ere. Bigarren zatian, ordea, nola landatu azalduko dute Ekoguneko arduradunek: etxeko mazetetan, baratzeetan, lur lehorretan... hazi bonbak berak erabakiko du noiz den bere momentua, noiz daukan ur nahikoa ernaldu ahal izateko. yy