TXOTX denboraldiaz gozatzea sagardotegi batean jatea baino gehiago dela erakusteko, aurten ere lau plan eskainiko ditu Hernaniko Udaleko turismo sailak kanpotarrentzat, baina baita bertakoentzat ere: Sagardoa historian zehar. Erdi Aroko Hernani ezagutzeko ibilbidea esperientzia; Hernani, Erdi Aroa, Sagardoa pakete turistikoa; ibilbidea tren berdean eta bisita gidatua hirigune historikotik.
Horrez gain, turismo informazio-puntu berezia ere jarriko dute, urtero bezala. Otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetan egongo da irekita Biteriko plazan, larunbatetan eta Ostiral Santu egunean goizeko 10:15etatik 14:15etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara; eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 15:00etara.
Erdi Aroa eta sagardoaren kultura ezagutzeko, pare bat aukera
Hernani, Erdi Aroa, Sagardoa izenburua du, aurreneko planak. Larunbatero egiteko aukera izango da, 10:15etan hasita. Erdi Aroko Hernani ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du, baita sagardoaren kulturan murgiltzekoa ere.
Ibilaldia hirigune historikoan hasiko da; bertatik bueltaxka gidatua egingo da oinez, Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua dagoen hirigunea ezagutzeko.
Ondoren, tren berdea hartu eta sagardotegira eramango ditu bisitariak. Hernaniko hirigunetik sagardotegira dagoen bidea gidaren azalpenak entzunaz egingo da. Egokitutako sagardotegira iristean (Iparragirre edo Itxas-Buru), sagardogileak emango die ongietorria bisitariei, eta berak zuzenduko du ondoren egingo den sagardo dastatzea. Kasu honetan, haurrek muztioa edateko aukera izango dute. Plana bukatzeko, tren berdea hartu eta irteera puntuan utziko ditu bisitariak.
Guztira hiru ordu eta erdiko esperientzia da, eta talde txikiei zuzenduta dago, 8 lagun, gutxienez, eta gehienez, 20. Prezioa desberdina da adinaren arabera: 3 urte arte doan; 4-15 urte 5 euro, eta 16 urtetik gora, 10 euro.
Ildo beretik, bigarren eskaintzak Sagardoa historian zehar. Erdi Aroko Hernani ezagutzeko ibilbidea du izena. Aurrekoarekin konparatuta, desberdintasuna bakarra da, bazkaria barne duela Iparragirre edo Itxas-Buru sagardotegian. Hori dela eta, prezioa ere aldatzen da 4 urtetik gorakoentzat: 4-15 urte bitartekoek 23 euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek, 40 euro.
Bi kasuetan azalpenak lau hizkuntzatan entzuteko aukera egongo da: euskera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Gainera, parte hartzeko erreserbatzea ezinbestekoa da: webgunearen bitartez (www.hernaniturismoa.com), emailez, gurutze-a@hernani.eus edo 943 33 70 28. Turismo gunean ordaindu eta hartu beharko dira tiketak, plana hasi aurretik.
Tren berdean bueltaxka, haurrentzat
Haurrek ere badute plana aurtengo txotx denboraldian zehar. Otsailetik apirilera, larunbatero, tren berdeak 20-25 minutuko bueltaxka emango du Hernaniko inguruetan zehar eta, bidean zehar, istorioak entzungo dira.
Hiru ordutegi desberdin egongo dira, bi euskeraz eta bat gaztelaniaz: euskerazkoak 16:45etan eta 17:45etan izango dira, eta, gaztelaniazkoa, 17:15etan.
3 urtetik beherakoek ez dute ezer ordaindu beharko, 4-15 urte bitartekoek, euro bat, eta 16tik urtetik aurrera, bi euro. Kasu honetan, ez da aldez aurretik erreserbatu behar.
Hernaniko hiriguneko sekretuak ikusgai, bisita gidatuan
Azkenik, hirugarren plan bat proposatu du Udalak: hirigune historikoan zehar bisita gidatua. Otsailetik apirilera igandero egingo da, eguerdiko 12:00etan hasita.
Bisitak irauten duen ordu eta erdian, Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua dagoen hirigune historikoan zehar oinezko ibilbidea egingo da, gidak ikusten denaren inguruko azalpenak ematen dituen bitartean.
Plan hau debaldekoa da eta Hernani sakonago ezagutzeko interesa duen edonork hartu dezake parte. Igandetan 12:00ak baino lehenago Biteriko turismo informazio-puntura gerturatu besterik ez du.