Euskera gehiago erabili dadin lortzeko helburuarekin, urtero hainbat ekitaldi antolatzen dira Euskara Ari Du egitasmoaren bueltan, Euskeraren Eguna gerturatu ahala.
Aurten, lau hitzaldi, eta erronka berezi bat prestatu dira: astebetean euskera hutsean bizitzeko saiakera egitea. Parte hartzeko, urriaren 14ra arte eman daiteke izena Doberan, AEKn edo euskaraaridu@gmail.com edo euskaraariduhernanin@gmail.com.
Hain zuzen, saiakera hori egin zuen Egiako Euskara Batzordeak, Lutxo Egia idazleak Bilbon egin ondoren. Esperientzia horretaz ariko dira gaur Egiako Aitziber Gurutzeaga eta Lutxo Egia, 19:00etan Biterin. Hurrengo hitzaldia, etzi izango da.
Egian, dagoeneko, egin diozue aurre erronkari. Nolatan?
Egian, Euskara Batzordeak Aitor ikastolarekin plangintza bat egiten du, eta auzoari dagokion lana beregain hartzen du, argi baitaukagu eskolak bakarrik ez duela euskalduntzen. Horrela, garbi genuen euskaldun sarearekin lan egin behar genuela, eta ikusi genuenean Lutxo Egiak Transitoak performancearekin lortutakoa, guk ere saiakera egitea erabaki genuen.
Esperientzia nolakoa izan da?
Oso positiboa. Aurretik tailerra egin genuen nola jokatu jakiteko, baliabideak izateko. Eta bukaeran parte hartzaileak grabatu genituen, eta denek oso esperientzia ona izan zela aitortu zuten. Beren burua proban jartzeko balio izan zien batzuei; izan ziren pentsatzen zutenak euskeraz bizi zirela, eta konturatu ziren uste baino errazago jotzen zutela aldatu eta gaztelaniaz egitera. Eta behin erronkari aurre eginda, erraza da txip horrekin jarraitzea. Erronka berria da egunerokoan ere jarraitzea, atzera ez egitea. Oso ariketa inportantea izan da.
Euskeraz egiten ez dutenen harrera beti izan al da ona?
Erasoren bat gertatuz gero, ez erantzuteko gomendatu genuen. Utzi. Erantzunez gero, gaizki sentitzen zara. Azkenean bera da bere burua justifikatzen bukatuko duena, argudiorik gabe geratu arte. Gakoa da irribarre batekin egitea euskeraz. Tentsioan bazaude, ez da berdina. Baina irribarre batekin, lasai, beldurrik gabe, oso positiboa izaten da denentzako. Eta noski, beti ez duzu lortuko besteak euskeraz egitea, baina elkarrizketa elebidunak ere eduki daitezke.
Aproposa da euskera ikasten ari direnentzat ere?
Konturatu ginen baietz. Denak animatu nahi ditugu.