Astigarragako Bordatxo baserrian hazi zen Txoni Benito Gaspar. «Baserriko beheko plantan bi familia bizi ziren, eta aurrenekoa alkilatu egiten zuten. Han bizi ginen gu beste 3-4 familiarekin. Eskerrak eman nahi dizkiot familia hari, ez baitzen erraza garai hartan etxebizitza lortzea!».
Baina jaio, La Roca de la Sierran, Badajozen egin zen. Astigarragan, pelukero jarri zen aita, Pastoriza tabernaren ondoko lokalean. «Eta atzean Elizpe taberna zegoen, orain Kupela dena. Han ere egiten genuen lan».
Etxetik datorkizu zuri pelukero izateko afizioa...
Aita izan zen Gaspar pelukero sagaren sortzailea, eta 25 bat pelukerori erakutsi digu ofizioa. Ez zen bereziki gustatzen zitzaidan zerbait, baina garai hartan, aitarekin hasi eta... Munduko edozein txokotan egin dezakezu lan pelukero ofizioan; hala erakutsi zigun aitak. Esaten zuen, beste ezer eduki ezean, hura izango genuela, gutxienez.
Aitarekin ikasita, zuzenean lanean hasi zinen?
Aitarekin ikasten ari nintzela, izeba bat, akademian ikasten ari zena, haurdun geratu zen, eta ni hasi nintzen akademian bere partez, plaza ez galtzearren. Aurrena, emakumeentzako pelukero egin nintzen! Bi urte egin nituen Guayar akademian, Donostiako Secundino Esnaola kalean; 65-67 urteetan, 17 urte nituen. Eta aldi berean, 65ean Amarako Autoservicio Onenan rekadista izan nintzen. Hango nagusia bai gizon ondradua! Orduan kotizatu nuelako hartu ahal izan dut erretiroa 65 urterekin! Era berean, aitaren Astigarragako pelukerian eta Elizpe, familiako tabernan ere aritzen nintzen.
«Herriak aldatu zion izena; Menly ileapaindegia zen gurea, baina Plazako pelukeria deitu zion jendeak»
Eta halako batean, Hernanira. Noiz etorri zineten Plazara?
Uste dut 71ko abenduan ireki genuela Plazako pelukeria. 70ean Amaran aritu nintzen lanean, aitaren lagun batekin, eta gero, anaia eta biok Huelvan ere aritu ginen. Bitarte horretan, aitak tratua egitea lortu zuen Joakin Zubeldiarekin. Berari esker izan ez balitz, ez genuen pelukeria eskuratuko! Asko eskertzen dut Zubeldiaren laguntza! Ireki genuenean, soldaduska egiten ari nintzen Loiolan. Baina pernokta neukan, eta beraz, arratsaldetan pelukerian aritzen nintzen lanean, eta etxean egiten nuen lo.
Urte asko egin zenituzten han.
Aita, anaia eta hirurok hasi ginen, eta hiru urtera, Usurbilgo Jose Leon Arriaga hasi zen gurekin. Hark Usurbilen jarraitzen du orain, eta, goraintziak! Uste dut Menly izena zuela ileapaindegiak, baina herriak aldatu zion izena; Plazako pelukeria deitu zion jendeak. Gerora, ilobak ere aritu dira. 6 aritzen ginen lanean. Gero, duela 20 urte anaiak Gaspar ireki zuen Elkanon, eta ni Plazan geratu nintzen eraikina bota zuten arte, 2004an. Orain Gasparren ilobak jarraituko du. Astelehenean irekiko du, dena berrituta!
«Aita izan da Gaspar pelukero sagaren sortzailea, eta 25 bat pelukerori erakutsi digu ofizioa»
Zuek bezain ezagun egin zen atariko ahatea ere!
Belaunaldi askotatik pasa zen ahatea! Aitaren ideia izan zen, eta oso ona! Ume asko negarrez etortzen ziren, eta han bueltaxka emanda lasaitzen ziren. Baina akatsa egin dugu! Eraikina botatzean ez genuen gorde! Plazaren erdian jartzeko eskatu behar genion udaletxeari!
Moda kontuetan, berriz, punta-puntan aritzen zineten?
Anaia Eustakio izan zen moda sortzaileetako bat, eta Hernaniren izena zabaldu zuen hor zehar. Eskertu egin beharko litzaioke. Espainiako goi mailako pelukeroen azpitxapeldun izan zen; Euskadiko txapeldun modalitate guztietan; hirugarren Zaragozan; laugarren Nafarroan; Gipuzkoako txapelketa dezente ere irabazi zituen...
«Anaia Eustakio izan zen moda sortzaileetako bat; Espainiako goi mailako pelukeroen azpitxapeldun izan zen»
Zein izaten zen estiloa?
Ile luzea eramaten zen, Beatles taldekoek bezala. Lan asko egiten genuen melenarekin, oso ‘repeinatua’, korte klasikoarekin. Orain informalagoak izaten dira. Eta badago beste linea bat, oso modernoa, futbolariena eta. Gustatzen zait, eta badago jendea horrelako marrazkiak egiten dakiena. Oso zaila da.
Bezeroa, beti konforme?
Sustoren bat izaten zen, belarria moztu eta... Orduan asko erabiltzen genuen labana. Orain kutxilla erabiltzen da, eta badauka ez mozteko topea. Baina labana... Arkoak egin, marra zuzena, lepoko kortea... Batzuetan pasatzen da! Afeitatzea zaila da. Aita, 88 urte dauzka orain, artista zen. Behin apustua egin zuen Astigarragako Polipasorekin; boxeolaria zela uste dut. Aitak esan zion lehorrean afeitatuko zuela, eta ez zuela batere minik sentituko. Hiru ordu pasa zituen afeitatzen, baina irabazi egin zuen!
Orain, erretiroa hartuta, ez al duzu lanaren falta sumatuko?
Lana ez. Nahikoa egin dut! 12-13 ordu egiten genituen lan, eta larunbatetan, gaueko 01:00ak arte! Boligrafo deitzen zioten udaltzaina etortzen zen, multa jartzera! Falta sumatuko dut hernaniarrek erakutsi didaten esker onarena eta ni ere eskertuta nago: Maestro, ¡va por ustedes! Orain, denbora izango dut sukaldean ikasteko, bilobekin egoteko, berriro euskera ikasteko, korrika egiten segitzeko...