Danbor hotsez ere alaituko dituzte herriko kaleak, San Joanetan. Gaur gauean aterako da helduen danborrada, 23:00etan, Santa Barbara elkartetik, eta 00:00etan iritsiko da Plazara.
«45-50 lagun izango gara, barrilak, danborrak eta kantinerak kontutan hartuta», azaldu du Iñigo Aguilarrek, «eta urteroko talde berdina aterako gara, bi neska berrirekin, barrilak jotzen».
Hiru astetako entsaioen ondoren, makina bat kanta joko dituzte, «betikoak» eta azken bi urteotan gehitu dituzten berriak: Mendiriz Mendi, Debako martxa eta Caballería de Gallos. Aurretik, afaria egingo dute denek, elkartean.
Haurrena, bihar goizean
Haurren danborrada, berriz, bihar aterako da, 11:00etan, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteetako haurrekin. 50 bat izango dira Santa Barbarakoak, eta beste 40-45 Etxeberrikoak.
Bai haurrek eta bai helduek, asteartean egin zuten entsaioa elkarrekin, txarangarekin batera, Atsegindegin. Dena prest, beraz, kaleak danbor hotsez betetzeko!