«Gizakiok zerua babestu behar dugu, eskubidea dugu izarren argia ikusteko»

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 18a, 02:00

Gaztetatik du astronomiarekiko zaletasuna Aitor Bere­ciar­tuak. Lehen teleskopioarekin zerua behatzen hasi eta gai hauen inguruan interesa piztu zitzaion; lehendabizi espazioaren esplorazioan eta geroago astronomian. Denborarekin afizioa handitu eta astronomia modu profesionalean ikastea erabaki zuen Bereciartuak. Fisikako karrera burutu ostean, astrofisikan espezializatu, eta bi urte eman ditu Teideko Behatokian.

Zertan datza astrofisikak?
Astrofisika Unibertsoko objektu eta fenomenoen propietate fisikoak ikertzen dituen zien­tzia da, eta horretarako fisikaren legeez baliatzen da. Lur planetatik kanpo dagoen guztia ikertzen du, besteak beste: Eguzki sistema, izarren eta galaxien jatorria, konposizioa, egitura eta eboluzioa, izarrarteko ingurunea, izar sistemak, planeta-sistemak eta Uniber­tso­aren jatorria, egitura eta eboluzioa. Horretarako behaketak egiten dira Lurrean eta espazioan kokaturik dauden teleskopio eta instrumentu mota ezberdinekin. Hortik lortzen diren datuak teoria ezberdinen bidez edota ordenagailu simulazio bidez lortutako emaitzekin konparatzen dira, eta horrela, gorputz eta fenomeno hauei buruzko teoriak hobetu edota aldatzen dira. Azken finean, gure Unibertsoaren ezagutza handitzea da helburua.

Zein izan da zure lana Behatokian?
Teleskopioen operazioetan ibili naiz teknikari bezala. Alde batetik, gauez lan egin dut, teleskopio eta instrumentuak behaketarako prestatuz, behaketak egiten, astronomo bisitariei laguntza eskainiz, operazioak eta eguraldia kontrola­tzen, datuak prestatuz eta bidaliz, bisitak gidatuz. Horretarako, IAC-80, Carlos Sanchez, QUIJOTE, DIMMA eta MONS teleskopioak erabili ditut.
Zeruaren kalitatea ikertzeko behaketak ere egin ditut Kanarietako bi behatokietan. Gauero behaketa programa ezberdinak daude eta arlo ugari ikertzen dira: exoplaneten bilaketa eta karakterizazioa; kometen eta asteroideen jarraipena; izarren distira aldaketak, interakzioak eta oszilazioak; galaxia aktiboak… Gertaera bereziak ere ikusi ditut: 2014ko urtarrilean Messier 82 galaxiako izar batek izugarrizko distira aldaketa izan zuen egun batetik bestera eta ia egunero behatu genuen. 2014 urte bukaeran, Lovejoy kometa eguzkirantz hurbildu zen eta jarraipena egin genion. Bestalde, eguneroko lanean aritu naiz instrumentu bereziekin Eguzkia behatzen: Mark I, SHABAR eta GONG. Teleskopio hauekin Eguzkiaren azalera eta barrualdea nolakoa den jakin daiteke.

«2014ko urtarrilean Messier 82 galaxiako izar batek izugarrizko distira aldaketa izan zuen egun batetik bestera eta ia egunero behatu genuen»

Zein da behaketa baten prozesua?
Gaur egun, munduko behatoki profesional batean behaketak egiteko lehen pausua proposamen zientifiko bat aurkeztea da. Astrofisikariek beren ikerketak aurrera eramateko xehetasun guztiak azaldu behar dituzte idatziz: zein teleskopio eta instrumentu erabiliko dituzten, zer, noiz eta nola behatu nahi duten, zenbat denbora behar duten, zeruaren
kalitatea, eta abar. Adituez osatutako talde zientifiko batek proposamen guztiak aztertu eta baloratzen ditu eta, azkenean, onenak bakarrik aukeratzen dira, teleskopio gutxi eta behatzaile asko baitaude. Proposamen zientifikoa onartzen bada, astrofisikariak behatokira joango dira behar dituzten datuak hartzera. Beste batzuetan, teleskopioko teknikariak eta astronomoak hartzen dituzte datu hauek eta gero haiei bidaltzen dizkiete aztertu ditzaten.

