«Adostasun soziala ahalik eta haundiena izan dadin, prozesuak zabala izan behar du zentzu guztietan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 12a, 01:00

Herri galdeketaren prozesua sustatu nahi duen taldeko kide zarete. Zein helbururekin?
Modu oso orokor batean esanda, galdeketa aurrera eramango duen prozesua martxan jar­tzeko.

Aurreneko batzarra egingo duzue gaur. Hortik aurrera, zein izango dira emango dituzuen pausuak?
Bere garaian herritar talde bat elkartu ginen Gure Esku Dagokoekin. Kontsultari buruz hitz egin genuen, eta, horrelako prozesu bat abian jartzeko, beharrezko jo zen herri batzarra deitzea, egin nahi dena Hernaniko ahalik eta jende gehienari azaltzeko: herri plataforma bat eratu nahi dugu, galdeketaren prozesua egin ahal izateko; eta hurrengo urratsa, Aste Santua pasa eta gero, plataforma eratuko duten pertsonak biltzea izango da, lehenengo erabakiak hartzen hasteko. 

«Bere ugaritasunean sentsibilitatez oparoa izatea nahi dugu».

Herri batzarrean parte hartzen duten guztiek herri plataforma osatuko dute?
Hori bakoitzak erabakiko du. Oraingoz, hernaniar talde bat bagaude batzar honen atzean. Galdeketa eta plataformaren eraketa proposatzeko deitu dugu bilera. Bata bestearen eskutik doa, izan ere, talde hori beharrezkoa da, prozesu hori guztia bultzatzeko. Hala erabakitzen dugunok plataforma hori eratuko dugu; eta, horren ondoren, prozesu hau norainokoa eta nolakoa izango den ikusiko da, partehartzaileen araberakoa izan behar baitu. Gaur, proposamenak zer-nolako erantzuna jasotzen duen ikusten hasiko gara. Edozein kasutan, azpimarratu nahi dugu behin plataforma eratuta ere, atea beti zabalik geratuko dela nahi duenarentzat.  

Herri batzarrerako deialdian diozue «aniztasuna eta pluraltasuna bermatu» nahi dituzuela. Nola egingo duzue hori?
Horretan ari gara. Batetik, bilera honetarako egiten ari garen deia bide askotatik zabaltzen ari gara: sare sozialetan, komunikabideetan, baita ahoz aho eta gutun pertsonalizatuen bidez ere, betiere aniztasun horren bila gabiltzala azalduz. Bere ugaritasunean sentsibilitatez oparoa izatea nahi dugu, eta, horrez gain, eremu eta sektore desberdinetako jendea ere gerturatzea. Hori da inportantea: aniztasun ideologikoa ez ezik, adin, jatorri... aniztasuna ere bai. Kontuan hartu behar da prozesu partehartzaile bat proposatzen ari bagara, helburua adostasun soziala dela eta ahalik eta haundiena izan dadin, prozesuak zabala izan behar duela zentzu guztietan, bai kopuru aldetik baita kualitatiboki ere. 

«Noiz egin edo galdera zein izango den herrian jasotakoarekin erabakiko da».

Herri plataforma jada sortua, zein pausu emango ditu herri galdeketarantz?
Egun hori iritsi arte, bide bat egin behar dugu guk, hernaniarrok, elkarrekin guztia prestatzeko; eta galdeketarantz egin behar dugun bide horrek hainbat ezaugarri izateaz gain, eskakizun legal batzuk ere baditu. Hasteko, herri plataforma eratu eta legeztatu behar da, sinadurak bildu, kontsulta bera deitu, iragarri… Baina azpimarratu nahi duguna beste alderdi bat da: prozesu ireki eta partehartzailea izateak esan nahi du galdeketari buruzko erabakiak hernaniarrek egindako ekarpenekin hartuko direla. Bestela, kontraesankorra da adostasun soziala bilatzea eta erabakiak aldez aurretik emanda etortzea. Horregatik, adibidez, noiz egin edo galdera zein izango den herrian jasotakoarekin erabakiko da. Hori bai, plataforma martxan jartzeko zenbait aurreikuspen egin dira. Lan talde batzuk aurreikusi dira, argi baitago eginkizunak banatu egin behar direla, baina, esate baterako, gaur egingo den batzarrean aukera emango zaio jendeari  bestelako proposamenak ere egiteko. Gero, koordinazio bat egongo da denon artean.

Orduan, galdeketaren inguruan ez daukazue ezer zehaztuta, ezta?
Prozesuaren pausoak, galdeketa egitea zehaztuta dauden arren, horien gauzatzea plataformako partaideentzat irekiko da, haien ekarpenak kontuan hartuko baitira.

Eta gutxi gorabehera, prozesuak zenbat denbora eramango duen aurreikusi duzue?
Aurreikuspenik ez daukagu. Udazkenerako edo, beranduenez, hurrengo urtearen hasierarako. Edozein kasutan, behin plataforma eratzean eta prozesuaren pausuak adostean, or­duan jarri ahal izango dugu data.

Galdeketa egin eta emaitzak eskuartean dituzuenean, herri plataformak paperen bat izango al du?
Bai, Euskal Herriko hainbat tokitan kontsultak prestatzen ari direla kontuan hartuz, gure plataformak ere nazio mailako kontsulta sustatu dezakeela uste dugu. Bestalde, polita iruditzen zaigu galdeketa egin nahi duten inguruko herriekin kontsultaren data adostea (Buruntzaldekoekin, Urumea ibarrekoekin...), baina ez dakigu horretarako aukerarik izango dugun.

Bukatzeko, zergatik animatuko zenituzkete herritarrak horrelako prozesu batean parte hartzera?
Garrantzizkoa da bai norbanakoak eta baita gizartea ere jabetzea herriak guk geuk era­tzen eta eraikitzen ditugula eta, hortaz, erabakitzeko eskubidea guri dagokigula ohartzea. Dagoeneko ikusi dugu eguneroko bizitzan eragina duten gaiei buruz erabakitzeko prest gaudela: atez-atekoa, zabor-erraustegia, udaleko aurrekontuak zein proiektutan nahi ditugun erabili... Errealista deritzogu gure etorkizunean eragina duten erabakiak hartzeko prest gaudela pentsatzea. Gainera, herriarentzat onuragarria izango dela uste dugu, nolabait etorkizuna denon artean elkarlanean irudikatuko dugulako, eta Herria eraikitzeko beste modu bat ikasiko dugulako. 
Galdeketaren proposamenaren oinarrian sinesmen bat dago: herritarrok erabakitzeko eskubidea dugu. Horregatik, zer-nolako etorkizuna nahi dugun esateko herri galdeketa proposatzen dugu.

Kriseiluak botako dituzte gaur, Zinkoenean

18:30etan egingo dute txokolatada, Plaza Berrin, eta 20:00etan hasiko dira kriseiluak botatzen, Zinkoenean.

BI aldiz atzeratu behar izan duten Argitu Erabakia ekimena egingo du gaur Hernaniko Gure Esku Dagok. 
Plana bera izango da: hasteko, 18:30etan txokolatada egingo dute Plaza Berrin, eta gero botako dituzte kriseiluak Zinko­eneatik. Azken honen ordutegia, ordea, aldatu egin dute: iluntzeko 20:00etan hasiko dira zerua argitzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!