Aurreko astean Orain Hernanik Hernani Erabaki 2014 prozesuan aukeratu zen proposamen baten «kudeaketa txarra» salatu zuen, Emakumeenganako indarkeriaren inguruko aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzeko zerbitzuarena, hain zuzen. Eta zerbitzu hori «sortzea» eskatu zuten.
Salaketa horri erantzuteko asmoz, Berdintasun Kontseiluak prentsa-oharra bidali du Kronikara.
Bertan diotenez, «Berdintasun Kontseiluan erabaki zen zerbitzu hau oraingoz martxan ez jartzea, horretarako zeuden arrazoiak pisuzkoak zirelakoan».
«Bi funtsezko aldaketa»
Horien artean, «bi funtsezko aldaketa izan dira proposamena oraingoz aurrera ez ematea erabakitzeko. Batetik, joan den legegintzaldiaren bukaeran, Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmen sendotu, zabaldu eta hobetu zituela indarkeria matxistari aurre egiten dieten emakumeentzako arreta soziojuridiko eta psikologiko zerbitzuak. Eta bestetik, Hernanin emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko Udal Protokoloaren azterketa egiten ari dela, esku-hartzean parte hartzen duten eragileen ezagutzatik abiatu eta egon litezkeen hutsuneak zein diren guztion artean detektatzeko».
Hori ikusita, Berdintasun Kontseiluaren ustez, «zentzuzkoa dirudi une honetan zerbitzu berri bat ez sortzea, arretarako zerbitzuen eraginkortasuna aztertzen ari baita».
«Gai hori lantzen den espazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu»
Hala ere, Kontseiluak dio gehien «harritu» dituena dela, Orain Hernani «informazio honen guztiaren jabe zela»; izan ere, «egin dituzten kontsulta eta galderei informazio zabala eskaini zaie bai Berdintasun Kontseilutik baita Berdintasun arlotik ere».
Hortaz, diote: «indarkeria matxistari aurre egiten dion emakumeen arretak kezkatzen baditu, gai hori lantzen den espazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu, gaia lehia politikotik eta ika-mika mediatikotik aldenduz».
«Ez dugu idatzi trukaketan aritzeko asmorik»
Bukatzeko, Berdintasun Kontseiluak argi utzi nahi izan du ondorengoa: «azalpen bat eskatzen zuela ikusirik idatzi hau ere prentsan argitaratzea erabaki dugun arren, [...] ez dugu idatzi trukaketan aritzeko asmorik».