Parranda eta jai giroa dira nagusi atzotik Portu auzoan, baina batzuentzat, auzoko festak lana ere badira. Horietako batzuk dira Juan Luis Azurmendi, Cesar Otamendi, Mikel Leiza, Julen Lekuona, Mikel Valdivia eta Aitor Nabarro, Portuko Jai Batzordeko bihotza osatzen duten sei lagunak.
Aurtengo egitarauko azalean esaten duenez, 25 urte daramazkizue lanean. Ezagutzen ez zaituztetenentzat, zein izan da zuen ‘lana’ 25 urte hauetan?
Lehenengo esan behar dugu iaz bete genituela 25 urte. Portadan jarri dugun argazkia da urrian egin ziguten omenaldian emandako koadroarena; normalean zer jarri ez dakigunez, hori jarri dugu. Baina berez, 26garrena da aurtengoa; 26 urte jaiak antolatzen. Eta gaur egun, bizilagunek ere asko laguntzen digute, gero eta gehiago. Baina, berez, jaiak antolatzen ditugu seion artean.
Bakoitzak bere lanak ditu: hiruren artean programa, anuntzioak eta lan hori; beste batzuk inprentako lana, beste batek ordenadoreko lanak... Gure arteko kudeaketa errazagoa da kuadrilakoak garelako. Gainera, horrenbeste urte eta gero, bakoitzak badaki bere lanak zeintzuk diren, eta gutxi diskutitzen dugu.
Zuetako batzuk ez zarete Portuan bizi, nolatan jarraitzen duzue lan honekin?
Lo ez dugu egiten; bizi, bai. Berez, ostegunero biltzen gara, afaltzeko. Orduan, ostegunetan ere gaia ateratzen da eta... azkenean, nahiz eta hemen ez bizi, gure auzoa da. Hemen jaio gara, hemen hezi gara. Eta hemen bizi gara batzuk!
Lehen belaunaldiz belaunaldi pasatzen zen Jai Batzordearen testigua.
Guk ere nahi genuen, eta hori bilatzen ari gara, hartu nahi duen belaunaldi hori. Hala ere, gu goizegi hasi ginen, gu baino lehenago bazeuden beste batzuk ez zutenak hartu; orduan, gu hasi ginen, batzuk 15-16 urterekin, eta orain gure atzetik ez dator inor. Hala ere, jendeak aukera badauka: bilera egiten da, eta kartelak jartzen dira eta nahi izanez gero, jendeak parte hartu dezake. Ez da sekta bat, erabat irekia da hau.
Gertatu dena da auzoko koadrilarik ez dagoela. Orduan, gazteek koadrila egin dute herri mailan edo ikastolan edo kirolean. Gu izan gara auzoko azkeneko koadrila.
Baina leku guztietan pasatzen ari den gauza bat da: gaur egun edozein batzordetan ikusten duzu zuzendaritzan dauden pertsonak zein diren, eta dira orain dela 25 urte zeuden pertsona berdinak.
Dena den, laguntza asko daukagu. Egon ziren urte gogorrak, baina gaur egun hiru jai egunetan 80 lagun daude hemen laguntzen digutenak.
«Gaueko 00:00etan festa bukatzen denean, denak hemen [auzoko lokalean] biltzen gara, emozionatuta»
Hortaz, lehengo eta oraingo festen eboluzioa ikusiko zenuten, ezta? Aldaketarik izan da?
Egunez jende gehiago etortzen da, normalean. Izan ditugu 25 urtetan gorabehera batzuk: hasieran berbenetan jendea bazegoen; gero egon zen zulo bat, ez zala ezer egon, oso jende gutxi berbenetan; eta orain berriz ere, izugarrizko dantza pila egiten du jende gazteak, larunbatean gehien bat.
Azkenean, bizitza bezala da: urte batzutan ume gutxiago zegoen herrian, orduan, egunez jende gutxiago zegoen; gero, ume gehiago jaio ziren, beraz, jende gehiago dago egunez.
Eta horren arabera, moldatu egin ditugu festak jendeak eskatzen duenaren arabera. Adibidez, asto karrera eta gero bagenekien familia asko etortzen zirela, orduan, berez eguerdian ziren pailazoak arratsaldera pasa genituen.
Gaurko Asto Karrera eta biharko Sagardo dastaketa dira Portuko jaietako ekintza ezagunenak. Baina, zuek zer nabarmenduko zenukete?
Aurten azpimarratu nahi dugu Potato bezalako talde mitiko bat honera ekartzea; ilusio haundia egiten digu... eta esfortzu haundia izan da!
Sagardo dastaketa ere oso berezia da aurten. Erabaki dugu basoak eta pintxoak saltzen ateratzen den dirua Zaporeak Proiektuari emango diogula, beraz, sagardo dastaketa solidarioa izango da aurtengoa.
Hortaz aparte, asko gustatzen zaiguna da jaien bukaera; gaueko 00:00etan festa bukatzen denean, denak hemen [auzoko lokalean] biltzen gara, emozionatuta. Nekeaz aparte, emozioa sentitzen dugu.
Eta Donostiako suek ez dute zerikusirik hemen botatzen direnekin; hemengoak askoz hobeak dira.
«Auzokideei eta laguntzen duten guztiei, mila esker, eta horrela jarraitzeko, bestela, jai daukagu»
Esan duzuen bezala, sagardo dastaketako dirua Zaporeak Proiektuari emango zaio. Nolatan beraiei?
Komentatu genuenean erabaki genuen urtez urte beharra non zegoen ikusita erabakiko genuela nori eman. Oduan, aurten beharra hor ikusi dugu, eta gainera, Peio Garcia Amiano [Zaporeak Proiektuko kidea] ezaguna zenez, bertara bideratzea erabaki dugu.
Bukatzeko, zer esango zeniekete 25 urte hauetan zehar zuen alboan egon diren auzotar eta herritarrei?
Herritarrei, auzora jaistea animatzeko; eta auzokideei eta laguntzen duten guztiei, mila esker eta horrela jarraitzeko, bestela, jai daukagu!
Kuriosoa da: gu uztailaren erdialdean pasatzen gara etxez etxe dirua biltzera, eta urtez urte diru gehiago biltzen dugu. Askotan, nahiz eta bizilaguna etxean ez egon, gero etortzen dira guregana dirua ematera. Erantzuna oso ona da, eta pazientzia haundia daukate.