Zenbat lagunek parte hartzen dute behaketa batean?
Normalean, teleskopio bakoi­tzean operadore bat eta astronomo-laguntzaile bat egoten dira astrofisikari bisitariei be­haketak egiten laguntzeko eta dena kontrolatzeko. Instru­men­tu mota ezberdinak dau­de: CCD kamerak, adibidez, irudiak hartzen ditu, espektrografoak objektuaren espektroa sortzen du (argia bere kolore guztietan deskonposatuz) eta polarimetroak argiaren polarizazioa neurtzen du. Behaketa hauek teleskopioaren ondoan edota beste toki batean dagoen gela batetik egiten dira (kontrol gela). Ordenagailuen bidez kontrolatzen da dena: teleskopioaren eta kupularen mugimendua, instrumentuaren era­­bilera, datuak hartu eta aztertu, eguraldiaren kontrola…

Zer da zulo beltz bat? Hori aztertzeko aukera izan al duzu?
Zulo beltz mota batzuk, masa handiko izarren eboluzioaren ondorioa dira. Biziaren bukaerara iristean, izar hauei barneko energia agor­tzen zaie eta grabitatearen ondorioz kolapsatu egiten dira, masa guztia oso eremu txikian kontzentratuz. Ondorioz, objektu hauek oso dentsitate handikoak dira eta ikaragarrizko eremu grabitatorioa sortzen dute, beren inguruan dagoen guztia erakarriz, baita argia ere. Beste zulo beltz mota batzuk, berriz, supermasiboak dira eta galaxia gehienen erdigunean aurki ditzakegu. Hala ere, zulo bel­tzak ezin dira zuzenean behatu, ez baitute argirik igortzen eta inguruko objektuetan sortutako efektuengatik antzematen dira. Nik behaketak egin ditut, batez ere, oso urruneko galaxien erdigunean daudenen inguruan, eta izar-sistema binarioak osatzen dituztenak ere aztertzeko aukera izan dut.

«Astronomian edota lotutako gai batean jarraitzea gustatuko litzaidake baina Euskal Herrian ez dago aukera handirik. Dibulgazioa ere gustukoa dut»

Turismo astronomikoan Starlight gidako titulua ere badaukazu. Zer esan nahi du honek?
Kanarietako Astrofisika Insti­tu­tuak eta Starlight Funda­zi­oak sortutako ziurtagiri bat da eta jendeari zerua erakusteko balio du. Starlight giden fun­tzioa turismo astronomikoaren inguruko zerbitzuak eskaintzea da, lekuko zeruaren baliabideak aprobetxatuz. Beraz, taldeak gauez eta egunez gidatzeko aukera ematen du zeruko objektuak instrumentu ezberdinekin eraku­tsiz, astronomiari buruz hitz eginez eta zerua babestuz. Zerua behatzeko iluntasuna behar dugu, baina gaur egungo argi kutsadurak izarrak ikusteko aukera asko mugatu digu, dagoeneko hiri handitan izar distiratsuenak baino ezin daitezke ikusi. Argi ku­tsadurak arazo larriak eragin ditu dagoeneko animalien eta gizakion bizitzan, eta horregatik Starlight giden funtzioetako bat arazo honi buruz jendea kontzientzia­tzea da. Itsasoa edo basoa babesten ditugun bezala, gizakiok zerua ere babestu behar dugu, eskubidea dugu izarren argia ikusteko.

«Gaur egungo argi kutsadurak izarrak ikusteko aukera asko mugatu digu, dagoeneko hiri handitan izar distiratsuenak baino ezin daitezke ikusi»

Astrofisikako beste zein alorretan ibili zara lanean?
Monitore bezala ibili nintzen udara batean Borobiako Beha­tegi Astronomikoan. Bertan astronomia saioak eskaintzen genituen jendearentzat. Gaue­ko saioan, konstelazioak erakusten genituen eta bukatzeko zeruko objektu batzuk begiekin ikusteko aukera ematen genuen 40 zentimetroko teleskopio baten bidez: Ilargia, Jupiter eta Saturno planetak, izar multzoak, nebulosak eta galaxiak erakusten genituen. Eguneko saioan, eguzki-orbanak eta protuberantziak erakusten genituen teleskopio bidez. Ikerketa munduan sar­tzeko aukera ere izan dut nire masterreko tesian. Lan honetan gure galaxian dauden masa ertaineko 88 post-AGB izar ikertu ditut Spitzer Teleskopio Espazialaren espektroak aztertuz. Izar hauek beren biziaren bukaeran daude eta hasierako ia masa guztia galdu dute beren inguruan hauts eta gasezko geruza bat sortuz. Ondorioz, nebulosa planetario bihurtuko dira oso denbora gutxian.

