Abenduaren 3an hasi zen Auzitegi Nazionalean, Batasuna, ANV eta EHAKren kontrako epaiketa. 35 lagun egon dira auzipetuta, ETAko kide izatea leporatuta. Horien artean bi, hernaniarrak izan dira: Nekane Erauskin eta Alazne Arozena. Atzo goizeko 10:00etan zen hastekoa saioa, eta fiskaltzak eskatutako lekukoen deklarazioarekin jarraitzea zen asmoa. Ordu erdi atzeratu zen hasiera, eta bi alderdien arteko akordioa lortu zen. Auzipetuek akusazioa onartu zuten eta «indarkeriazko jarduera ororen» kontrako konpromisoa ere azaldu zuten, eta espero zutela, aitortza horrek balio izatea biktimen oinazearen «erreparaziorako».
AVT eta Dignidad y Justiciak onartu egin zuten aitortza medio, zigorrak murriztea. Hala, urte eta erdi eta bi urte bitarteko zigorrak ezarri zizkieten guztiei eta beraz, auzipetuak ez dira espetxera joango.