Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak eta Topaguneak antolatuta, 2016ko Laburbirak Hernanin egingo du aurreneko geldialdia. Datorren ostegunean izango da hori, hilak 25, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Biteri Kultur Etxean.
Film Laburren Zirkuituaren hamahirugarren edizioan, 8 film labur ikusteko aukera izango da, eta denera 76 minutuko iraupena izango du saioak.
Laburrak ikusteko aukera, eta gehiago
Saioan parte hartzeko, sarrerak salduko dira, 2 euroan. Dena den, Dobera-Kronikako bazkideek sarrera debalde izango dute.
19:00etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta hiru zati izango ditu. Aurrenekoan, aurtengo Laburbiran parte hartzen ari diren euskerazko 8 film laburrak emango dira. Gero, bertaratutakoek Ane Urkiola Zea Bingo filmaren zuzendariarekin solasteko aukera izango dute. Eta azkenik, ikusleen artean Doberak bere produktuen zozketa egingo du.
8 labur eta 76 minutu
Aurreneko zatiak, laburren emanaldiak, alegia, 76 minutu iraungo ditu. Film oso anitzak ikusi ahal izango dira, antolatzaileen esanetan, «barrea, beldurra eta tximeletak piztuko zaizkizu sabelean ordu eta erdi inguruko emanaldi honetan».
27 herri bisitatuko ditu
Hernanin hasiko den 2016ko Laburbirak beste 26 herritan egingo du geldialdia otsailaren 25etik martxoaren 20ra arte.
Herri guztietan helburua bera izango da: «kerazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskeraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei geurean sortutako perla hauez gozaraztea».
AURTENGO LABURRAK
- Zea Bingo (Ane Urkiola)
- Erreplika (Iñigo Gaiton)
- Jorrai (Uda Films)
- Fishura (Yago Mateo)
- Bere bizitzetako bat (Aitor Gametxo)
- Brunilda (Eriz Alberdi)
- Hartz txiki (The Arlotes, Uraitz Soubies)
- Semeak (Iker Azkoitia)