Etorkizunari begira, helburu ezberdinak izango dituzu. Astrofisikaren inguruan, zer ikertzea gustatuko litzaizuke?
Astronomian edota lotutako gai batean jarraitzea gustatuko litzaidake baina Euskal Herrian ez dago aukera handirik. Dibulgazioa ere gustukoa dut eta aukera bikaina irudi­tzen zait. Astrofisikaren inguruan, gustatuko litzaidake planeta-sistemak ikertzea, hau da, beste izarren inguruan biraka dabiltzan planetak nola sortzen diren, nolakoak diren eta nola eboluzionatzen duten. Izarren eboluzioa ere gai interesgarria iruditzen zait, batez ere nola sortzen diren eta nolakoak diren hauen biziaren azken uneak. 

 

Kanarietako Astrofisika Institutua

Kanarietako behatokiak bi dira: Teideko Be­ha­tokia Tenerifen, eta Roque de los Muchachos Behatokia La Palman. Munduko onenen artean daude, astronomia optikoa eta infragorria egiteko, Hawaii eta Txileko behatokiekin batera.
Gaur egun, behaketa astronomikoak modu profesionalean egiteko oso leku bereziak behar direla dio Bereciartuak: «argi kutsadura gutxi, atmosfera oso egonkorra eta gardena, behatzeko ordu asko… Kanarietako behatokiak oso ondo betetzen dituzte guzti hauek». Behatoki hauek babesteko Kanarietako Astrofisika Institutuak “Zeruko Legea” sortu zuen. Lege honek behatokietako eta inguruetako argiaren, erradiazioaren eta atmosferaren kutsadura eta aireko trafikoa kontrolatzen du. Gaur egun, 19 estatu ezberdineko 60 instituzio zientifiko baino gehiagok jarri dituzte beren teleskopio eta instrumentuak behatoki hauetan. Teideko Behatokitik aurkikuntza garrantzitsuak ere egin direla azaldu du: «1979. urtean bost minutuko eguzki oszilazioak aurkitu ziren Mark-I instrumentuarekin eta 1995ean lehen nano marroi izarra aurkitu zen Pleiadeak izar multzoan IAC-80 teleskopioarekin».

Teleskopio ugari
Behatoki honetan teleskopio ezberdinak aurki daitezke, batzuk gauean behatzen dute (aipagarriak IAC-80, Carlos Sánchez, OGS, STELLA eta SONG) eta beste batzuk egunean zehar erabiltzen dira Eguzkia ikertzeko. QUIJOTE I teleskopioak egun osoan behatzen du eta jarri berri den instrumentuak Unibertsoaren lehen momentuetako erradiazioa aztertuko du grabitazio uhinen bila.
Gauekoei dagokienez, denetarik behatzen dute: «gure Eguzki Sistemako objektuetatik hasi eta oso urrun dauden galaxietaraino heltzen dira. Asteroideen eta kometen jarraipena egiten da hauen orbitak zehazteko eta propietateak aztertzeko; izarren azalera eta barrualdea behatzen da propietate fisikoak eta kimikoak aztertzeko, pultsazioak neurtzeko edota denborarekin nola aldatzen diren jakiteko; galaxien morfologia, mugimendua, hauts eta gasak, izar multzoak edota elementu kimikoak aztertzen dira hauen jatorria, egitura eta eboluzioa ikertzeko; exoplanetak bilatu eta aztertzen dira atmosfera zerez osatua dagoen jakiteko».
Eguzkiaren kasuan, ikertu nahi dena da nola sortzen diren, nola eboluzionatzen duten eta zer nolako eragina duten bertan behatzen diren fenomenoek. Horretarako, batetik, Eguzkiaren atmosferako geruza ezberdinak beha­tzen dira; eta bestetik, Eguzkiaren barrualdeko geruzak ikertzen dira helio-sismologia metodoen bitartez, Eguzki uhinak nola hedatzen diren behatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!