Landareko atarian elkartu, eta berehala eman diote ongietorria Genuari, inguruan zebiltzanek. «Hemendik lau urtera, berriro?», galdetu diote. «Ez dut uste!», erantzun du Genuak. «Ez da erraza», azaldu du. «Urtebete etxetik kanpo, familia ia ikusi gabe... Momentu oso onak, baina oso txarrak ere pasa ditut. Azken bi hilabetetan, bi egun bakarrik egin ditut etxean. Eta baten batek esaten dizu: etorri zara? Orain, lanera! Iritsitako tokira iristeko, lanik egin izan ez bagenu bezala!».
Itzuli berria zara Rioko Joko Olinpikoetatik. Bizitakoaz jabetu zara?
Uste dut ezetz. Oraindik ez zait iruditzen ezer berezirik egin dudanik. Badakit garrantzitsua izan dela, baina ez naiz kontziente. Txapelketa batean egon naiz, beste hainbat atletekin... COEko presidenteak esan digu kostako zaigula jabetzen.
Hernaniko Errugbi Elkarteari Riotik bidalitako bideoan zenioen «pertsona bezala hazi» egin zarela. Zertan nabaritzen duzu?
Kanpotik begiratuta, ikusten duzu kirolari bat, eta listo. Baina ikaragarria da zenbat sufritu duten, bi minutuko proba baterako. Errespetu haundia hartu diet. Ikasi egin dut lan hori baloratzen. Lanerako daukaten gaitasuna. Azken batean, emaitza askotan ez da nahi dena... Deskuido batengatik, garaipenak ihes egin dezake.
Kirola da nagusi, Jokoetan, noski. Baina zer gertatzen da egoitza olinpikoan? Festak, atleta ezagunak...
Festa gutxi ikusi dut nik! Irlandar bat mozkortuta bai, ikusi nuen! Phelps, Gasol, Nadal, Djocovic... Haiekin hitz egiteko aukera neukan, egoitza olinpikoan barrena ibiltzen den autobusean, adibidez. Ikaragarrizko esperientzia izan da. Denek elkarrekin egiten genituen otorduak, karpa haundi batean, eta han ziren gehientsuenak. Nadal bat, nahiz eta diruduna eta ospetsua izan, zure atzean jartzen zen kolan, bazkaltzeko!
«Beti saiatzen naiz ahal dudana erakusten, harrobitik datozenei»
Eta jokoari dagokionez, zein balorazioa egiten duzu? Aurkari gogorrak zenituzten.
Guk merezi eta lortutako oparia izan da Jokoetara iristea. Baina kirolaria izanda, eta jolasten hasita, konpetitu egiten duzu, irabazi egin nahi duzu. Pentsatu genuen Hegoafrika eta Australiaren kontra partidu txukunak egitea, Frantziaren kontra irabazteko aukera izatea... Baina azkenean, ezin. Hala ere, Keniari irabazi genion, eta arantza hori kendu genuen. Ez ginen barregarri geratu, eta egindako jokoarekin, gustora gaude.
Jokoak bukatuta, orain zer?
Orain artekoa epe jakin bat izan da, helburua zeukana Joko Olinpikoetara iristea. Orain entrenatzailea aldatuko da, baina ez dakigu nor izango den, ez zein proiekturen alde egingo den, ez dirua egongo den (dirurik gabe, kirol profesionala ezinezkoa da), ez nerekin gogoratuko diren... Etxean lanean jarraitzea daukat buruan, eta ahal dudanean, Hernanin jokatzea.
Etxeko goxotasunean... Nola hartu zaituzte lagunek, familiak...?
Lagunekin oraindik ez naiz izan! Tilosetan norbait azalduko ote zen galdetzekotan nengoen, whatsapp bidez! Familia eta gurasoak, berriz, oso harro daude, eta pozik, osorik bueltatu naizelako, eta dagoeneko etxean nagoelako. Klubean ere, kanpotik bueltatu naizen aldiro galdetzen didate zer moduz ibili naizen, eta ni saiatzen naiz ikasitakoa zabaltzen.
Aukerarik badago zazpiko errugbian eta maila horretan ikasi duzuna Hernanira ekartzeko?
Noski. Keinu teknikoak, adibidez, zazpiko errugbian edo hamabostekoan berdinak dira. Beti saiatzen naiz ahal dudana erakusten, harrobitik igotzen direnei. Laguntzeko prest egoten naiz beti, eta askotan, entrenatzean, inkontzienteki egiten dut!
Kritikak ere izan dira, Espainiako Selekzioarekin jokatu duzula eta. Eragiten dizute?
Ez asko. Nik beti nahi izan dut goi-mailan jokatu. Euskal Herriarekin ezin da, eta Espainiarekin nijoa. Goi-mailan, asko ikasi dut eta asko hazi naiz kirolari eta pertsona bezala. Eta amak erakutsi didan bezala, nork bere pentsamenduak izan ditzala.
Hemendik aurrera, asko al dauka Genuak, hazteko?
Joko Olinpikoak baino gehiago den zerbaitera iristea zaila da. Baina errugbian hazi naiteke pixka bat gehiago. Baina gero eta gogo haundiagoa daukat etxean hazteko, jatetxeari bultzada emateko. Familia, bikotea bertan ari dira, eta neri ere gustatzen zait. Gainera, errugbiak konpromiso haundia eskatzen du. Aurten konpatibilizatu ahal izan ditut, baina oso zaila da. Hala ere, auskalo. Etxean lasai nagoenean deitzen badidate, orain urte eta erdi bezala.... Orduan errugbia ia utzita neukan, eta Joko Olinpikoetan bukatu dut!