Herria prest dago, apirilero bezala, Euskal Herriko dantzariei harrera egiteko. Gaurtik aurrera izango da hori, Hernanin egiten den hogeita batgarren dantzari festan. Gaur, txikienak izango dira protagonista; bihar, aldiz, helduek hartuko diete lekukoa.
Ttarlako txikiak, gaur goizean
Goizeko 11:30etan emango zaie hasiera XXIgarren Dantzari Festako ekintzei. Hernaniko Ttarla dantza taldeko txikiak izango dira herriko kaleak musika eta dantzaz bustitzen lehenak.
Ondoren, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Gipuzkoako beste zazpi taldetako txikiak batuko zaizkie eta denak batera dantzatuko dute: hasieran, agurra, eta bukatzeko, fandango-arin arina. Hernaniko kaleetan barrena ibiliko diren beste zazpi taldeak izango dira: Astigarragako Astigar, Zizurkilgo Bukalai, Urnietako Egape, Errenteriako Ereintza, Donostiako Eskola eta Trebeska, eta Irungo Ibarla Meaka. Gainera, Hernaniko erraldoi eta buruhaundiek ere beraiekin egingo dute kale-buelta.
Hori baino lehen, Musika Eskolako txalapartariek eta Bertso Eskolako bertsolariek saioa eskainiko dute.
Eguna borobiltzeko, Jeiki Hadi taldearen laguntzaz, erromeria egingo dute Atsegindegin.
Euskal Herri osotik helduak, bihar
Baina festa ez da orduan bukatuko, bihar izango baita helduen egun haundia. Goizeko 11:00etatik aurrera, Euskal Herriko hamasei taldek herriko kale eta auzoak zeharkatuko dituzte.
Hernaniko Ttarla dantza taldeaz gain eta Hernaniko Musika Eskolako kideen eta Erraldoi eta Buruhaundien konpartsaren laguntzaz, bertan egongo dira: Gipuzkoatik, Añorgako Arkaitz, Errenteriako Ereintza, Donostiako Eskola, Goizaldi eta Trebeska, eta Irungo Ibarla Meaka eta Kemen; Arabatik Gasteizko Adurtza; Bizkaiatik Bermeoko Alkartasuna; Nafarroa Garaiatik Elizondoko Baztandarrak, Iruñeako Ortzadar eta Iribaseko Basakaitz; Zuberoatik Larraineko Errege Txopitak; eta Lapurditik Donibane Lohitzuneko Begiraleak.
Talde bakoitzak bere ibilbide propioa egingo du herrian zehar, eta horren ondoren, 13:30ak aldera, Plazan elkartuko dira denak eta bertan denak batera dantzatuko dituzte: Agintari dantza, agurra, musikoak, fandango-arin arin eta larrain dantza.
Ondoren, 15:00ak aldera, dantzari eta soinujoleek, denak batera bazkalduko dute Atsegindegin. Bazkalondoren, erromeria egongo da, eta tartean, omenaldi sorpresa bat egingo dute antolatzaileek.
Euskal Herriko hamazazpi talde bilduko dira bihar, Hernaniko kaleetan.
Euskal jantziei buruzko erakusketa eta hitzaldia, datorren astean
Dantzari Festako egitarauaren barruan, urtero egiten den bezala, euskal jantziei buruzko erakusketa antolatu dute datorren asterako. Etzi inaguratuko dute, eta ostiralera arte izango da bisitatzeko aukera. Biteriko erakusketa aretoan egongo dira jantziak ikusgai, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.
Ildo beretik, jantziei buruzko hitzaldia eskainiko du Ramon Garcia adituak datorren ostegunean. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Errenteriako Iraultza dantza taldeko kideak, XIX eta XX trantsizioan euskaldunek zeramatzaten jantziez, gaur egun baserritar jantzia deitzen denaz, hitz egingo du aurten.
Erromeriak emango dio bukaera festari, datorren larunbatean.
Erromeria, bukatzeko
Dantzari Festaren hogeita batgarren edizioari bukaera emateko, hileroko erromeria egingo dute datorren larunbatean Jaiki Hadi taldearen eskutik. Arratsaldeko 18:30etan izango da, Plaza Berrin.
Ramon Garcia: «Baserritar jantzia errespetu gutxirekin tratatzen da»
XXIgarren dantzari festaren astearen bueltan euskal jantzien erakusketa antolatu dute apirilaren 10etik 16ra, eta horri lotuta, jantziei buruzko hitzaldia emango du Ramon Garcia adituak datorren ostegunean, 19:00etan, Biterin.
Urtero eskaintzen duzu hitzaldia Hernanin euskal jantziei buruz, zein gai jorratuko duzu aurtengoan?
Orokorrean era guztietako jantziei buruz hitz egingo dugu, baina batez ere gaur egun baserritar jantzia deitzen dioguna izango dugu hizpide. Hori da XIX mende bukaeran - XX. mende hasieran, hau da mende aldaketan, baserritarrek erabiltzen duten jantzia.
