«Ia ziur nekien ondo erantzun nuela, baina ez nintzen fio»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 5a, 01:00

Platoa aurrenekoz zapaldu, eta zakua irabazi! Espero zenuen?
Inondik ere ez! Helburua kaleratua ez izatea zen, eta egia esan dezente sufritu nuen, aurreneko proban pattal ibili nintzen eta. 

Etxean entrenatzen zenuen?
Ikaskide bat Buruberon izan zenetik hasi nintzen saioa ikusten, eta horrela, etxeko sofatik galderak erantzuteaz gain, probekin pixkanaka ohi­tzen joan nintzen. Baina ez dut uste hori entrenatzea denik!

Txukun hasi ez, baina bikoteka, tandem ederra osatu zenuen Izarorekin. Zein probatan aritu zinen erosoen?
Erosoen, Non gaude proban. Beti gustatu izan zait geografia, eta nahiko ondo ibiltzen naiz orokorrean herriak, mendiak... mapan kokatzen. Bikotekako probari dagokionez, esan beharra daukat Izarori esker lortu nuela, behin baino gehiagotan, Buruz Burukoa jokatzeko txartela. Eta zakua eraman nuen saioan ere bai. Oso ondo moldatzen zen bikoteko probatan, intuizio ikaragarria dauka!

«Jakin-mina eta memoria ona izatea ezinbestekoak dira»

Finaleko gaia, Unibertsoa. Ondo dominatzen duzu?
‘Dominatu’ hitza erabiltzeko adina ez, baina betidanik jakin-mina piztu didan gaia da, eta hainbat dokumental ikusiak ditut gaiaren inguruan. Uni­ber­tso­ari buruzko oinarrizko no­zioak ditudala esan genezake.

Dena ondo eran­tzun zenuela jakiteko, bakarra falta zela, zer sentitu zenuen? Ordurako bazenekien irabazi zenuela?
Ia ziur nekien azken galdera on­do erantzun nuela, baina Ki­kek zuzena zela esan arte, ez nin­tzen erabat fio. Iraba­zi­ta­ko­an, egindakoaz kontziente ez nin­tzela irudi­tzen zait. Oso ur­du­ri nengoen lehendabiziko pro­grama zelako; izerdi patsetan nengoen, gainera! Horren adi­bide da, kamaren aurrean nahiko hotz jokatu nuela. Dena den, denbora bat pasata, izugarrizko poza eta euforia sentitu nuen.

Iritsi eta 27.000 euro poltsikora. Eta hurrengo bost saioetatik hirutan finaleraino iritsita, 27.800 eurorekin, etxera! Zein da sekretua?
Batetik, garrantzitsua da gai ezberdinei buruzko ezagutza izatea, eta horretarako jakin-mina eta memoria ona izatea ezinbestekoak dira. Bestetik, zorteak ere bere papera joka­tzen du, galderen gaiei dagokionez. Nik une egokian leku egokian egotearen zortea izan nuen.

Zakua irabaziz gero, Korsikara joateko asmoa azaldu zenuen. Mantentzen duzu?
Korsikara zehazki ez dakit, baina bidaiatzea gustuko dut, eta bidaia bat egiteko asmoa daukat. 

Beste lehiaketarik probatzeko gogoa piztu al dizu honek?
Ez dut baztertzen, eta jendea Buruberon parte hartzera animatuko nuke: esperientzia polita da eta kameren atzean oso giro ona dago. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!