Orain Hernanik eta Ahal Du Lasarte Puedek prentsa oharrean azaldu dutenaren arabera, proposamen bat egin dute, «udaletxeetako kontuak biztanleentzat eskuragarri egoteko». Era berean, «udaleko administrazio guneari banka etikoarekin lan egitea» proposatu diote.
Gastu administratibo guztiak bistara
Proposamenaren helburua da, batetik, «gardentasuna eta biztanleek kontuen mugimendu eta egoeraren berri izatea».
Zentzu horretan, proposatu dute «Hernani eta Lasarte-Oriako udaletxeen kontuak irekiak eta eskuragarriak aitortzea, biztanle guztiek nahi dutenean kontsultatu ditzaten aurrekontu, hitzarmen, dirulaguntza eta gastu administratibo guztiak. Horrela, mugimenduak eta egoerak ikusiko lirateke, beti ere, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoa beteta». Gainera, informazioa «modu sinplean» agertuko litzateke; «deskargatzeko moduan, berrerabiltzeko edo beste norbaiti bidaltzeko». Bestalde, proposamenean bildu dute «udal administrazioak banka etiko eta sozialarekin lan egitea sustatzea».
Aplikazioa, «borondate politikoan»
Azaldu dute, baita ere, proposamena aplikatzea «borondate politikoaren esku» dagoela. «Ez da langile gehiago behar, eta behar den softwarea bertan dago». Eta azpimarratu dute «garapenerako biderik onena, eta korrupzioaren aurka borrokatzeko bide ezinhobea» dela.