Gaur hasten den dantzari festan, zure ustez, zein garrantzia daukate jantziek?
Niretzat jantziak ikaragarrizko garrantzia dauka horrelako egun batean, eta arazoa da errespetu gutxirekin tratatzen dela: inauterietako mozorro gisa tratatzen da, eta ez da mozorroa, gure arbasoen janzkera baizik. Jendeak mozorro gisa duela esaten dut herri askotan ikusten ari naizelako, gizonezko asko emakumezko jantziarekin jantzita eta alderantziz. Horregatik, errespetua galtzen ari dela uste dut.
Orokorrean, nola baloratuko zenuke horrelako ekitaldi batean parte hartzen duten dantza taldeen janzkera?
Dantza taldeak gero eta hobeto janzten dira. Aurrekoa herritarrengatik esaten nuen.
Orduan, nola janzten gara herritarrak? Zer egiten dugu gaizki?
Baserritar jantzia era batekoa da, orduan nire ustez, horrela joan nahi ez baduzu, joan galtza bakero batzuekin; eta ez izorratu baserritar jantzia. Adibidez, buruko zapiak esanahi bat zeukan emakumezkoentzat eta galdu egin da erabat, denek esaten dute: «traba egiten dit» edo «itsusitu egiten dit». Gezurra. Baserritar emakumezkoek zapia oso ondo jarrita eramaten zuten, eta ez zien itsusi egiten. Orduan hori jada galdu egin da. Era berean, oinetakoak ere galdu egin dira, bakoitza nahi duenarekin joaten da eta hori ere arazo bat da: alpargatekin, zapatekin edo abarkekin joan behar da. Txapelarekin berdin, beroa ematen duelako edo gerrikoarekin, asko estutzen omen duelako. Puntu horretara iristen ari gara. Orduan, nire ustez, zenbait arropekin deseroso sentitzen den jendeari esango nioke galtza bakeroetan joateko, egun normal batean joaten den bezala, eta ez izorratzeko trajea.
Baina aukerarik ba al dago tradiziotik ihes egin eta gaur egunera moldatzeko?
Nik uste dut tradizioa jarraitu behar dela, izan ere, gure arbasoek eraman duten zerbait da. Orduan, zertarako aldatu? Zentzugabea iruditzen zait aldatzea.
Hori ikusita, ze gomendatuko zenieke herritarrei egokiago jantzi daitezen?
Nik galdetuko nioke ea benetan baserritarrez jantzi nahi duen ala inauterietan hartu nahi duen parte. Inauteria urte hasieran da, martxoa inguruan; orduan nahi duten bezala jantzi daitezela, horretarako baita inauteria: jendea desmadratzeko, katxondeoarekin… Baina erromeria bat katxondeoa da hein batean, eta baserritar jantzia jarri nahi baduzu, mesedez, egin ezazu errespetu pixka batekin.
Eta dantza taldeei, ze gomendio emango zenieke janzkera hobetzeko?
Nire ustez taldeetan informazioa falta da, taldea zuzentzen dutenen artean. Talderen bateko dantzari bat kalean aurkitu eta galdetzen badiozu zertaz dijoan jantzita, agian ez daki esaten. Horregatik, nire ustez, informazioa falta da, izan ere, gero eta hobeto janzten dira taldeak, duintasun eta errespetu gehiagorekin. Hala ere, beharrezkoa da jantzi bat daraman dantzariak jakitea zehazki zertaz dijoan jantzita: zergatik darama jantzi hori?, noiz erabiltzen zuten jantzi hori?...
EGITARAUA
Gaur
11:30 Ttarlako dantzari txikienen irteera eta dantza emanaldia. Erdiguneko kaleetan (euria egingo balu, Atsegindegin).
17:00 Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia. Erdiguneko kaleetan (euria egingo balu, Atsegindegin).
19:00 Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Atsegindegin.
Bihar
11:00 Kalejira Hernaniko kaleetan zehar, eta dantza ekitaldia Hernaniko kale eta auzoetan zehar. Euria egingo balu, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian.
13:30 Dantza talde guztiek dantzatuko dute: agintari dantza, agurra, muxikoak, fandango-arin arin eta larrain dantza. Plazan.
15:00 Bazkaria dantzari eta soinujoleentzat. Atsegindegin.
Ondoren: Erromeria eta omenaldi bat.
Apirilaren 11tik 15era
17:00-20:00 Euskal jantzien erakusketa. Biteri kultur etxean. Antolatzailea: Iraultza Dantza Taldea.
Apirilaren 14an
19:00 Hitzaldia: Baserritar jantziak. Hizlaria: Ramon Garcia (Iraultza Dantza Taldea). Biteri kultur etxean.
Apirilaren 16an
18:30 Erromeria Jeiki Hadi taldearekin. Plaza Berrin (euria egiten badu, Atsegindegin).