Bi ekitaldi, frankismoaren biktimen memoria gogora ekartzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 26a, 02:00

80 urte pasa dira, 1936ko irailaren bukaeran, ia Gipuzkoa osoa okupatu ondoren, frankistek errepresioari hasiera eman ziotenetik. Orduan izan ziren herrian hain ezagunak diren fusilatzeak, baita hernaniarrek jasan zituzten beste hainbat ‘zigor’ ere. 
Horiek gogoratzeko, bi ekitaldi antolatu ditu Udalak datorren asterako, eta atzo aurkeztu zituzten prentsaurrean Luis Intxauspe alkateak eta Txuso Gomez udal artxiboko arduradunak. 

Oroimena berreskuratzea, helburu
Oroimena berreskuratuz, udaz­­kenetik udaberrirantz izenburuarekin Udalak aurkeztutako jardunaldiak bi helburu dituela azaldu zuten Intxauspe eta Gomezek: alde batetik, oroimena berreskuratzea, eta bestetik, aitortza egitea, bai errepresioa sufritu zutenei, baita beraien senideei ere. 
Dena den, Gomezek gogorarazi zuen seguraski ez direla azkeneko ekitaldiak izango, «egia osoa ezagutzen ez dugulako, eta justizia egin ez zaielako».

Bi zita, datorren astean
Ildo horretatik, bi ekitaldi be­re­zi egingo dituzte datorren astean. Aurre­nekoa ostegunean izango da, azaroaren 3an; bestea, al­diz, azaroaren 5ean, larunbatez.

Hitzaldia, Miguel Usabiagak
Datorren osteguneko ekitaldia hasteko, Trabajadoriak dokumentala jarriko da, eta ondoren, hitzaldia eskainiko du Miguel Usabiagak Gerra nahikoa ez, ondoren ere esklabo izenburupean. Marcelo Usabi­a­garen semea da bera, eta bere aitaren figuraren bidez, frankismoak eragindako errepresioa eta sufrimendua kontatuko du. Arratsaldeko 19:30e­tan izango da hori, Biterin.

Omenaldi haundia, hilerrian
Larunbatekoa, berriz, ekitaldi solemneagoa izango da. Hilerrian izango da hitzordua, eguerdiko 12:00etan, eta duela 80 urte bertan fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituzten 200 pertsona inguru omenduak izango dira. Horre­tarako, Udaleko eta herriko ordezkariez gain, biktimen eta fusilatuen senideak, fusilatuen herrietako Uda­lak, eta memoria lantzen du­ten elkarteak izango dira bertan.
Ekitaldia aurrera eramateko ere, hainbat hernaniarren laguntza izango dute: Irati Sa­rasua eta Jon Odriozola izango dira aurkezle lanetan, eta Joxan Goikoetxearen mu­sikak girotuko du ekitaldia. Horrez gain, Amets Arzallus bertsolariak ere hartuko du parte. 
Bukatzeko, Luis Intxauspe al­kateak hartuko du hitza, eta lo­re eskaintza bat ere egingo da.

Adierazpena eta gonbitea, Plenoan
Gainera, aurkezpenean alkateak azaldu zuen bezala, adierazpen instituzionala onartu zuen atzoko Plenoak «guzti hau gogoratu eta errekonozimendua egiteko». Era berean, he­rritarrak gonbidatu zituzten ekitaldietan parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!