«Desgaitasuna izatea txolloa balitz bezala tratatzen dut»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 22a, 02:00

Garun paralisia dauka Telmo Iruretak, txikitatik, eta hain zuzen, horixe erabili du hilaren 26an emango duen monologo saiorako; Toquecito minus. Biterin, 19:00etan izango da, doan, Koxkak antolatuta.

Pastillaz nahastu eta alaiago bizi den bati buruz ariko zara.
Nahastuta, amo­­naren antidepresiboak har­­tu eta dena askoz politago ikusten duen bati buruz. Baina nik ez dut pastilla beharrik, pozik egoteko. Nik minusbalia, Toquecito minus hori daukat, desgaitasun bat, eta horrekin jolastu nahi dut. Txolloa balitz bezala tratatzen dut. Beti pena sortu beharrean, gauza onak azpimarratzen ditut, ironiaz: aparkatzeko lekua izaten dugu beti; Mugi txartelean beherapena egiten digute jubilatuei bezala...

Gizarteari kritika egiteko modua ere bada?
Pixka bat bai. Jendeak erreakzionatzeko daukan moduari. Nik magisteritza ikasi nuen aurrena, eta esaten zidaten meritu ederra zela. Baina beste edonork egitean... A zer gauza! diote. 

Baina ez duzu sekula bizi izan desgaitasuna muga bezala?
Askotan. Baina polita da nork bere buruari barre egiten ikastea. Jendea askotan harritu egiten da, umore beltzarekin. Txikitatik garun paralisia daukat, eta fisikoki eragin dit. Gauza batzuk ezin ditut egin, baina beste asko bai. Horietan zentratzen naiz.

Aktore eta idazle izateko ez da muga, ezta?
Beti gustatu izan zait antzerkia; izeba, Elena Irureta, aktorea da. Askotan ikusi dut etxean, telebistan... Beti eman izan dit inbidia! Ondo pasatzeko hasi nin­tzen antzerkian. Eta idazten... Gustatu egiten zait. Ez naiz kazetaria, baina Urola Kostako Hitzan aukera eman zidaten. 

Bertan ere, kritika zorrotzak egiten dituzu; biktimismoaz...
Jendaurrean ez zait gustatzen gaizki geratzea; adeitsua izaten naiz. Baina idaztean... Probo­katzaile izatea gustatzen zait, kritika egitea. Ez dut ulertzen biktimismoa. Inork ez du irabazten dirurik, ezer egin gabe.

Entzuleak kritikatzen dituzu?
Ondo pasatzera etor daitezela! Kaña sartzen badut ere, nere buruaz ari naiz. Denok ez dugu bizi desgaitasuna, modu berean... Baina txisteak bezala da. Bentaja hori daukat; katxondeoan aritu naiteke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!